Piztu da, baina ez da lehertu

Tourreko indartsuenek lehia bizia izan dute lehen astean. Pogacar erasokor aritu da, baina gertu izan ditu Vingegaard eta Evenepoel. Esprintak ere nahiko berdinduak izan dira, eta euskal herritarrek txukun jardun dute. Tropela gaur itzuliko da lehiara.

(ID_14040347) FRANCE CYCLING
Tadej Pogacar (UAE) eta Remco Evenepoel (Soudal) elkar agurtzen, Frantziako Tourreko bosgarren etaparen aurretik. KIM LUDBROOK/EFE
enaut agirrebengoa
2024ko uztailaren 9a
05:00
Entzun

Denetik eta denentzat izan da Frantziako Tourreko lehen bederatzi etapetan. Ezusteko amaiera izan dute batzuek: lehen etapa, adibidez, modu harrigarrian irabazi zuen Romain Bardetek (DSM). Beste egun batzuetan, aldiz, apenas antolatu den ihesaldirik, eta esprint anarkikoak jokatu dira zirrararik gabeko kilometro lauen ondoren. Faboritoak ere igo dira taula gainera, eta gogor hartu dute elkar, mendian gora, erlojuaren aurka nahiz lur gainean. Aste honetan ere aukera bat baino gehiago izango dute buruz buru aritzeko. Txirrindulariek atseden hartu zuten atzo, eta etapa laua jokatuko dute gaur.  

EKINA ETA EZINA

Pogacarren frustrazioa

Tadej Pogacar (UAE) da lasterketako liderra. Maillot horiarekin eman ditu egunik gehienak; bederatzitik sei. Bigarren etapan jantzi, biharamunean erantzi, eta Valloiren berreskuratu zuen. Galibierren eraso bortitza jo, eta bakarrik iritsi zen helmugara. Minutu erditik gora atera zien aurkariei, baina jaitsieran lortu zuen alderik handiena. Maldan gora, berriz, haren pare ibili zen Jonas Vingegaard (Visma). Danimarkarra ez da Tourrera sasoi betean iritsi, eta, halere, tinko eutsi die Pogacarren ekinaldiei. Erlojuaren aurka atzerapen apur bat izan zuen, eta lidergoa 1.15era urrundu zitzaion.

Konforme da Vingegaard, lehen astean are galera handiagoa izatea espero baitzuen. Pogacarrek, berriz, ezin izan du bere nemesia nahi beste atzeratu. Igandean lur gainean egin zuen proba, baina alferrik izan zen. Vingegaardek lurrikara geldiarazi zuen, taldekideen laguntzaz. Momentu batez aurrea hartuta izan ziren bi faborito handiak, Remco Evenepoelekin (Soudal) batera. Flandriarra bigarren dago sailkapen nagusian, eta podiuma erabakita uzteko aukera ikusi zuen. Abenturarako prest zegoen Pogacar; ez, ordea, Vingegaard. Hark azken astean eragin nahi du dardarizoa. Plana, oraingoz, nahieran ari zaio irteten. Lau hautagai nagusien artean, Primoz Roglicek (Bora) piztu du zalantza gehien.

BETI BEZAIN LEHIAKOR

Landa, onenekin

Igandean Vingegaardek koldar jokatu zuela iruditu zitzaion Evenepoeli. Kexu agertu zen. Pozik dago gainontzean, debut bikaina ari baita egiten Tourrean. Ikusteko dago nola aritzen den goi mendiko etapak kateatzen dituztenean. Galibierren, bederen, onenetako bat izan zen. Gertu izan zuen Mikel Landa taldekidea. Hura izan da euskal herritarrik onena nagusiko lehian: zortzigarren postuan bukatu du lehen astea. Erlojupekoan atzerapena pilatu zuen, baina lur gainean ongi moldatu zen.

Oro har, ondo aritu dira euskal ziklistak. Pello Bilbao (Bahrain) nahi baino atzerago dago sailkapenean –hamaseigarren postuan–, Galibierren galera handia izan ondoren. Halere, asko du esateko oraindik. Igandeko etapan erasokor agertu zen. Oier Lazkanok eta Aler Aranburuk, berriz, distira egin zuten ihesean. San Fermin egunez garaipena eman nahi zioten Movistarri. Lazkanok matxura izan zuen; Aranbururi, ordea, indarra falta izan zitzaion esprintean, eta laugarren sailkatu zen. Biak Olinpiar Jokoetako errepideko proban ariko direla jakin zen atzo.

ANIZTASUN HANDIA

Txikiak garaile

Aranbururen aurretik, Anthony Turgis iritsi zen besoak altxatuta Troyeseko helmugara. Lorpen handia izan zen ProTeam mailako Total Energies taldearentzat. Zazpi urte zeraman Tourrean etaparik eskuratu gabe. Arkea, berriz, aurrenekoz gailendu zen bigarren etapan, Kevin Vauquelinen eskutik. Gainontzeko garaipenak beste sei talderen artean banatu dituzte. Intermarche izan da bat baino gehiago lortu duen bakarra: bi esprint irabazi ditu Biniam Girmayrekin. Eritrearra izan da orain arteko esprinterrik onena. Dylan Groenewegenek (Jayco) eta Mark Cavendishek (Astana) irabazi dituzte beste esprintak. Azken hori 35. aldiz nagusitu da, eta Tourraren historian garaipen gehien lortu duen ziklista bihurtu.

MENDIRA BIDEAN

Pirinioak zeruertzean

Mendiak izango dira aste honetako arretagunea. Bihar Erdialdeko Mendigunean ariko dira, Le Lioranen bukatuko den etapan. Lau igoera kateatuko dituzte azken txanpan: lehen mailako bat, bigarren mailako bi, eta hirugarren mailako bat. Azken hori igo eta jarraian aurkituko dute helmuga. Asteburuan, berriz, Pirinioetara iritsiko da tropela. Larunbatean Tourmalet, Hourquette d’Anzizan eta Pla d’Adet igoko dituzte, eta igandean Peyresourde, Mente, Aspet, Agnes eta Plateau de Beille. Lehia piztu da dagoeneko; noiz eta non lehertzen den, ikusteko dago.

SAILKAPEN NAGUSIA

1.Tadej Pogacar (UAE) 35.42.42

2. Remco Evenepoel (Soudal) 33ra

3. Jonas Vingegaard (Visma) 1.15era

4. Primoz Roglic (Bora) 1.36ra

5. Juan Ayuso (UAE) 2.16ra

6. Joan Almeida (UAE) 2.17ra

7. Carlos Rodriguez (Ineos) 2.31ra

8. Mikel Landa (Soudal) 3.35era

16. Pello Bilbao (Bahrain) 5.58ra

consonnik irabazi du giroko bigarren etapa

Chiara Consonnik (UAE) esprintean irabazi zuen Italiako Giroko bigarren etapa, atzo. Sailkapen nagusian, Elisa Longo Borghinik (Lidl) jarraitzen du lider. 

Bestalde, aldaketak egingo dituzte aurten Donostiako Klasikoan: batetik, Bulebarretik irten eta han bukatu beharrean, Zurriola etorbidean hasi eta bukatuko da; eta, bestetik, Murgil igo beharrean, Pilotegi igoko dute amaieran: bi kilometro luze da, eta %11,7ko pendiza du batez beste; %27ko aldaparen bat du. Abuztuaren 10ean jokatuko dute proba hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.