Garaipenik gehienak erasoaren bidetik lortzen ditu Tadej Pogacarrek (UAE). Ausartu eta oldartu: horra hor esloveniarraren leitmotiva. Ordea, bestelako tankeran nagusitu da Tourreko hogeigarren etapan. Lasterketako azken etapa menditsua izan da, eta liderrak ez zuen irabazteko intentziorik. Begi onez zekusan ihesaldia behingoz helmugaraino iristea. Hori horrela, lekuko ahalguztidun bezala agertu da, kontenplaziozko jarrera hartuta. Ordea, ia behartuta irabazi du azkenean Couillole mendatearen gailurrean. Soudal taldearen lanak zapuztu egin du ihesaldiaren itxaropena, eta Pogacar Jonas Vingegaardekin (Visma) batera iritsi da azken metroetara. Bada, UAEkoak ez du gupidarik izan. Ondo egin du: txapeldunen artean ezin da oparirik egin.
Soudal taldearen ekinak helburu bat zeukan: Remco Evenepoelen erasoa prestatzea. Maillot horiak jada jabea dauka, baina sailkapeneko bigarren postua oraindik airean zegoen, eta Evenepoelek estu hartu nahi zuen Vingegaard. Couillolen bitan egin dio eraso, baina ezin izan du daniarra atzean utzi. Hori gutxi ez, eta ezin izan dio bi onenen gurpilari jarraitu. Helmugan laugarren izan da Evenepoel, 53 segundo galduta. Aurretik izan du Richard Carapaz (Education First). Ekuadortarra sasoi betean iritsi da Tourraren amaierara, eta gaur ere ikusgarri aritu da ihesean. Lehia bizia izan du Enric Masekin (Movistar), eta azken bi kilometroetan Pogacar eta Vingegaardi jarraitzen saiatu da. Asko iraun du, baina etapak ihes egin dio azkenean. Ez da, aitzitik, esku hutsik gelditu: mendiko sailkapeneko garaipena ziurtatu du.
Couillolez gain, beste hiru mendate igo dituzte gaur: Braus, Turini eta Colmiane. Paris-Nizaren eremuan sartu da gaur Tourra. Hasiera txinpartatsua izan du etapak, eta tropela zatikatu egin da Brauseko igoeran. Une batez, hamar txirrindulari besterik ez zeuden faboritoen multzoan. Tontorretik gertu tartea ireki dute Masek, Wilco Keldermanek (Visma) eta Bruno Armirailek (Decathlon), eta txirrindulari gehiago batu zaizkie Turinin: besteak beste, Carapaz, Romain Bardet (DSM), Marc Soler (UAE) eta Tobias Johannessen (Uno-X). UAE taldearen onespena izan dute bidea egiteko; alabaina, Soudalek hegoak ebaki dizkie. Lanari ekin diote Evenepoelen ezkutariek, eta aldeak behera egin du pixkanaka. Colmianen mokoka hasi dira iheslariak, baina oilategia aztoratu besterik ez dute egin.
Askatasunik ez Landak
Lasterketa burukoek hiru minuturekin ekin diote azken igoerari. Masek beste martxa bat sartu du, eta Carapazek ihardetsi dio bakarrik. Hortik aurrera, buruz buruko ikusgarria eduki dute biek. Ekuadortarrak erritmo aldaketa bortitzak egin ditu, baina ezin izan du Mas menderatu. Aurkaria, ordea, ez zuten ondoan, atzean baizik. Abiada bizian zetozen faboritoak, Soudal taldeak gidatuta. Mikel Landak errelebo gogorra eman du; askatasuna edukita etapa irabazteko aukera izan zezakeen, baina Evenepoelen zerbitzura egon behar izan du. Flandriarraren saiakerei aise erantzun die Vingegaardek, eta erasoa jo du gero. Pogacar gurpilean hartuta, helmugarantz abiatu da. Carapaz eta Mas atzean utzi, eta esprintean lehiatu dute garaipena. Pogacar hanka batekin nagusitu da.
Bosgarren etapa garaipena lortu du gaur esloveniarrak, eta, ondo bidean, hirugarren Tourra irabaziko du bihar, Nizan. Lasterketa ez da ohiko txangoarekin bukatuko, 33 kilometroko erlojupeko gorabeheratsu batekin baizik. Podiuma guztiz erabakita dago: Pogacar, Vingegaard eta Evenepoel igoko dira bertara, hurrenkera horretan. Ezusterik ezean, bosgarren bukatuko du Landak, Joao Almeidaren (UAE) atzetik.
SAILKAPENAK
HOGEIGARREN ETAPA
1. Tadej Pogacar (UAE) 4.04.22
2. Jonas Vingegaard (Visma) 7ra
3. Richard Carapaz (Education First) 23ra
4.Remco Evenepoel (Soudal) 53ra
5. Enric Mas (Movistar) 1.07ra
6. Joao Almeida (UAE) 1.28ra
7. Matteo Jorgenson (Visma) 1.33ra
8. Mikel Landa (Soudal) 1.41ra
9. Adam Yates (UAE) 1.43ra
10. Romain Bardet (DSM) 1.52ra
NAGUSIA
1. Tadej Pogacar (UAE) 82.53.32
2. Jonas Vingegaard (Visma) 5.14ra
3. Remco Evenepoel (Soudal) 8.04ra
4. Joao Almeida (UAE) 16.45ra
5. Mikel Landa (Soudal) 17.25ra
6. Adam Yates (UAE) 21.11ra
7. Carlos Rodriguez (Ineos) 21.12ra
8. Matteo Jorgenson (Visma) 24.26ra
9. Derek Gee (Israel) 24.50ra
10. Giulio Ciccone (Lidl) 25.48ra