Txirrindularitza

Pogacar aurrerantz doa handienen tropelean

Hirugarren egunean lortu du Tadej Pogacarrek denboraldiko lehen garaipena. Sasoi ia errepikaezina osatu zuen iaz, eta arrasto gero eta handiagoa ari da uzten. 26 urte ditu; adin horrekin, soilik Merckxek lortu zuen esloveniarrak baino uzta hobea.

enaut agirrebengoa
2025eko otsailaren 20a
05:00
Entzun

Munduko txirrindularirik onena da Tadej Pogacar (Klanec, Eslovenia, 1998). Baita historiako onenetako bat ere. Hori esatea ez da gehiegikeria. Besteak beste, lau itzuli handi —26 etapa garaipen barne— eta zazpi monumentu irabazi ditu dagoeneko, baita Munduko Txapelketa bat ere. Iaz eskuratu zuen, hain justu, ortzadar maillota, bakarka 100 kilometro egin eta gero. Eta harro erakutsi zuen Lombardiako Giroan, beste eraso ausart eta arrakastatsu baten bidez. Garaipen horrekin, txirrindulari batek inoiz osaturiko sasoirik onena biribildu zuen. Zalantzarako apenas uzten duten tarterik, aipaturiko bi erakustaldiekin batera, Giroan, Tourrean eta Lieja-Bastogne-Liejan lorturiko garaipen ukaezinek. Sasoi berria astelehenean hasi zuen, Arabiar Emirerrietako itzulian, eta atzo lortu zuen lehen garaipena, aldapan gora. Iazko emaitzak errepikatzea oso zaila suertatuko zaion arren, ziklismoko mito handiengana hurreratzen jarraituko du ziurrenik.

Langa gaindiezina zirudien Eddy Merckxen 1972ko denboraldiak. Kanibala bi itzuli handi eta hiru monumentutan gailendu zen. Pogacarren aldean, ordea, Munduko Txapelketa irabaztea falta izan zitzaion sasoi hartan. Aspalditik dator esloveniar gaztearen eta ikur flandriarraren arteko konparazioa, eta badu zentzua, bien ala bien dimentsioari erreparatuta. Nonahi eta aise irabazten zuen Merckxek, eta Pogacarrek ere egutegia oso-osorik menperatzen du. Hori bai, UAE taldeko txirrindulariari bide luzea geratzen zaio oraindik inoizko onenaren gurpilera gerturatzeko. Itzuli handietan, adibidez, 11 bider gailendu zen Merckx. Zazpi tituluren aldea dago bien artean. Guztira 11 txirrindulari daude Pogacarren aurretik itzuli handi gehien irabazitakoen artean.

Garaipenen aniztasunak egiten du berezi esloveniarra, irabazteko moduarekin batera. Historian zehar oso ziklista gutxi izan dira itzuli handietan eta klasiko nagusietan lorratza uzteko gai, eta horien artean dago Pogacar. Monumentuen sailkapen historikoan, soilik sei txirrindulari ditu aurretik, eta horietatik lauk irabazi dute noizbait itzuli handi bat: Merckxek berak, Constante Girardengok, Fausto Coppik eta Sean Kellyk. Eta bada datu are deigarriago bat: hiru asteko itzulietako eta monumentuetako garaile oparoenei erreparatuz, bi ziklista baino ez daude Pogacarren aurretik bi zerrendetan. Bata, nola ez, Merckx da. Itzuli handietako 11 garaipenak gutxi ez, eta hemeretzi lortu zituen monumentuetan, eta beste hiru Munduko Txapelketan. Coppik, berriz, zazpi itzuli handi bereganatu zituen, eta bederatzi monumentu. Hura ere munduko txapeldun izan zen.

Pogacar, iazko Frantziako Tourrean. GUILLAUME HORCAJUELO / EFE
Pogacar, iazko Frantziako Tourrean. GUILLAUME HORCAJUELO / EFE

Bernard Hinault hamar bider igo zen podiumeko koska gorenera Tourrean, Giroan eta Vueltan, baina monumentuak bost izan zituen; hots, Pogacarrek baino bi gutxiago. Munduko Txapelketei dagokienez, bana berdinduta dira. Jacques Anquetilek, berriz, esloveniarrak baino sei itzuli handi gehiago irabazi zituen –zortzi orotara–, baina monumentu bakarra, eta Munduko Txapelketarik ez. Miguel Indurain, Chris Froome, Alberto Contador, Gino Bartali, Felice Gimondi, Alfredo Binda eta Primoz Roglic ere Pogacarren aurretik dira hiru asteko jardunean. Garaipen monumentalei dagokienez, ordea, Bartali da Pogacarri parez pare begiratu diezaioken bakarra: zazpi aldiz nagusitu zen klasiko handienetan, esloveniarra bezainbeste.

26 urterekin, ia denen gainetik

Horrenbestez, handienen tropelean dago jada Pogacar, eta 26 urte besterik ez du. Profesionaletan debuta egin eta adin horretara iritsi bitarte, Merckxek bakarrik lortu zituen UAEko buruzagiak baino garaipen handi gehiago: itzuli handietako 30 etapa eta bost garaipen orokor, hamar monumentu eta bi Munduko Txapelketa ageri ziren haren bilduman 1971ko denboraldia amaitzean.

Erreferentziatzat ziklista bakoitzak 26 urte bete zituen denboraldia hartuta, ez dago inor Pogacar bezain azkar hazi denik, beti Kanibala salbuespen bezala izanik. Gertuen Hinault egon zen: hark 1980an bete zituen 26 urte, eta urte hura amaitzerako itzuli handietako hiru titulu eta hamazazpi etapa, hiru monumentu eta Munduko Txapelketa bat zituen irabaziak. Hots, Pogacar baino koska bat beherago izan zen. Coppik, ordea, itzuli handi bakarra zuen irabazia 1945eko bukaeran, eta monumenturik ez. Bigarren Mundu Gerrak brastakoan geldiarazi zuen haren hazkundea. Geroago loratu zen. Anquetilek eta Froomek ere 26 urte bete osteko denboraldietan irabazi zituzten beren itzuli handi gehienak: zortzitik sei eta zazpitik sei, hurrenez hurren.

Are nabarmenagoa da Indurainen kasua, Tourreko eta Giroko garaipen guztiak 1990etik aitzina lortu baitzituen, baita Munduko Txapelketako eta Olinpiar Jokoetako urreak ere, erlojuaren kontra. Era berean, soilik Gimondi eta Contador izan ziren gai 26 urte bete bitarte hiru itzuli handiak irabazteko.

Gorenean, noiz arte?

Pogacarrek erronka asko ditu esku artean, denak ere bere mailako ziklista baten neurrikoak. Itzuli handiei dagokienez, bi helburu kitzikagarri ditu: Tourra bost aldiz irabazi dutenen klubean sartzea, eta Vueltan nagusitzea, hartara bilduma osatzeko. Monumentuei dagokienez, berriz, zailagoa izango da falta zaizkion garaikurrak lortzea. Harri handi bat topatuko du bidean: Paris-Roubaix. Haren ezaugarrietara gutxien egokitzen den monumentua da. Milan-Sanremo ere ez da guztiz egokia esloveniarrarentzat, baina urtetik urtera garaipenetik geroz eta gertuago dago. Munduko Txapelketan, berriz, ibilbide gogorrak beharko ditu urrezko domina gehiago lortzeko.

Mito gehienak aurreratzeko bidean da; Merckx, ordea, nekez harrapatuko du. Ikusgarria bezain ugaria da flandriarraren garaipen zerrenda: 525 garaipen lortu zituen guztira, proba ez-profesionalak aintzat hartuta, 33 urterekin erretiroa hartu zuen arte. Lasterketa nagusietan noizbait haren parera iristeko, Pogacarrek luzaroan eutsi beharko dio ahalmenari eta garaipenak lortzeko irrikari. 19 urterekin egin zuen debuta, Merckxek bezala, eta ikusteko dago noiz arte irauten duen gorenean. Oraingoz, sei denboraldi aski izan ditu historiako txirrindulari handienen mahaian esertzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.