«Plazagizona» agerraldirako prest

Unai Marrerok lehen aldiz jokatuko du hasieratik ligan. Non eta San Mamesen, Athleticen aurkako derbian. Ricardo Amubieta atezainaren lehen entrenatzaileak eta Aihen Muñoz taldekideak uste dute Marrero prest dagoela jokatzeko.

(ID_13463934) (Andoni Canellada/@FOKU) 2024-01-02, Donostia. Futbola
Unai Marrero, pozarren, Alavesen aurka debuta egin eta gero. Andoni Canellada / Foku
Jon Ander De la Hoz.
Zubieta
2024ko urtarrilaren 13a
05:05
Entzun

Athleticen eta Realaren arteko derbiak badu protagonista bat norgehiagokaren atarian: Unai Marrero (Azpeitia, Gipuzkoa, 2001). Atezain azpeitiarrak gaur jokatuko du hasieratik Espainiako ligan, txuri-urdinekin debuta egin zuenez geroztik lehendabiziko aldiz. Azken jardunaldian Alex Remiro kaleratu izanak eman dio aukera. Egun hartan egin zuen ligako debuta, lehen zatian zelairatuta, eta txukun aritu zen. San Mamesekoa du, ordea, bete-beteko estreinaldia. Txinparta biziko norgehiagoka batean, bi taldeak Europarako lehia betean direla, eta Bilboko estadioa den berealdiko lekuan. Espero gabe, zurrunbiloaren erdian kokatu da.

Ricardo Amubietak eta Aihen Muñozek ondo ezagutzen dute Marrero. Ez alferrik, Amubieta izan zen atezainaren lehendabiziko entrenatzailea, Josu Gurrutxagarekin batera, Azpeitiko Lagun Onaken haur mailako taldean —klubaren kirol zuzendaria da egun—. Muñoz, ostera, Realeko taldekide du gaur egun, eta alboan izan du azkenaldian. Biek ala biek gertutik jarraitu dute Marreroren ibilera, eta ez dute zalantzarik: prest dago gaur jokatzeko.

«Plazagizona da»; Amubietak bi hitzetan laburbildu du Marreroren jarrera: «Ez dakigu jokatzeko aukera noiz izaten den, eta San Mamesen egokitu zaio. Agian urduri egongo da, baina baliteke amestutako debuta izatea». Alde horretatik, Amubietak adierazi du Marrero «beti» izan dela lasaia, eta Alavesen aurkako norgehiagoka jarri du adibidetzat: «Zelairatzeko unean, patxadaz lotu zituen lokarriak. Neu jarri nintzen urduriago, telebistari begira. 'Mugituko al haiz, edo?' esaten nuen neurekiko. Patxadosoa da». 

Atepeko bizitasuna da Marreroren ezaugarri nagusia, eta Amubietak berretsi egin du hori: «Hasieratik erakutsi zuen erreflexu bizkorrekoa zela, baina goitik ere ondo moldatzen zen. Orain, esan digunez, asko ikasi du arlo horretan». Atezainak kimuen ohorezko mailan egin zuen Azpeititik Zubietarako bidea, eta Realean ari da orduz geroztik. Hango koska guztiak gaindituta, lehen taldeko fitxa egin zioten urtarrilaren 4an. Izan ere, atezainak urtebete baino gehiago darama talde nagusiarekin lanean.

Hargatik, Muñoz taldekideak prest ikusten du azpeitiarra gaurko neurketarako: «Komunikatzea izan da eman diogun aholkua. Ez du gehiago behar; oso ondo ari da entrenatzen, konfiantza handia du, eta langilea da. Partida ona egingo du, ziur». Marrerok lau partida ofizial jokatu ditu txuri-urdinekin; haietako hiru Espainiako Kopan, golik jaso gabe, eta Alavesen aurkakoa ligan, Remirok utzitako zuloa betetzeko. Penaltiz egin zioten orain artean jaso duen gol bakarra.

«Hasieratik erakutsi zuen erreflexu bizkorrekoa zela, baina goitik ere ondo moldatzen zen. Orain, esan digunez, asko ikasi du arlo horretan» RICARDO AMUBIETA Lagun Onak taldeko kirol zuzendaria

Bere bilakaeran gorengo koskara ailegatu da Marrero. Atezainak berak esan zuenez, «amets bat» bete zuen talde nagusiarekin debuta eginda. Lana izan du hori lortzeko tresna, eta bide horretan gertutik jarraitu du Amubietak. «Ikusten zen oso ona zela, ikusgarria izan gabe. Behin Realera joan eta gero, aldaketa handia ikusi genuen, eta jaso izan ditugun informazioak beti izan dira onak, bide egokian zegoela entzuten genuen, bai entrenamenduetan, eta bai partidetan, beti serio. Uste dut lanari esker izan dela».

Begi bat Garmendipen

Amubietak haurra zenetik izan du harremana Marrerorekin, eta arlo fisikoan nahiz pertsonalean izandako bilakaera ere antzeman dio urteetan. Haren esanetan, «luzatu egin da, hizketan ere nabari zaio... Haur bat zela joan zen, eta gizontxo bat egin zaigu». Hori bai, izarren artean dagoen atezainak ez du ahaztu sustraiak non dituen, eta ahal duen aldiro biltzen da Lagun Onaken jirara: «Bihotzean du kluba. Lagunak ere baditu jokatzen, hirugarren mailan eta juniorretan, eta ahal duen guztietan etortzen da».

«Komunikatzea da eman diogun aholkua. Ez du gehiago behar. Oso ondo ari da entrenatzen, konfiantza handia du, eta langilea da. Partida ona egingo du, ziur» AHIEN MUÑOZ Realeko jokalaria

Gaur, ordea, ez da hara joango. Egun handia du San Mamesen, eta herrikideak ere adi izango ditu hara begira. Amubietak esan duenez, «gehienek Realak irabaztea nahi dute, baina, batez ere, Unaik lana ondo egitea. Gurrutxaga [teknikari ohia] Athleticzalea da, baina hark ere horixe nahi duela esan dit». Izan ere, Azpeitiko futbol zelaian ondo gogoan dute Marrero, baina baita alderantziz ere. Atezainak estreinaldiaren ondoren esan zuen eran, «futbola berdina da, Anoetan edo Garmendipen».

Europara begirako derbia

Athletic eta Reala garai onean bilduko dira San Mamesera. Bi taldeek lortu dituzte sasoi hasierarako helburu nagusiak, eta, ligari dagokionez, buruz buru ari dira Europarako postuen lehian. Zuri-gorriek lortu dute abantaila lehen itzulian; sei punturen aldea ateratzen diete txuri-urdinei, lehen hemeretzi jardunaldiak jokatuta. Gainera, emaitza bolada hobean ailegatuko da etxeko taldea. Bi taldeek zenbait hutsune izango dituzte gaur arratsalderako. Etxekoen aldetik, Iñaki Williams da azpimarragarriena; gaur abiatuko den Afrikako Kopan ariko da, Ghanako selekzioarekin. Bisitarien aldetik, Umar Sadiqek min hartu du Nigeriako selekzioarekin, eta ez da ariko. Malirekin dago Hamari Traore. Take Kubo, Asian, Japoniarekin. Alex Remiro da donostiarren beste hutsune nagusia.

Europara sailkatzeko borroka horri begira, partida garrantzitsua dela uste du Athleticeko teknikari Ernesto Valverdek, baina ez erabakigarria. «Irabazten duenak aurrerapauso garrantzitsua emango du, baina ez ahaztu bigarren itzuli osoa geratzen dela». Imanol Alguacil Realeko entrenatzaileak, berriz, ondorengo azpimarra egin dio neurketari «Baldintzarik onenean helduko diogu lehiari. Haiek oso bolada onean daude, baina denboraldi honetan erakutsi dugu aurkari handien zelaietan ondo lehiatzeko gai garela». 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.