Pilota

Plazak hartu dituzte berriro

Ados Pilota klubak antolatutako Plazaz Plaza txapelketak hirugarren aldia du aurten, eta etzi jokatuko dute finala, Azkoitian. Zabaleta eta Mujika Iturriagaren eta Ruiz de Larramendiren aurka ariko dira.

Goiuri Zabaleta, sakatzen. Maite Ruiz de Larramendi, Naroa Agirre eta Iera Agirre ageri dira atzean. EDUARDO AGIRRE.
Julen Etxeberria.
2023ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Hirugarren urtez jarraian, Ados Pilota klubeko pilotariek Euskal Herriko plazak hartu dituzte Plazaz Plaza txapelketan. Bi hilabete eta erdiz asteburuero bereganatu dute plazaren bat. Hamazazpi izan dira guztira.

Larunbatean hartuko dute azkena: Azkoitiko Goiko Losa pilotalekua (Gipuzkoa). Han jokatuko dute finala, 19:00etan. Goiuri Zabaleta Rodriguez eta Maite Ruiz de Larramendi Mujika Iera Agirre Iturriagaren eta Olaia Ruiz de Larramendi Lopezen aurka ariko dira. Sarrera doakoa da. Ados Pilotaren Youtube kanalean ikusi ahal izango da. Jaialdia 18:00etan hasiko da, eta aurretik gaztetxoek jokatuko dute.

Adoseko ordezkariak «oso pozik» daude txapelketaren garapenarekin. «Duela bi urte antolatu genuen lehen aldiz. Pandemia betean ginen, eta errazagoa zen plazetan jokatzea toki itxietan baino. Bi urte joan dira, baina eutsi egin diogu. Gustatu egiten zaigu herrien erdigunean jokatzea. Jende asko bildu ohi da plazetan, eta emakumezkoen pilota ikusarazteko beste modu bat da. Aurten ere halaxe izan da: jende asko etorri da gu ikustera. Oso pozik gaude. Asmatu egin dugu», azaldu du Agirrek, Adoseko pilotari eta ordezkariak.

Ikusleentzat oso aproposa da, baina pilotarientzat ez horrenbeste. «Plaza batzuek ez dituzte baldintzarik egokienak, eta hori lehen tantoetan sumatu ohi dugu bereziki. Adibidez, Etxaurikoak ez du ezker hormarik. Baina ez dago aitzakiarik. Partida politak jokatu dira. Ea finala ere polita den. Ondo bukatu nahi dugu».

«Sekulako balioa» eman dio bi hilabete luzez pilotariek asteburuero jokatu izanari. «Pilotariok izugarri eskertzen dugu hori. Gu saiatzen gara guztiek antzeko partida kopurua jokatu dezaten. Pilotariok aste barruan entrenatu nahi dugu, eta asteburuan jokatu, eta txapelketa honek aukera hori ematen du».

Azpimarratu duenez, «lan ikaragarria» da txapelketa antolatzea. «Zorionez, familia handia osatzen dugu, eta auzolanean aritzen gara beti. Bestela, ezinezkoa litzateke hau aurrera eramatea».

Babesle onak topatzea da zailtasunik handiena. «Profesionalen moduan, kontratupean aritzen garela esaten dugu; beraz, pilotariei ahalik eta baldintza onenak eskaini nahi dizkiegu, eta, horretarako, diru iturriak behar dira: babesleak. Kosta egiten da horiek lortzea: ate asko jo behar dira, eta bilera asko egin». Komunikabideen garrantzia azpimarratu du. «Guri mesede handia egiten digu komunikabideetan irteteak: alde handia dago, finala ETBk eman edo ez. Duela bi urte, binakako nagusiaren lehen ekitaldiarena eman zuen, baina iaz, ez, eta kolpe handia izan zen, babeslerik gabe geratu baikinen: Eusko Label. Ea aurten. Ari gara hizketan. Gure erronka da telebista izan edo ez babesle onak topatzea, gure pilotariei ahalik eta baldintza onenak eskaintzeko; merezi dute».

Final gogorra

Larunbateko finalaren inguruan, berriz, esan du «gogorra» izango dela. «Goiurik eta Maitek bikote indartsua osatzen dute: Goiurik oso erraz bukatzen du tantoa aurrean; Maite, berriz, oso sendoa da, pilotari petoa, eta kosta egiten da hari tantoa egitea. Baina itxaropentsu gaude. Olatzek asko jotzen du pilota, eta atzean zuloak egin ditzake; ea nik aprobetxa ditzakedan». Agirrek bigarrenez jarraian irabazi nahi du txapela. Iaz, Andrea Aldaregiarekin nagusitu zen.

Plazaz Plaza bukatuta, astebeteko atsedena hartuko dute , eta, ondoren, berriro hasiko dira gogor entrenatzen, binakako nagusia prestatzeko; azaro amaieran edo abendu hasieran aurkeztuko dute. «Gogotsu» daude, eta «oso pozik», duela bi urte eta erdi kluba sortu zutenetik egin duten bideagatik. «Egonkortuta gaude: pilotari zerrenda egonkorra dugu, eta bermatua dugu urte guztian lehiatzea; ikaragarria da hori».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.