Jokin Altuna. Aspeko pilotaria

«Pizgarri ederra da aspaldiko lagun batekin txapeldun izaten saiatzea»

«Gustuko tokian» daudela dio Altunak: hark eta Tolosak finala jokatuko dute igandean Bilbon Elordiri eta Zabaletari irabazten badiete. «Txapelketa biribila» egin dutela dio, eta argi utzi du inola ere ez litzatekeela porrota izango finaletik kanpo geratzea.

IDOIA ZABALETA / FOKU.
Julen Etxeberria.
Amezketa
2023ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Goiza da, eta jende gutxi dabil Amezketako Fernando Amezketarraren plazan (Gipuzkoa). Han azaldu da Jokin Altuna (Amezketa, 1996). Tolosan (Gipuzkoa) bizi da, baina laster itzuliko da jaioterrira. «Oso pozik nago; badut gogoa etxera itzultzeko». Lasai dabil: ile apaindegira joan, paseo bat eman, kafe bat hartu, gurasoei bisita egin... Arratsaldean berotuko du hauspoa: Beotibarren entrenatuko da.

Finala jokatuko duzue igandean Bilbon Aitor Elordiri eta Jose Javier Zabaletari irabazten badiezue. Sinatuko zenuen halakorik txapelketa hasi zenean?

Dudarik gabe. Niretzat benetako finalerdia da finalerako sailkatzeko aukera duzun partida, eta horrelakoa da igandekoa: irabazten badugu, finalean gaude.

Beraz, pozik zaudete egiten ari zareten txapelketarekin?

Oso pozik. Gu ez ginen faboritoen artean. Gu buru-belarri aritu gara gure lana ondo egiten, bikote moduan ere ondo aritzeko. Txapelketa oso biribila egin dugu; bestela, ez ginen hona iritsiko. Baina hona iritsita, beti gehiago nahi duzu. Gure esku dago, eta gure esku dagoen guztia ematen badugu, aukera izango dugu.

Hasieratik azpimarratu duzu ez zinetela faboritoen artean. Presioa kentzeko modua izan da?

Ez, baina lasaiago jokatzen duzu zeure burua horren faborito ikusten ez duzunean. Xabik eta biok oso lasai jokatu dugu hasieratik, eta galdu dugunean ere lasai egon gara. Ez ditugu bi partida jarraian galdu, eta txapelketa luze batean garrantzitsua da hori. Galdu ondoren, segituan eman diogu buelta; horrek mesede egin digu. Xabi sekulako lana egiten ari da, eta ni oso gustura ari naiz harekin; ilusio itzelarekin ari da, eta horrek indar pila bat ematen dit.

Inoiz ez duzue aipatu txapela?

Bai, aipatu dugu. Lehen sei jardunaldiak jokatuta, puntu dezente genituen, eta bigarren izateko aukera ikusi genuen; baita lortu ere. Eta finalerdietan, lau bikotetik bi ariko dira finalean. Zergatik ez gara gu izango bi horietako bat? Zaila izango da, baina orain arte lan zaila izan dugu, eta aurrera atera dugu. Ea lortzen dugun.

Kolpea litzateke finala ez jokatzea?

Ez dut horretan pentsatu; ilusio handia dugu, eta erabat kontzentratuta gaude. Galtzen badugu, pena handia hartuko dugu, baina prestatuta gaude galtzeko. Kanpoan geratuta ere aurrera jarraituko dugu, hurrengo txapelketak prestatzen. Inola ere ez litzateke porrota izango finala ez jokatzea.

Pauso batera duzue finala, baina, horretarako, bikoterik indartsuenari irabazi behar diozue. Bikain aritu da aurreko astera arte.

Oso partida zaila da. Nire ustez, haiek izan dira bikoterik onena. Baina azken partidetan, erabakigarrienetan, 22ra iristeak ematen dizu konfiantza, ez sentipenek. Horregatik, kezka pixka bat izango dute azken partida galdu ondoren. Hala ere, adina eta esperientzia dute, eta oso erregularrak dira. Dena eman beharko dugu aukeraren bat izateko.

Nola ikusi dituzu?

Asko gozatu dut haiek ikusten; biek eman dute ikuskizuna euren egitekoan: Josek egindakoak ez du inor harritu, baina, hala ere, harrigarria da; ikusgarri aritu da. Aitorrek sekulako lau eta erdikoa egin zuen: partida on asko jokatu zituen, eta onenei irabazi zien. Eta binakakoan erakutsi du ez zela izan kasualitatea. Luzarorako etorri da. Bikote latza osatu dute.

Ligaxkan jokatu zenuten, Bilbon ere, eta 22-21 irabazi zenieten. Balio du horrek ikusteko irabaz diezaiokezuela?

Ez dago irabazi ezin zaion pilotaririk edo bikoterik, ezta erraz irabaz daitekeen partidarik ere. Sekulako maila dago, eta edozeinek edozeini irabaz diezaioke. Hala ere, argi dugu haiek euren maila ematen badute lan zailaizango dugula: asko defenditu beharko dugu, lan asko egin eta gutxi oparitu. Zaila da hori egitea halako bikote baten kontra. Baina partida bakarra da, eta jende asko joango da Amezketatik eta Anoetatik [Tolosaren jaioterria]. Xabiren zaleek ilusio handia dute, eta horrek indar handia eman digu. Ilusioz gainezka joango gara frontoira. Galdu behar badugu, izan dadila kantxan dena utzita.

Nola jokatu behar duzue?

Sakea dugunean saiatu behar dugu haiek behartzen eta mugiarazten. Jose mugitu behar dugu; bosgarren koadroan geldi badago, ez dugu irabaziko. Aurrena, ahalegindu behar dugu Aitor nahasten. Txapelketa osoan egin duguna egin behar dugu: lan asko egin, pilota asko baztertu, eta asko defenditu. Aukerak aprobetxatu behar ditugu: Xabik laugarren edo bosgarren koadrotik pilota gozatu behar du; eta nik, aukera dudanean, tantoa amaitu behar dut.

Tentsioak goia joko du.

Bai; sekulako saria dago jokoan. Bi bikoteek uste dugu irabazten badugu finala ere irabaz dezakegula. Baina dena behar da: ondo iritsi, ondo jokatu eta burua ondo izan. Azken horrek garrantzi handia du tentsio askoko partidetan.

Finalerdietako ligaxka hasi, eta tentsioak goia jo du. Lehenbizi, Tolosa izan zen; herrenka bukatu zuen Unai Lasoren eta Ander Imazen aurkako partida.

Ez dakigu zergatik gertatu zen hori. Ligaxka amaitzeko bi jardunaldiren faltan sailkatu ginen, eta, nahi gabe, tentsioa jaisten duzu. Eta kolpetik hutsetik hasi behar duzu, eta bete-betean aritu. Tentsio handiagoa sumatzen da orain, baina gustatzen zait tentsioa. Final bat galtzeak pena ematen dizu, baina pena latza ematen dizu ere finalerdietara iritsi eta finaletik kanpo geratzeak; oso politak dira finalaren aurreko egunak. Ea berriz horietaz goza dezakegun.

Bigarren jardunaldian, Elordiri, Jon Ander Peñari eta Jon Mariezkurrenari erasan zien presioak. Eta zuri? Libre zaude?

Libre ez, baina oraingoz ez dit eragin. Lehen partidan, deseroso aritu nintzen zenbait unetan; bigarrengoan, ordea, oso gustura aritu nintzen. Baina kolpea izan zen lehen neurketa galtzea: 12-4 joan ginen aurretik. Askotan ez da erraza halakoei buelta ematea, eta egin genuen; oso ondo aritu ginen, eta horri esker dugu aukera hau. Aitorrek pixka bat sumatu zuen tentsioa azken partidan, baina normala da, ia beti jokatu baitu ondo, eta normala da egun batean okerrago aritzea. Ziur naiz igandean aurreko astean baino hobeto jokatuko duela.

Eskarmentuak laguntzen du?

Bai, bezperakoak lasaiago bizitzeko. Baina tanto bat galtzen duzunean saihetsezina da pentsamendu ezkorra etortzea burura, duda edo beldurra sartu nahian. Argi izan behar duzu etorriko dela baina bete-betean jarraitu behar duzula. Zure esku dagoen guztian izan behar duzu arreta osoa.

Iaz binakakoa irabazi izanak mesede egin dizu? Zama kendu zenuen aurrenekoz nagusituta?

Dudarik gabe. Iaz, horretan gehiegi ez pentsatzen saiatu nintzen, baina zaila zen, nik ere banuelako gogoa lehen aldiz binakako txapela irabazteko. Gainera, oso gustura aritzen naiz binaka jokatzen; ez bakarrik txapelketan, baita urte osoan ere. Baina inoiz ez nuen jokatu finala. Txapela irabazita, lasaitua hartu nuen. Agian, irabazi ez banu, aurten pentsatuko nuen ez nuela irabaziko.

Gustura zaude egin duzun txapelketarekin?

Lehen bi partidak ez nituen jokatu, mina bainuen eskuan. Baina oso gustura aritu naiz, eta ez dut minik hartu.

Nola ikusi duzu bikotekidea?

Oso ondo. Xabik jauzia egin du, eta asko ari da gozatzen. Berak dio haren ibilbideko sasoirik onenean dagoela, eta ados nago. Oso lasaia da, eta oso adi dago beti. Errespetu handia die aurkari guztiei, baina, aldi berean, niri transmititzen dit guztiei irabaz diezaiekegula. Haren animoak eta goseak sekulako indarra ematen didate.

Aurrenekoz ari zarete elkarrekin txapelketa batean, baina askotan jokatu zenuten gaztetan.

Xabi oso handia izan da beti, eta, hori dela eta, gaztetan helduagoekin jokatzen zuen. Benjaminetan eta kimuetan aritu ginen gehien elkarren aurka. Aspalditik ezagutzen dugu elkar. Biak gara pilotariak; ez gara jotzaileak. Ondo uztartzen gara. Bikote oso ona egiten ari gara. Agian gehiagotan jarriko gaituzke elkarrekin.

Ilusioa egiten dizu harekin jokatzeak?

Bai. Eskertu egiten da noizean behin bikotekidea aldatzea. Ez nuen inoiz jokatu Xabirekin, eta harekin ariko nintzela esan zidatenean, ilusio handia egin zidan. Pizgarri ederra da aspaldiko lagun batekin txapeldun izaten saiatzea. Txikitatik ikusi izan dut zenbat lan egin duen, eta profesionaletan, dena eman du beti, izan lehen partidan, hirugarrenean edo estelarrean. Zortzi urte pasatxo daramatza profesionaletan, eta azken bietan izan du aukera goian jokatzeko; lan handia egin izanaren saria da. Zeure burua baloratzeko mesede egiten du ingurukoek egiten dutena baloratzea.

Finala jokatu nahi duzue. Laso eta Imaz sailkatuta daude jada.

Oso bikote erregularra da; beti ematen dute den-dena. Nire ustez, iaz txapelketa hobea egin zuten, osoagoa, baina begira zer egin duten: ez ziren nahi bezain ondo iritsi kanporaketara, eta, horretan, Unaik ez zuen batere partida ona jokatu. Baina justu-justu irabazi zuten, 22-21, eta finalerdietarako sailkatu ziren. Eta lehen partidan, justu-justu ere bai, irabazi egin ziguten: 22-21. Finala jokatzeko aukera ederra zuten bigarren neurketa irabazita, eta ez zuten alferrik galdu; partida latza egin zuten. Bikote oso-oso gogorra da.

Atseden hartuta iritsiko dira finalera. Ez dute bihar jokatuko, eskuko mina dutela argudiatuta.

Ezin da jakin eten horrek mesede edo kalte egingo dien, baina gauza ederra da bi aste izatea finala prestatzeko. Abantaila izango dute finala jokatuko duen beste bikotearen aldean. Merezita daude finalean. Guri gure lanak bakarrik axola behar digu.

Azken txanpan dago txapelketa. Zer iruditu zaizu?

Jende pila joan da frontoietara; oso gutxitan egon da ikusle gutxi, eta askotan jendez lepo egon dira. Txapelketak jendea harrapatu du. Jokoari dagokionez, lehen itzulian, huts dezenteko partida batzuk egon ziren. Baina oso onak egon dira ere bai. Normala da denetarik egotea: txapelketa bat da hau, tentsioa handia dago, eta ez da erraza izaten neurketa guztiak onak izatea. Txapelketa ona izan da. Gainera, bi pilotarik lehen aldiz jokatu dute: Peiok [Etxeberria] eta Aitorrek. Horrek agerian uzten du jendea ondo ari dela lanean, eta enpresak saritu egiten duela ondo ari den jendea. Ea hurrengo urteetan zer norabide hartzen duen binakakoak.

Zaleak aipatu dituzu. Ohikoa bilakatzen ari da pilotariei txistu egitea. Zuri egin dizute gehien. Zer iritzi duzu?

Iruditzen zait ohitura hartzen ari dela, baina Iruñean bakarrik, Labriten. Eibarren [Gipuzkoa] ez da gertatzen horrelakorik, ez Donostian, ezta Tolosan ere. Frontoi pila batetan jokatu dugu txapelketan, eta sekulako giroa egon da askotan. Baina Iruñean bai gertatu da, eta ez behin bakarrik; niri bizpahiru aldiz gertatu zait. Aurrekoan, pilotari batek esan zidan haien partidan ez zela ia entzuten pilotaren soinua. Festarako eta parrandarako tokia bihurtzen ari da Labrit. Iruditzen zait askok erosten dutela sarrera jakin gabe zein partida dagoen; bazkaldu, frontoia eta parranda. Kirolaren balio batzuk errespetatu behar dira; niri ez zait gustatzen txistuak entzutea, ezta partida telebistaz ikusten ari naizenean ere. Oso itsusia da txistu egitea. Nire inguruko zaleren batek txistu egingo balu, ni izango nintzateke lehena esaten ez joateko frontoira edo ondo portatzeko. Baina hor dago negozioaren eta errespetuaren arteko koska. Nola moztu dezake hori enpresak? Ez da erraza.

Nola daramazu?

Ondo. Lehen aldian, harritu egin ninduen; inoiz ez zitzaidan gertatu, eta ez nintzen ondo sentitu. Baina, gero, klik egin nuen, eta neure buruari esan nion nik oso lasai dudala kontzientzia; beti saiatu naiz ikusleekin eta lankideekin gauzak ondo egiten. Txistu egiten duenak eskubidea du hori egiteko, baina nik ez diot garrantzirik emango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.