Egunen batean amaitu egingo dira Tadej Pogacarren (UAE) balentriak deskribatzeko hitzak, baina txirrindulari horrek egindakoak urte askoan gogoratuko dituzte txirrindularitzaren zaleek. Gaur beste erakustaldi bat eman du Frantziako Tourrean, eta sailkapen nagusian zuen aldea handitu egin du esloveniarrak. Bakarrik helmugaratu da Beille goi ordokian, sailkapen nagusian dituen aurkari zuzen guztiak atzean utzita. Helmugatik bost kilometrora utzi du atzean Jonas Vingegaard (Visma), eta 1.08ren aldea atera dio. Renco Evenepoel (Quick-Step) izan da hirugarren, eta 2.51ra helmugaratu da. Mikel Landa (Soudal) izan da laugarren, 3.54ra, eta Almeida (UAE) 4.43ra.
Astebete geratzen da Tourra amaitzeko, baina, gaurkoa ikusita, argi dago, okerrik ezean, gaur egun ez dagoela Pogacarri maillot horia kendu diezaiokeen inor. Sasoi handia beharko du hori egin nahi duenak, eta moralki oso indartsua izan beharko du. Eta, hala ere, kosta egiten da sinestea badela Pogacar baino hobea izango den txirrindulari bat. Asteazkenean maillota galdu zezakeela zirudien arren, Pogacarrek erakutsi du, fisikoki indartsua izateaz gain, burua ere ez duela amore emateko. Sailkapen nagusian 3.09ra du Vingegaarad, eta 5.19ra Evenepoel.
Lehen mailako lau mendate zituen gaurko etapak, eta azkenekoan erabaki da, baita Tourra ere agian. Jorgensonek egin du eraso hamar kilometro eta erdi falta zirela. Vingegaardek tira egin du buruan jarraitu duten txirrindularien taldean, Pogacar ahulduko zen esperantzarekin, baina esloveniarrak eutsi egin dio, eta ez hori bakarrik, indarrak gorde ditu gero erantzuteko. Bost kilometroren faltan jo du erasoa Pogacarrek, etapa irabazteko. Atzean utzi du Vingegaard, eta aho zabalik utzi ditu zaleak helmugara arteko tartean. Hirugarren etapa garaipena du Podagarrek gaurkoa aurten. Atzo ere nagusitu egin zen Pirinioetako lehen etapan. Guztira hamalau etapa irabazi ditu esloveniarrak Pirinioetan. Bihar atseden eguna izango da.