Pogacar, esku bete garaipen

Esloveniarrak bosgarren etapa garaipena lortu du Giroan. Pellizzariren eta Martinezen aurretik iritsi da Panako helmugara. Kolonbiarrak bigarren postua kendu dio Thomasi sailkapenean. Lehen 80 kilometroak ez dituzte egin, eguraldi txarraren ondorioz.

Pogacar garaipena ospatzen. LUCA ZENNARO/EFE
Pogacar garaipena ospatzen. LUCA ZENNARO/EFE
enaut agirrebengoa
2024ko maiatzaren 21a
18:45
Entzun

Garaipenak sobran dauzka Tadej Pogacarrek (UAE). Hainbeste, ezen ia behartuta irabazi baitu gaur, Giroko hamaseigarren etapan. Kimatu egin dute ibilbidea, hotzaren eta elurraren ondorioz. Bi mendate igo dituzte, biak ere bukaeran: Pinei eta Pana. Ez zen esloveniarraren erakustaldirik espero, bapo egina baitzen igandeko etapan. Alabaina, kontrarioak ia nahigabe utzi ditu atzean, baita Giulio Pellizzari (Bardiani) ere, ezustekoa eman nahian zebilela. Italiarrari ezin izan dio garaipena oparitu; horren ordez, betaurrekoak eta maglia arrosa eman dizkio etapa bukatu berritan. Orain arteko garaipenak zenbatuz zeharkatu du helmuga. Esku bateko behatz guztiak behar izan ditu. Bost lortu ditu jada. Guztiz oinpean dauka Giroa.

Malda pikoa zegoen Panako azken bi kilometroetan, eta lasterketak han egin du eztanda. Pedal kolpe arinez, gorputza batere behartu gabe nabarmendu da Pogacar. Soilik Daniel Felipe Martinezek (Bora) izan du begi bistan helmugara iritsi arte. Hamasei segundora iritsi da, Pellizzarirekin batera. Geraint Thomas (Ineos), ordea, ahul ibili da, eta minutu erdia galdu du kolonbiarrarekin alderatuta. Hori horrela, Martinezek kendu egin dio sailkapeneko bigarren postua. Lidergotik 7.18ra dago Martinez, eta 7.40ra Thomas. Ben O’Connor (Decathlon) Thomasekin batera helmugaratu da, eta laugarren jarraitzen du, 8.42ra. Ikusteko dago Pogacarrek nor izango duen ondoan Erromako podiumean.

Jakina zen txirrindulariek ez zutela Stelvio goraino igoko, elur pilaketarengatik eta elur jausien arriskuagatik. Horren ordez, mendate ezagunaren zati bat igo behar zuten, eta gero saihesbidea hartu, Umbrailpassetik igarotzeko. Bada, hori ere ez dute igo azkenean: eguraldi txarra eta txirrindularien presioa zirela medio, etapa laburtu behar izan dute antolatzaileek. Elurra zuten lehen kilometroetan, baina, halere, lehen 50 kilometroak neutralizatuta egitea proposatu diete ziklistei. Haiek ez zeuden horretarako prest. Azkenean, autoz lekualdatu dira, eta Lasa herrian ekin diote etapari. Hots, 118 kilometro egin dituzte 206 egin beharrean, eta ez dira Umbrailpassetik pasatu.

Hiru orduko atzerapenarekin ekin diote lehiari. Ez zegoen elurrik, baina euria gogotik ari zuen. Goitik behera estalita abiatu dira txirrindulariak. Eta tropelaren estalpetik berandu gabe irten dira Julian Alaphilippe (Soudal), Mirco Maestri (Polti), Andrea Piccolo (Education First) eta Davide Ballerini (Astana). Movistar borrokarako gogoz zegoen, eta kate motzean lotu ditu: bi minuturen aldea eman die gehienez. Lanak, gerora, ezer gutxirako balio izan dio.

Lauak ziren lehen 80 kilometroak, baina hortik aurrerakoak maldan gora egin dituzte. Pinei igo dute lehenik, mendate luze eta etzana (23 kilometro eta %4,7ko pendiza). Magalera minutu baten aldearekin iritsi da ihesaldia, eta errepidea tentetu orduko aletu da. Alaphilippek aise utzi ditu bidelagunak atzean. Maestrik eutsi egin nahi izan dio hasieran, baina lehertu egin da agudo. Frantziarra bakarrik eta indartsu abiatu da. Pedal kolpe oso sendoa erakutsi du beste behin. Alabaina, tropela gertuegi zeukan gauza onerako.

Ezin oparirik egin

Movistarrek estutzen jarraitu du: Nairo Quintana eta Pelayo Sanchez ipini ditu gurdiari tiraka. Haien gurpilean zegoen Einer Rubio taldeburua, beste hautagai gehienekin batera. Alabaina, Romain Bardet (DSM) ito egin da sufrimenduan, eta metroak galtzen hasi da. Sanchezek eraso egin du gero, baina matxura izan du berehala. Tontorrera Alaphilippe iritsi da buruan; gainean zituen Christian Scaroni (Astana), Giulio Pellizzari (Bardiani) eta Ewen Costiou (Arkea). Tropela ere ez zen aparte: 40 segundo atzerago zetorren.

Jaitsiera labur bat eta zazpi kilometroko mendatea, horixe gelditzen zitzaien etapa bukatzeko. Scaroni, Pellizzari eta Costiouk lehen maldetan harrapatu dute Alaphilippe. Azken bi kilometroetan zegoen zatirik gogorrena, eta Pellizzari nabarmendu da hartan. Atzetik zuen Pogacar. Esloveniarrak Rafal Majka taldekideari jarraitze hutsarekin atzeratu ditu beste faboritoak. Prest zegoen Pellizzariri irabazten uzteko, baina helmuga oraindik ez zegoen begien aurrean. Hanka altxatu du, eta hala ere, bakarrik geratu da buruan. Beste garaipen bat zakura.

Mendateak bata bestearen atzetik kateatuko dituzte bihar, 159 kilometroko ibilbidean. Val Gardenatik aterako dira, eta hasi orduko, Sellako igoerari aurre egin beharko diote. 2.200 metrora du tontorra. Jaitsiera luzea izango dute gero, Rollera iritsi aurretik. Gobbera igoko dute hurrena, eta bukatzeko, bi aldiz igoko dira Broconera, alde ezberdinetatik. Ihesaldiak aukera asko izango du helmugara iristeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.