Frantziako Tourra

Pogacar koska bat gorago dago

Esloveniarrak Tourreko laugarren etapa irabazi du, Galibierren jo eta jaitsieran aldea handituta. Maillot horia kendu dio Carapazi, eta Vingegaard baino indartsuago agertu da; 37 segundo atera dizkio helmugan. Landa zazpigarren izan da, 53 segundora.

Tadej Pogacar (UAE), garaipena ospatzen Valloiren, Frantziako Tourreko laugarren etapan. KIM LUDBROOK/EFE
Tadej Pogacar (UAE), garaipena ospatzen Valloiren, Frantziako Tourreko laugarren etapan. KIM LUDBROOK/EFE
enaut agirrebengoa
2024ko uztailaren 2a
18:32
Entzun

Lehen etapek ez zuten argitu, baina gaur garbi ikusi da: Tadej Pogacarrek (UAE) Jonas Vingegaardek (Visma) baino indartsuago hasi du Tourra. Galibierrek, lasterketako mendaterik garaienak eman du epaia.  Esloveniarrak atzean utzi du daniarra igoeraren azken metroetan, eta arrakala handitu egin du jaitsieran. Nahiko zalantzati ibili da lehen bihurguneetan, baina konfiantza berreskuratu du pedalei indarrez eragin ahala. Bakarrik iritsi da Valloireko helmugara, eta Tour honetako lehen garaipena ospatu du. Halaber, bigarrenez jantzi du maillot horia. Horrek baino gehiago poztuko zuen, dena den, Vingegaardi eman dion kolpeak: 37 segundo atera dizkio, eta Galibierreko eta helmugako gainsariak tarteko, 50 segundora du orain sailkapen nagusian. Tourra oso luzea da, baina oraingoz, Vingegaard ez dago bere mailarik onenean.

Vismako buruzagiak Pogacar harrapatzeko esperantza izan du Galibierren behera abiatu direnean. Begi bistan izan du. Ordea, ihes egin dio esloveniarrak, eta hori gutxi balitz bezala, harrapatu egin dute atzetik zituen zenbait txirrindularik. Azkenean, gainsaririk gabe utzi dute Remco Evenepoelek (Soudal) eta Juan Ayusok (UAE); bigarren eta hirugarren izan dira, hurrenez hurren. Primoz Roglicek (Bora) ere aurrea hartu dio Vingegaardi azken esprintean. Danimarkarra bosgarren sailkatu da azkenean. Carlos Rodriguez (Ineos) ere sail horretan helmugaratu da. Mikel Landak (Soudal) gertutik jarraitu die: zazpigarren bukatu du, Pogacarrekin 53 segundo galduta.

Tourra ohi baino lehenago iritsi da goi mendira. Italian egin dituzte lehen hiru egunak, eta gaur Alpeetan barna sartu dira Frantzian. Ikusmin handia zegoen, nola zaleen artean hala tropelean. Txirrindulari askok egin nahi zuten ihes, Sestriere, Montgenevre eta Galibier gainditu eta Valloiren besoak altxatzeko irrikaz. Saiakera ugariren ondotik, hamazazpi lagunek egin dute aurrera. Haietako bat izan da Oier Lazkano (Movistar). Argi ibili dira Mathieu van der Poel (Alpecin), David Gaudu (Groupama), Stephen Williams (Israel), Tobias Johannessen (Uno-X) eta Warren Barguil (DSM) ere, besteak beste.

Maila handia zegoen lasterketa buruan; tropelak, ordea, zorrotz jokatu du. Indartsuenentzako eguna zen, eta lemari tinko heldu dio UAEk, lasterketa gogortzeko asmoz. Tropelak ez du gupidarik izan iheslariekin, eta asko jota hiru minutuko abantaila eman die. Ziztuan zihoan multzo nagusia. Hainbeste, ezen zatitu egin baita tarte labur batez. UAEk eragin du etena, Montgenevre jaisten. Zalapartak ezustean harrapatu du Richard Carapaz (Education First), maillot horiaren jabea. Galibierren, berriz, ezinaren ondorioz gelditu da atzean.

Lazkanoren eraldaketa

Mendate luzea da Galibier (23 kilometro eta %5,1eko pendiza), eta bertan nagusitasun zapaltzailea erakutsi nahi izan du UAEk. Martxan ipini du makineria, eta katebegi gehienek egin beharrekoa egin dute. Luzaroan egin du tira Nils Polittek, eta gero, txanda hartu diote Tim Wellensek eta Marc Solerrek. Aletu egin dute tropela, eta gainera etorri zaizkie iheslariei. Lazkanok iraun du gehien, hiru bider eraso egin ondoren. Mendate gogorretan maila ona erakutsi zuen Dauphinen, eta gaur ere eskalatzailez mozorrotu da.

Joao Almeida eta Adam Yates (UAE) tropel buruan agertu, eta azken fasean sartu da etapa. Hautagai asko ito ditu haien erritmoak: Pello Bilbao (Bahrain) izan da haietariko bat. 23. izan da azkenean, lau minutuko galerarekin. Ayusori ere lan egitea zegokion, baina multzoan gerizpetu da, eta Almeidak kargu hartu dio. Erritmoa ez da gelditu, eta Pogacarrek tontorretik 800 metrora piztu du sua. Vingegaardek eutsi egin dio hasieran, baina metro batzuk galdu ditu bihurgune baten ostean. Evenepoel ez zen aparte; oso igoera ona osatu du flandriarrak. Komeria handiagoak izan ditu maldan behera. Orain hura da bigarren, 45 segundora, Vingegaarden aurretik. Landa, berriz, zazpigarren dago, 1.32ra.

Tourra, 5. etapa
 

Etapako sailkapena

1.Tadej Pogacar (UAE) 3.46.38

2.Remco Evenepoel (Soudal) 35era

3.Juan Ayuso (UAE) d.b.

4.Primoz Roglic (Bora) d.b.

5.Jonas Vingegaard (Visma) 37ra

6.Carlos Rodriguez (Ineos) d.b.

7.Mikel Landa (Soudal) 53ra

8.Joao Almeida (UAE) d.b.

9.Giulio Ciccone (Lidl) 2.41era

10.Santiago Buitrago (Bahrain) d.b.

23.Pello Bilbao (Bahrain) 4.01era

Sailkapen nagusia

1.Tadej Pogacar (UAE) 19.06.38

2.Remco Evenepoel (Soudal) 45era

3.Jonas Vingegaard (Visma) 50era

4.Juan Ayuso (UAE) 1.10era

5.Primoz Roglic (Bora) 1.14ra

6.Carlos Rodriguez (Ineos) 1.16ra

7.Mikel Landa (Soudal) 1.32ra

8.Joao Almeida (UAE) d.b.

9.Giulio Ciccone (Lidl) 3.20ra

10.Egan Bernal (Ineos) 3.21era

16.Pello Bilbao (Bahrain) 4.40ra

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.