Pizgarri izatea nahi du

Argi gorria piztua du Athleticek, eta gaur Real Madril hartuko du San Mamesen. Aurkari gaiztoa da, baina emaitza on batek indar handia eman diezaioke

Pizgarri izatea nahi du.
haritz gallastegi
Bilbo
2017ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Espainiako Kopako porrota sasoi honetako kirol ibilbide eskasaren azken kolpea izan da. Athleticen burutik kendu ezinda daude Formenteraren kontrako kanporaketako azken jokaldian gertatutakoa. Inguruak aprobetxatu egin du Alvaroren gola zuri-gorriak gupidarik gabe kritikatzeko. Baina aurrez ere bazeuden arrazoiak gabezia asko mahai gainean jartzeko. Bistan da bolada txarrean dagoela taldea. Hondoratzen ari da, eta ez du aurrera egiteko biderik topatzen. Gogor lan egitea baino ez da geratzen zulotik irteteko.

Ez dirudi garai aproposena Real Madril ahaltsua jasotzeko. Espainiako taldea ez da aurreko sasoiko talde garaiezina, baina erdipurdi ari denean ere puntu gehientsuenak irabazten ditu.

Erronka gaitza dauka gaur Athleticek. Argi gorria piztuta egongo ez balitz, partida ona jokatu eta goi mailako talde bati aurrea eginda konforme egongo litzateke zalea. Bide batez,irabazita edo berdinduta larunbata ondo amaitu eta igandea hobeto asteko arrazoia izango lukete askok. Egun inork ez baitio Athletici eskatzen Real Madril mendean hartzeko. Baina zuri-gorrien egoera ezohikoa da. Beraz, gaurko norgehiagokak ekar ditzakeen ondorioak oso txarrak edo oso onak izan daitezke. Jokoan dauden puntuak hiru dira gaur ere, beraz, sailkapenari erreparatuz gero, gauzak ez dira asko aldatuko. Erditik atzera jarraituko du taldeak. Baina zelaian ikusten denak asko baldintza dezake hurrengo egunetako jarduna. Athleticek jipoia hartuta galdu eta noraezean dagoen taldearen itxura emanez gero, ez da giro izango. Baina, talde lehiakorra izan eta punturen bat irabaziz gero, giroa baretu egingo litzateke, eta taldeak indarra hartuko luke urte amaierako partida garrantzitsuei aurre egiteko. Besteak beste, Zoriaren kontra datorren ostegunean jokatu beharko duen partida erabakigarrirako.

«Uste dut balio dudala»

Kuko Zigandak uste du gaurkoak on egin diezaiokeela: «Kolpe latza jaso genuen asteazkenean. Luzaroan gogoratuko dugu. Baina Real Madrilen aurkako partida pizgarri izan daiteke». Entrenatzaileak badaki arriskuan dagoela: «Nahi dutenera arte egongo naiz hemen. Uste dut balio dudala. Amaierara arte egingo dut borroka. Baikor naiz, gainera».

Egun, gaitza dirudi Athleticek Real Madril estu hartzea, baina, zorionez, futbolean beti ez du irabazten sasoi onenean dagoenak edo diru gehien duenak. Eta Athleticek sarri erakutsi du zailtasunen aurrean hazi egiten dela.

Athleticen eta Reala Madrilen arteko partida berez da erakargarria. Ligako klasiko handietako bat da. Eta San Mamesen jokatzen denean dezente parekatzen dira indarrak. Baina, aurten, partidak ez ezik, Kepa Arrizabalagak ere bereganatu du arreta. Bi taldeek gura dute atezain gaztea. Ondarroarrak ez du zuri-gorriekin kontratua luzatu, eta egunetik egunera Athleticetik urruntzen ari dela dirudi. Madrilen, berriz, desiratzen daude hura fitxatzeko. Atezainak orkatila bihurritu zuen azken partidan, baina gertu dago taldeari laguntzeko. Hamaikako horretan faltako dena Aymeric Laporte izango da, partida bateko zigorra beteko baitu. Haren sasoirik onena ez izan arren, jokalari garrantzitsua faltako zaio Athletici.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.