Tadej Pogacar (UAE) txirrindularia aurtengo Giroko irabazletzat hartu dute askok gaur, 25 urteko esloveniarra argi gailendu ostean Italiako lasterketaren etapa nagusian. 222 kilometro egin ditu gaur pelotoiak, Manerba del Garda eta Livignoren artean, eta gailur elurtuen artean amaitu da etapa. Izan du emozioa, Nairo Quintanak (Movistar) ihesaldia egin baitu helmugatik 20 kilometrora, eta, etapa amaitzeko 15 kilometro falta zirenean, hiru minuturen aldea ateratzen zion Pogacarri.
Ihesaldiak izan dira etapako protagonistak. Hasieratik egin dituzte ihes egiteko saioak, baina ez dute Pogacar urduri jarri. Pogacar pelotoian geratu da, eta iheslariak behin bost minuturen abantaila hartzera heldu dira, jaitsieran. Askok pentsatu dute ihesaldiak arrakasta izango zuela, Pogacarrek ez duelako erreakzionatu. Izan ere, esloveniarra ez da lehena pasa Montiroloko mendatetik, ezta Focagnokotik ere. Beste estrategia bat zuen buruan, eta ongi atera zaio.
Sei txirrindulariko iheslari talde horretatik, Georg Steinhauser (EF - Education) alde egiten saiatu da, helmugatik 20 kilometrora. Baina Quintana adi zegoen, eta berehala utzi du atzean. Bazirudien kolonbiarra izango zela gaurko garailea, indartsu egin baitie aurre aldapa gogorrei.
Azkenean, Livignoko azken %19ko aldapa gogorretan, lasterketako elastiko arrosaren jabeak etapa ere irabazi du, 2.385 metroko garaieran. Denera, 6 ordu eta 11 minutu behar izan ditu.
Erakustaldia egin du Komendako kirolariak. Tourra irabazi ostean, lehen aldiz ari da Giroa korritzen. Beraz, gaurkoa ere izan da Italiako etapa nagusia irabazten lehenengo aldia harentzat. Burua hotz izan du, eta hanketan duen indarra ongi erakutsi du. Giroa erabakita utzi du.