Kirolarien erretiroa

Pixoihalak besapean hartuta

Madrilgo Munduko Txapelketan zilarrezko domina kolkoratuta erretiratu zen Joane Somarriba, 2005ean. Hiru seme-alaben ondoan eraiki du bizimodu berria.

Joane Somarriba, hiru seme-alabekin, Gatikan (Bizkaia). LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
unai zubeldia
Donostia
2011ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Ahotsean nabari zaio Joane Somarribari (Gernika, Bizkaia, 1972) erretiroak bizimodu hobe baterako pausoa ematen lagundu ziola. Amatasunaren deiak eraginda utzi zuen albo batera pedalen gogortasuna, eta hiru seme-alaba horien zerbitzura bizi da orain. «Lau urte dauzka zaharrenak, Markelek; bi Oinatzek, eta zortzi hilabete Reginak [amonaren omenez jarri zioten izena]». Jaiki, bi zaharrenei gosaltzen eman, eskolara eraman, etxeko lanak egin, txikiena mimatu, haurrak eskolatik etxera eraman... «Lehen, txirrindularitzan neukan burua eguneko 24 orduetan. Zaindu, entrenatu, xehetasunik txikienak kontrolatu, hobetzen saiatu, elikadura zaindu...». Eta orain hiru seme-alabak eta etxea soilik dauzka buruan. «Erabateko aldaketa izan da, lehen urtean batez ere».

Zortzi urterekin hasi zen lehian, eta 34 urte beteta utzi zuen profesionalismoa. «Madrilgo Munduko Txapelketako erlojupekoan zilarrezko domina irabazi ondoren». Ramontxu Gonzalez Arrieta txirrindulari ohia da Somarribaren senarra. Munduko Txapelketan kolpea eman, bizikletari «gero arte» esan, eta hilabete gutxiren buruan bete zuen ametsa. «2005eko abendurako haurdun geratu nintzen. Oso polita izan zen, haurdunaldi hura poztasun handiarekin bizi izan nuelako». Erretiroaren berezko iluntasunari irribarrez begiratu zion. «Oinez ibiltzen hasi nintzen, bizikletan ere bai, baina gozatuz... Ederra izan zen lehen urte hura».

Joaten zen eta joaten da lasterketa batzuk bertatik bertara ikustera. «Eta tropelkide ohiek esaten didate ea ez dudan inbidiarik sentitzen. Baina ez, ez, inolaz ere ez. Nik aukeratu nuen tropela uztea; hor dago gakoa». Goi-goian zegoen erretiroa hartu zuenean. «Fisikoki indartsu nengoen». Baina buruak «kito» esan zion. «Izugarri gozatu dut kirol honekin, asko eman dit eta asko eman diot. Baina gogorra izan da, gizonezkoen kirola delako». Etxean dauka adibidea. «Tropeleko langilea zen Ramontxu, eta nik Giroa eta Tourra irabazi banituen ere, diru gehiago irabazten zuen berak».

Egun batetik bestera ezezagun bihurtzea esan nahi du askotan erretiroa hartzeak. «Baina nik ez dut arazorik izan. Barneratuta neukan aldaketa hori jasan beharko nuela». Gizartean sona galdu arren, erreferentzia bihurtu zen etxeko hiru deabru txikientzat. «Eta erabat pozik nago bizimodu horrekin». Oinatz bigarren semeak hiru hilabete zeuzkanean hil zitzaion Somarribari ama, minbiziarekin. «Gogorra izan zen kolpe hura. Baina umeek izugarri lagundu zidaten aurrera egiten. Haientzat bizi naiz, hiru seme-alaba hauek edukitzea izan delako gertatu zaidan gauzarik ederrena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.