FRANTZIAKO TOURRA

Pogacarrek agintea sendotu du Pirinioetan

Esloveniarrak 39 segundoren aldea atera dio Vingegaardi Pla d'Adeten. Indarra eta estrategia uztartuta, 1.57ra urrundu du sailkapen nagusian. Danimarkarrak, bere txarrean, nagusiko bigarren postua kendu dio Evenepoeli. Landak seigarren segitzen du.

Tadej Pogacar
Tadej Pogacar, besoak zabalik, garaipena ospatzen. GILLAUME HORCAJUELO / EFE
enaut agirrebengoa
2024ko uztailaren 13a
17:45
Entzun

Kolokan zegoen Tadej Pogacarren (UAE) agintea Tourrean. Maillot horia laugarren etapatik darama soinean, baina joera aldaketa izan zen asteazkenean, Le Lioranera bidean. Esloveniarra baino indartsuago agertu zen Jonas Vingegaard (Visma), eta Tourra iraultzeko moduan zegoela erakutsi zuen. Bada, zalantzak kolpetik uxatu ditu gaur Pogacarrek, hamalaugarren etapan nagusituta. Pla d'Adet mendatean zegoen helmuga, eta tontorrean 39 segundoren aldea atera dio lasterketako liderrak azken bi urteetako txapeldunari. Hots, Erdialdeko Mendigunean jasotako kolpea itzuli dio gaur Pirinioetan. Sailkapenean 1.57ko abantaila du orain. Alde handia da, baina lasterketa oraindik ez dago erabakita.

UAE taldeak ere erakutsi du bere onena. Taktikoki baldar jokatzen duela egotzi diote askok, baina gaur jokaldi ederra egin du Pla d'Adeten: helmugatik zazpi kilometrora zeudela, aurrera bidali du Adam Yates, geroago Pogacarren alde lan egiteko. Halaxe gertatu da. Pogacarrek, eraso bortitza jo, eta arnasa berritu du taldekidearen gurpilean. Hala, fresko iritsi da mendatearen azken zatira. Nahiko etzana zen bukaera, eta Pogacar zitala da gisa horretako aldapetan. Zatirik gogorrenean hurbil izan da Vingegaard, baina galera handi samarra izan du gero. Hirugarren, berriz, Remco Evenepoel (Soudal) izan da, 1.10era. Vingegaardek kendu egin dio nagusiko bigarren postua.

Mikel Landa (Soudal) txukun aritu da berriz ere: 11. sartu da helmugan, 1.29ra, eta eutsi egin dio nagusiko seigarren postuari. Lehenago, beste arabar batek egin du distira: Oier Lazkanok (Movistar). Lehen Tourra du, eta bikain dabil; ihesean kementsu eta mendateetan indartsu. 70 kilometro lau zeuden Tourmaletera, eguneko lehen mendatera iritsi aurretik, eta txirrindulari askok egin dute eraso bertan, Lazkanorekin batera. Azkenean, hemezortzi txirrindulari elkartu dira Tourmaleten, eta Lazkanok izan du mendate mitikoa lehen postuan igarotzeko ohorea. Gailurretik gertu David Gauduk (Groupama) piztu du sua, eta Lazkanok jarraipena eman dio frantziarraren oldarraldiari.

Arabarra bakarrik gelditu da lasterketa buruan, eta gero, bederatzi txirrindulari elkartu zaizkio jaitsieran, Hourquette d’Ancizanera bidean. Denen artean, Ben Healy (Education First) zen areriorik arriskutsuena. Hala berretsi du Pla d'Adeten. Bakarrik abiatu da helmugarantz, baina lau kilometroren faltan harrapatu dute faboritoek. Behin erasoa jota, duda-mudan ibili da Pogacar. Aldiro atzera begiratzen zuen. Aurrera egin du, halere, eta Tour honetan bigarrenez irabazi. Bihar beste aukera bat izan dezake: Peyresorude, Mente, Aspet, Agnes eta Plateau de Beille kateatuko dituzte.

Tourra, 15. etapa
 

Bradbury garaile Blockhausen

Italiako Giroko txirrindulariek ere oso etapa menditsua jokatu dute gaur, Lanciano eta Blockhaus artean. Lasterketako zazpigarren saioa izan da, eta Neve Bradbury (Canyon) australiarrak irabazi du. Garaipena lortzeaz landa, sailkapeneko hirugarren posturaino egin du jauzi. Blockhausen urrutitik egin du eraso, artean 9,4 kilometro gelditzen zirela. Beste faboritoekiko aldea zabaldu, eta bakarrik gurutzatu du helmugako lerroa.

Hura baino 44 segundo geroago iritsi dira Lotte Kopecky (SD Worx) eta Elisa Longo Borghini (Lidl), hurrenkera horretan. Italiarrak lasterketako lidergoa sendotu nahi zuen, baina gurpilera itsatsi zaio Kopecky. Hori gutxi ez, eta bigarren izateko esprinta irabazi du flandriarrak. Horiek hala, maglia arrosa defendatu du Longo Borghinik, baina segundo bakarrera du Kopecky. Lehia bizia izango dute bihar, Giroko azken etapan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.