TXIRRINDULARITZA

Poelsentzat izan da azken etapa menditsua, eta Kussek Vuelta irabaziko du

Herbeheretarrak bere legea ezarri du ihesaldi jendetsu batean, Evenepoeli esprinta irabazita. Faboritoek ez dute zirkinik ere egin, eta Kussek inongo arazorik gabe defendatu du lidergoa

Jonas Vingegaard, Sepp Kuss eta Primoz Roglic, besarkatuta helmugaratzen. MANUEL BRUQUE / EFE
enaut agirrebengoa
2023ko irailaren 16a
18:49
Entzun

Jumbo Visma taldearen jolastokia izan da aurtengo Vuelta. Goitik behera gailendu zaie aurkariei, eta nagusitasun horren erakusgarri da taldeko hiru liderrek gaur helmugan eskaini duten irudia: elkarri helduta sartu dira Sepp Kuss, Jonas Vingegaard eta Primoz Roglic, bihar podiuma hirurek osatuko dutela ospatzen. Argazkiaren erdian Kuss zegoen, hura izango baita Vueltako irabazlea. Langileak gaina hartu die buruzagiei, eta haien aitorpena izan du gaur.

Vueltak 20. etapa izan du, mendiko azkenekoa, eta faboritoen artean ez da borrokarik izan. Sailkapeneko lehen hiru postuak erabakita zeuden, eta Mikel Landa (Bahrain) eta Enric Mas (Movistar) ez dira saiatu Juan Ayusoren (UAE) laugarren postua kolokan jartzen. Hori horrela, etaparen lehiak piztu du ikusmina. Remco Evenepoel (Soudal) laugarren garaipena lortzen saiatu da, eta gertu izan du, baina iheslarien esprintean gehiago izan da Wout Poels (Bahrain). Herbeheretarrak bigarren garaipena du itzuli handi batean, eta biak aurten lortu ditu: Tourrean nagusitu zen lehenik, eta orain, arrastoa utzi du Vueltan ere.

Langile engaiatu bat baino gehiago da Poels. Maila handia du, eta gauza handiak egiten ditu askatasuna ematen diotenean. Beste horrenbeste esan daiteke Kussen inguruan. Estatubatuarra uztarriari lotuta ibili izan da ia beti, baina etekina atera dio lasterketaren testuinguruari, eta bere ibilbideko lorpenik handienaren atarian dago. Azkeneko defentsa saioa izan du gaur, eta inolako arazorik gabe eutsi dio maillot gorriari. Bere taldeak erritmo lasaia ipini du tropelean, eta aurkariak ez zaizkio oldartu. Taldekideak ere ez; Vingegaardek eta Roglicek onetsi egin dute azkenean Kussen garaipena.

Iheslariak, ordea, ez zeuden etapa oparitzeko. Azken aukera izan zezaketen tropelari iskin egiteko, biharko etapan esprinta espero baita. 31 txirrindulari ibili dira aurrea hartuta, eta begirada guztiak Evenepoelek bereganatu ditu. Itxura batean, hura zen ihesaldiko indartsuena, eta hori gutxi balitz bezala, hiru taldekide zeuzkan gurditik tira egiteko. Poels, baina, prest zegoen flandriarrari itzal egiteko, baita Marc Soler (UAE), Lennert Van Eetvelt (Lotto), Lennard Kamna (Bora), Lenny Martinez (Groupama), Romain Bardet (DSM), Hugh Carthy (Education), Pelayo Sanchez (Burgos) eta Rui Costa (Intermarche) ere. Goi-mailako ihesaldia izan da.

Hirugarren mailako hamar igoera gainditu behar zituzten, eta azkenekoan, San Lorenzo de El Escorialen, puskatu da lasterketa. Poelsek erasora jo du, eta hasiera batean, ezinean gelditu da Evenepoel. Pilatutako nekearen ondorio izan zitekeen. Alabaina, atzetik aurrera egin du, eta Poels, Sanchez, Van Eetvelt eta Solerrekin bat egin du tontorretik igaro eta gutxira. Bost txirrindulariren artean jokatu dute garaipena, eta Poels izan da esprinta abiatzen lehena. Oso urrutitik jo du, baina eutsi egin dio abiadurari, baita suziria bezala gainera etorri zaion Evenepoeli ere. Hirugarren Sanchez izan da.

Mas, Ayuso eta Landa 10.21era iritsi dira helmugara, eta hamasei segundo geroago azaldu da Jumbo taldeko hirukotea, Vueltan egin duten balentria ospatzen. Gozatua hartuko dute bihar ere, Madrilgo podiumean. Kussek hamazazpi segundo aterako dizkio Vingegaardi, eta 1.08 Roglici. Landak bosgarren bukatuko du, 4.03ra. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.