Pizgarritzat hartu dute

Gaur gauean jokatuko dute Jai Alai Summer Season txapelketaren finala. Azpiroz-Larrañaga Barrenetxea IV.a-Juanenearen kontra arituko dira

Azpiroz. Larrañaga, Barrenetxea IV.a eta Juanenea, atzo, Galarretan, finaleko pilota aukeraketan. MAIALEN ANDRES.
Julen Etxeberria.
2023ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Laburra izan da Jai Alai Summer Season erremonte txapelketaren lehen ekitaldia: bi aste eskas. Baina zeresana eman du. Horixe nahi zuen Oriamendi 2010 enpresak, eta horretarako egin zituen aldaketa garrantzitsuak ohiko jardunean: lau erremontista postua aldatuta aritu dira, eta gauez jokatu dituzte larunbateko jaialdiak.

Gaur bukatuko da txapelketa. Finala jokatuko dute Hernaniko (Gipuzkoa) Galarreta frontoian. Xabier Azpiroz eta Iban Larrañaga arituko dira Endika Barrenetxearen eta Aritz Juanenearen kontra. 21:00etan hasiko da jaialdia, eta final nagusia bigarren partida izango da. Aurretik, Bigarren Mailakoa jokatuko dute Aitor Zalduak eta Aritz Eskuderok Julen Loitegiren eta Aitor Aiestaranen aurka.

Lehiaz gain, musika, jatekoa eta edatekoa egongo da. Sarrerak salgai daude jada Oriamendi 2010 enpresaren webgunean. Galarretako txarteldegian ere erosi ahalko dira, egunean bertan.

Azpiroz eta Larrañaga sailkatu ziren lehenbizi finalerako: lehen partida galdu zuten Beñat Segurolaren eta Imanol Ansaren kontra (2-1), baina hurrengo bietan emaitza berberagatik gainditu zituzten Kemen Aldabe eta Javier Urriza lehenik, eta Barrenetxea IV.a eta Juanenea ondoren.

Ezustea hartu dute finala jokatuta. «Beste bikoteen maila kontuan hartuta, ez genuen espero finalera iristea. Baina Ibai atzelaririk onenetakoa da, eta ni ongi aritu naiz; bikote indartsua egin dugu», azaldu du Azpirozek.

Postua aldatu dutenetako bat da: atzetik aurrera egin du. «Gogotsu» hartu zuen erronka. «Beharra zegoelako hasi nintzen atzean. Baina ez dut indar askorik, eta eustearekin konformatu behar dut. Aurrean, ordea, saltsa dago, eta niri asko gustatzen zait hori. Horregatik esan nion enpresari aurrean jokatu nahi nuela».

«Oso gustura» aritu da orain arte. «Gabezia batzuk ditut: adibidez, kosta egiten zait pilotari garaiera ematea. Bestelakoan, ondo moldatu naiz. Horren gustura nabil, ezen enpresako arduradunei esan baitiet nahi dutenean aurrelari jar nazatela». Gustura ikusi ditu ere postua aldatu duten beste hiru erremontistak: Barrenetxea IV.a, Ansa II.a eta Urriza.

«Tantoak bukatu beharreko finala» izango dela dio. Aurkariak goratu ditu. «Txapelketako bikoterik indartsuena dira: Barrenetxeak indartsu ematen dio pilotari aurrean, mugitu egiten du, eta oso defentsa ona du; Juanenea, berriz, ikaragarri ari da osatu zenetik; min egiten du sakez». Baina itxaropentsu daude. «Ligaxkan irabazi genien, eta berriz irabaz diezaiekegu. Ea gure lana ondo egin, eta txapela irabazten dugun».

Helburu bera dute Barrenetxea IV.ak eta Juaneneak. Aurkarien aldean, gehiago sufritu dute bidean: nagusitasunez irabazi zuten lehen partida —2-0 Aldaberi eta Urrizari—, baina hurrengo biak galdu, eta finalerdia jokatu behar izan zuten Segurolaren eta Ansa II.aren aurka. Irabazi egin zuten. «Baina kostata, hiru setetan», zehaztu du Barrenetxea IV.ak. Kezkatuta daude zergatik aritzen diren ondo lehen setean, eta behera egiten duten bigarrengoan.

Lau atzelari finalean

Hala ere, finala jokatuta helburua bete dutela dio; «ondo bete ere». Badu pozik egoteko beste arrazoi bat. «Atzelariok bi bikote osatu ditugu, eta aurrelariek beste bi. Bada, finala lau atzelarik jokatuko dugu. Horra gure aldarrikapena». Badu azalpena. «Atzelariok aurrelariek baino gutxiago arriskatzen dugu. Eta haiek atzean jokatzen hasi direnean konturatu dira ezin direla horrela aritu, hutsak garesti ordaintzen direlako».

«Oso gustura» aritu da aurrean. «Erraz bukatzen da tantoa, eta nik, nire indarrari esker, errazago jartzen ditut aurkariak dantzan. Baina aurrean jokatzeak antsietatea sortzen dit; presaka jokatzen dut. Halere, ikaragarri eskertu dut hamalau urtez profesionaletan aritu ondoren, postua eta jokamoldea aldatzea. Oso gustura aritu naiz. Ez dut baztertzen etorkizunean berriz aurrean jokatzea».

«Ezustea» hartu du Azpirozekin eta Larrañagarekin. «Izarrik gabeko bikote bakarra da. Baina Larrañaga binakakoan izan zuen jokoa hartzen ari da. Oso bikote orekatua da, baita pilota gehien eramaten dituena ere; hori oso garrantzitsua da final batean. Atzelariok aurrelariek baino pazientzia handiagoa dugu piloteoan, eta Azpirozek eta Larrañagak oraindik eta gehiago. Nik indartsu ematen diot pilotari, baina ezin dut horrela aritu tantoak luzeak badira. Haiek, ordea, indar gutxiagorekin aritzen dira; eraman eta eutsi egiten dute. Burua prestatu beharko dugu horri aurre egiteko».

Txapela irabazi edo ez, desio bat du: «Jendea gerturatzea Galarretara, giro polita egotea eta final polita izatea». Konforme daude enpresan txapelketak emandakoarekin, baina azpimarratu du «oso urruti» daudela oraindik lortu nahi duten emaitzatik. «Iazko sanferminetako torneoko datu guztiak ditut: ikusleak, sarrerak, apustuak, tabernako salmentak... Eta aurtengoak %25 hobeak dira. Aldatzea ona izan da, eta jende berria etorri da frontoira, batez ere larunbateko gaueko jaialdietara. Hedabideek ere askoz arreta handiagoa eskaini digute. Distira txikiak dira, baina errealitatea da 200 lagun etortzen direla Galarretara, eta 400 izan nahi ditugula. Segituko dugu lanean hori lortzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.