Zertzeladaz zertzelada, artelana osatu du Tadej Pogacarrek (UAE). Lasterketa bakoitza mihise zuri bat da, eta esloveniarrak horiz margotu du Tourra. Trazu finak egin zituen Galibierren, erlojupekoan eta Pla d'Adeten; mendiko azken bi etapetan, berriz, pintzela alde batera utzi, eta brotxa hartu du. Garaipen historikoa lortu zuen Plateau de Beillen, eta gaur ere arrastoa utzi du, Enbrunen hasi eta Isola 2000 mendatean finitu den etapan. Aurrez, maila bereziko Vars eta Bonnette igo dituzte. Tourreko saiorik gogorrenetako bat zen, eta irabazteko apeta zuen Pogacarrek, jada hiru garaipen izan arren zakuan. Bada, berea egin du atzera ere. Begia non, garaipena han. Giroa eta Tourra aintzat hartuta, aurten itzuli handietako berrogei etapa jokatu dira orain arte, eta Pogacarrek irabazi ditu horien laurdenak.
UAE taldeko buruzagia erakustaldia egitera derrigortuta egon da gaur, ihesaldia alde handiarekin iritsi baita Isola 2000ra. Eskalatzaile onak zeuden aurrean, hala nola Matteo Jorgenson (Visma), Simon Yates (Jayco) eta Richard Carapaz (Education First). Jorgenson berehala nabarmendu da, eta tropelarekin hiru minutuko aldea zuela sartu da azken hamar kilometroetan. Beranduegi zen faborito guztientzat, Pogacarrentzat izan ezik. Azken mendatea ondo baino hobeto ezagutzen du, bertan jo eta ke aritu baita Tourraren aurretik. Distantzia eta denbora bikain kalkulatu ditu, fisika eragiketa bat balitz bezala. Gaitasun fisikoa zen kontuan izan beharreko aldagai nagusia, eta Pogacarrek berebiziko maila erakutsi du berriz ere. Bi kilometro sobera izan ditu Jorgenson harrapatu eta atzean uzteko. Alpeetan hezur-haragizko agertu da azken bi urteetan; aurten, ordea, goia jo du hango mendi garaietan.
Jorgensoni 21 segundo atera dizkio helmugan, eta Simon Yatesi 40. Sailkapen nagusiko aurkariak, berriz, tokitan utzi ditu: 1.42ra iritsi dira Remco Evenepoel (Soudal) eta Jonas Vingegaard (Visma), bosgarren eta seigarren postuan, hurrenez hurren. Hazi beharrean, Vingegaard akitu egin da lasterketako azken astean. Daniarrak Bonnetten eraso egingo zuela espero zuten askok, aurretik bi taldekide baitzituen: Jorgenson eta Wilco Kelderman. Haatik, ez du imintziorik ere egin; ez Bonnetten gora, ezta Pogacar azken mendatean oldartu denean ere. UAE taldea boteretsu agertu da tropelean, batik bat Nils Politten eskutik, eta, erritmoa aldatuta, oso erraz alde egin du Pogacarrek. Aurrez bideratuta zuen Tourreko garaipena, eta gaur ziurtatu egin du: 5.03ra dauka Vingegaard, eta 7.01era Evenepoel.
Carapaz da mendiko lider
Esloveniarrak maillot bat galdu du gaur, Carapazek aurrea hartu baitio mendiko sailkapenean. Nagusiko borrokatik at ere egin daiteke distira, ekuadortarra ondo erakusten ari denez: horiz jantzi zen egun batez, etapa bat irabazi zuen herenegun, eta mendiko maillota jantzi du gaur, Bonnetten eskuraturiko puntu sorta ederrari esker. 101 puntu ditu, Pogacarrek baino hamalau gehiago.
Gaur euskal herritarrik ez da egon ihes eginda; onenen multzoan, ordea, Mikel Landa (Soudal) ongi aritu da berriz ere: zortzigarren sartu da helmugan, eta sendotu egin du nagusiko bosgarren postua. Laugarren Joao Almeida (UAE) dago, eta arabarrari 27 segundo baino ez dizkio ateratzen. Aurrea hartzen saia daiteke bihar, Niza eta Couillole artean jokatuko den etapa motz eta menditsuan.
SAILKAPENAK
HEMERETZIGARREN ETAPA
1. Tadej Pogacar (UAE) 4.04.03
2. Matteo Jorgenson (Visma) 21era
3. Simon Yates (Jayco) 40ra
4. Richard Carapaz (EducatIon First) 1.11ra
5. Remco Evenepoel (Soudal) 1.42ra
6. Jonas Vingegaard (Visma) 1.42ra
7. Joao Almeida (UAE) 2.00ra
8. Mikel Landa (Soudal) 2.00ra
9. Wilco Kelderman (Visma) 2.52ra
10. Derek Gee (Israel) 3.27ra
11. Adam Yates (UAE) 3.27ra
NAGUSIA
1. Tadej Pogacar (UAE) 78.49.20
2. Jonas Vingegaard (Visma) 5.03ra
3. Remco Evenepoel (Soudal) 7.01ra
4. Joao Almeida (UAE) 15.07ra
5. Mikel Landa (Soudal) 15.34ra
6. Carlos Rodriguez (Ineos) 17.36ra
7. Adam Yates (UAE) 19.18ra
8. Derek Gee (Israel) 21.52ra
9. Matteo Jorgenson (Visma) 22.43ra
10. Giulio Ciccone (Lidl) 22.46ra
11. Santiago Buitrago (Bahrain) 22.56ra