Iraia Mendia. Atleta

«Pixkanaka atleta gisa hazten ari naizela sentitzen dut»

Euskadiko maila absolutuko kros txapelketa irabazi ostean, Mendiak begiz joa du 23 urtez azpiko Espainiako Kros Txapelketa. Sasoi hau bere ibilbidean «mugarria» izango dela uste du.

ELGOIBARKO BARREN ASTEKARIA.
Iñaki Berastegi.
2023ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Zeresana ematen ari diren euskal atletetako bat da Iraia Mendia (Lazkao, Gipuzkoa, 2003). Kros denboraldi aparta egiteaz gain, pista estaliko eta aire zabaleko denboraldia prestatzen hasia da: 1.500 eta 3.000 metrotan aritzen da. Emaitzek ematen duten konfiantzarekin ari da lanean. «Duela hilabete batzuk ez nuen neure burua orain dagoen tokian ikusten».

Azkenaldian lortu dituzun emaitzak direla eta, denen ahotan zaude. Nola sentitzen zara?

Ez dakit denen ahotan ote nagoen [kar, kar, kar]. Niretzat ere sorpresa izan da orain lortu dudan guztia, nahiz eta bilakaera bat nabaritu dudan. Itxialdiaren ostean, gehiago entrenatzen hastearen poderioz, nire markak eta emaitzak hobetuz joan dira, eta, distantzia luzeagoetan aritu izanagatik ere, oso eroso sentitu naiz. Lasterketa askotan nahiko aurrean ibili naiz, eta oso gustura nago egindakoarekin.

Kros denboraldi hau mugarria izan daiteke zure kirol ibilbidean?

Bai, hala esango nuke, Duela hilabete batzuk ez bainuen neure burua orain dagoen tokian ikusten. Egia da helburua Europako 20 urtez azpiko txapelketara joatea zela, baina, hori ez ezik, emaitza ona ere lortu nuen. Konfiantza handia eman dit emaitza horrek, eta ikusi dut esperientzia lortzen ari naizela. Pixkanaka atleta gisa hazten ari naizela sentitzen dut.

Euskadiko kros txapelketan lortutako garaipenak zer balio du zuretzat?

Oso gustura nago lortutako emaitzarekin. Garaipen horri esker, Ortuellan [Bizkaia]] bertan hilaren 29an egingo den Espainiako Txapelketan parte hartzeko aukeratu nau euskal selekzioak. Motibazio handia da, eta barrutia ezagutzeak lagundu egingo dit.

Zer helburu duzu txapelketa horretarako?

Uste nuen 23 urtez azpiko lasterketa eta maila absolutukoa batera egingo zirela, baina ez omen da hala izango. Beraz, 23 urtez azpiko lasterketan parte hartu eta dominen borrokan egotea da asmoa.

Zergatik erabaki duzu maila absolutuan ez parte hartzea?

Batik bat, oraintxe igaro naizelako 20 urtez azpiko mailatik 23 urtez azpikora; mailak eta kategoriak zerbaitetarako daude. Oraindik urte asko dauzkatmaila absolutuan aritzeko, eta uste dut ez nukeela aukerarik izango dominengatik borrokatzeko. Hortaz, nire mailako lasterketa egitea iruditzen zait zentzuzkoena.

Elgoibarko Nazioarteko krosean hamabosgarren amaitu zenuen. Maila absolutuan egin zenuen lehen krosa zela jakinda, emaitza bikaina da, ezta?

Badirudi hamabosgarren postuak balio txikia izan dezakeela, baina, jakinda aurreneko sei edo zazpi korrikalariak kanpotarrak zirela, tartean afrikarrak, eta Espainiako atleta onenetako batzuk ere bazeudela, niretzat handia izan zen hamabosgarren amaitzea. Lasterketaz eta zaleen animoez asko gozatu nuen.

Europako 20 urtez azpiko kros txapelketan lortutako bederatzigarren postuan izan da orain arteko zure lorpenik handiena?

Bai, hori izan da esanguratsuena. Oso harro nago egin genuenagatik [taldeka txapeldun izan zen Espainiarekin].

Berriki, Txindoki atletismo taldea utzi, eta Bilbao atletismo taldera joan zara. Zerk bultzatu zaitu erabaki hori hartzera?

Txindokin beti oso gustura sentitu naiz, baina, Bilbon egonda, atleta moduan garatzen jarraitzeko aukera gehiago dauzkat. Oraindik pista berera joaten naiz, eta bertan Txindokiko atletekin egoten naiz, lasterketetan beste kolore batzuekin aritu arren.

Aurrerantzean, Hoka arropa etxea babesle izango duzu. Beste pauso bat da?

Arropa bidaltzen hasi zitzaizkidanean, ilusio handia egin zidan. Gainera, ni nahiko mutur-fina naiz kirol arroparekin. Duela ez asko, denboraldi amaieran izan ditudan emaitzak direla eta, babesle izateko interesa azaldu zidaten. Oso pozik nago.

Aita da zure entrenatzailea, eta ama nutrizionista. Zer moduz moldatzen zarete?

Aita entrenatzaile dudanetik hasi naiz emaitzak lortzen. Berak lortu du nire onena ateratzea; barruan nuen baina aurkitzen ez nuen potentzial hori ematen lagundu dit. Oso ondo ulertzen dugu elkar, eta harreman polita daukagu. Amak ez dit taula bat zehazten, baina jaten dudana kontrolatzen eta jan behar dudana aukeratzen laguntzen dit.

Kros denboraldia amaituta, pistako eta aire zabaleko denboraldiak datozkizu. Zein dira zure helburuak?

Pista estalian, otsailean egingo den Espainiako Txapelketan parte hartzeko gutxiengo marka dut 3.000 metroetako maila absolutuan. Aire zabalekoari dagokionez, ez diot neure buruari presiorik jarri nahi, baina uztailean Finlandian egingo den 23 urtez azpiko Europako Txapelketan egon nahiko nuke.

Urtezahar egunean Lazkaoko eta Ordiziako (Gipuzkoa) San Silvestreak, biak irabazi izanak ere zeresan handia eman zuen.

Ez nuen uste inor ohartuko zenik, ezta horrelako oihartzuna izango zuenik ere. Goizean, etxeko lasterketa korritu nuen, etxekoa delako. Ondoren, azterketak nituenez, ikasten aritu nintzen, Ordizian aitarekin batera lasterketa korritu aurretik. Lazkaotik Ordiziara korrika joan ginen, eta, lasterketaren ostean, garaikurra eta txapela amari eman, eta korrika itzuli ginen Lazkaora.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.