Plazaratze naturala eta ona

Arkaitz Etxebestek aizkorako ibilbidea abiatu du, Urrezko Binakako Txapelketan arituta. Etxean jaso du herri kirolerako grina, eta lehiatzea erabaki du orain

(ID_17059957334585) (/BERRIA) Arkaitz Etxebeste aizkora saio batean
Arkaitz Etxebeste, aizkorarekin saio batean. BERRIA
Jon Ander De la Hoz.
2024ko urtarrilaren 23a
05:05
Entzun

Azken urteetan asko dira herri kiroletarako urratsa egin dutenak. Batzuk hutsetik hasi dira, aurretiaz inolako loturarik izan gabe. Beste batzuek, ordea, etxean jaso dute joko tradizionaletarako grina. Azken horien sailekoa da Arkaitz Etxebeste ere (Igeldo, Donostia, 1994). Ez alferrik, Joxe Etxebeste aizkolari ohiaren semea da, eta haren lekukoa hartu du berriki. Etxebestek Urrezko Aizkolarien Binakako txapelketan egin du plazarako urratsa, Iker Vicente lagun hartuta.

Etxebeste eta Vicente joan zen urtarrilaren 14an aritu ziren estreinakoz, Leitzako (Nafarroa) Amazabal pilotalekuan egindako jaialdian. Plazaratze naturala bezain ona izan zen Igeldokoarena. Bikote hura gailendu zen Egur Sporten txapelketako bigarren jardunaldian, Eneko Otañori eta Julen Larreari ia bi minutuko tartea zabalduta: «Inoiz plazara atera gabea nintzen, eta horrenbeste jenderen aurrean aizkora bat hartu gabe. Uste nuen lasai nengoela, baina egia esan, tentsio dezentea nuen, eta hasiera txar samarra izan zen. Uste baino hobeto erantzun nuen gero, eta gustura amaitu nuen». Garaipenari esker, finalaurrekoetarako sailkatu dira Etxebeste eta Vicente.

Gipuzkoarra kirolzalea da izatez, eta diziplina anitzetan aritu da orain artean: Futbolean, palan eta bizikletarekin, esaterako. Haren esanetan, bizikletaz «nazkatu» ostean hartu du aizkora. «Asteburuetan-eta joaten ginen aizkora ikustera, eta, zerbait egin nahi nuenez, aitari galdetu nion ea gustatuko litzaiokeen ni hastea, prest nengoela. Ederki kostata, baina probatzea lortu genuen».

Izan ere, hasieran aita ez zegoen ziur aukera horren egokitasunaz. «Diziplina handia behar da, asko entrenatu behar da, egurren aldetik-eta kostua du. Ez zuen nahi hasi eta bi hilabetera utzi». Arkaitzek hilabeteko probaldia egitea proposatu, eta gaur arte. Orduz geroztik, «ikaragarri gustura» dago Joxe bera ere: «Leitzan, hasieran urduri zegoen, hala eman ez arren. Nire lagunek sorpresa bat egin zidaten, pankarta eta guzti, eta hitz askorik gabe geratu zen. Telebistan ikusi nuenean esan nion: 'Ez zara besteetan bezala aritu, e!'». Hain justu ere, aizkolari ohia da ETB 1eko emankizunetan aditu lanak egiten dituena.

Balorazioa egiteko garaian, etxean egindako lana izan ohi da aizkolarien erreferentzia nagusia. Entrenamendu saioetan bezala arituz gero, baleko jarduna. Alde horretatik, Arkaitz Etxebeste gustura geratu zen estreinaldian egindako lanarekin. «Biak lasai geratu ginen».

Gertukoek, «ikaragarrizko babesa»

Leitzako jaialdiak jende asko bildu zuen Amazabal pilotalekura. Batetik, puntako aizkolariak elkartu zirelako han. Bestetik, herriarekin oso lotura estua duten Vicente otsagabiarra eta Jon Rekondo leitzarra ere lehiarako zirelako. Nolanahi ere, Igeldotik joandako lagun andanak koloreztatu zuen harmaila. Etxebesteren estreinaldian babesa adierazteko egin zuten Nafarroarako txangoa: «Oraindik ere hunkitu egiten naiz. Debutarena esan nienetik, joateko prest. Guztientzat lortu nituen sarrerak; pixkanaka hasi, eta ia 80 saldu nituen. Egia esan, oso pozik nago lagunen erantzunarekin».

Igeldoarrari «ikaragarrizko babesa» eman diote gertukoek, eta, lehen jaialdiaz harago, interesa pizten du bere egitekoak. Azaldu duenez, «hasi nintzenetik galdetzen didate zer moduz ari naizen, nola entrenatzen dudan...». 

«Duela urtebete norbaitek hau esanez gero, ea eroa dagoen galdetuko nioke. Honaino iristea lortu dugu, eta, egia esan, hurrengorako gogotsu nago. Bigarren plaza izango dut, eta ezingo naiz fidatu: Leitzara bezainbesteko gogoarekin joan beharko dut». Urrezko Aizkoraz gain, bestelako txapelketetan aritzea ere mahaiaren gainean duen aukera da aizkolariarentzat. Hala, federazioaren lehiara batzea izan daiteke bere hurrengo urratsa: «Nola hasi pentsatzen egon ginenean, bakarka estreinatzea zaila ikusten genuen. Bikoteak asko laguntzen du, eta hortik bideratu nahi genuen. Orain, bakarka eginez gero, hirugarren mailan hasiko nintzateke. Txukun aritzen saiatu, eta, gero, ni etortzen denerako prest».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.