Zergatik kolokan? Hiru itzuli handiak gabe hanka-motz geratzen delako Pro-Tour Liga. Hiru itzuli handietako antolatzaileek beste hainbat proba entzutetsu ere antolatzen dituztelako, eta haiek gabe hankamotz ez, hilzorian geratuko litzatekeelako Pro-Tour Liga. Egin kontu, bestela. Tourra, Giroa eta Vuelta, Paris-Niza eta Tirreno-Adriatico itzuli txikiak, eta Milan-San Remo, Paris-Roubaix, Fleche-Wallone, Lieja-Bastogne-Lieja, Paris-Tours eta Lombardiako Giroa klasiko handiak. Zertan geratuko litzateke Pro-Tour Liga proba horiek gabe?Haustura abenduan gertatu den heinean, 2006a 2005. urtearen antzekoa izango da taldeen parte-hartzearen arauen inguruan. Ez da aldaketa sakon-sakonik egongo. UCI Pro-Tour Ligako 20 taldeek ziurtatua dute hiru itzuli handietan jardutea, baita hiru handiak antolatzen dituzten beste probetan ere, antolatzaileek horrela erabakita. Bestelakoa izanen da 2007. urteko egoera, akordiorik ez badago. Hala bada, itzuli handiek euren kabuz erabakiko dituzte arauak.Ez da eliza katolikoaren zisma, bereizketa, baina bai txirrindularitza bere osotasunean hartzen duen haustura. Haustura serioa, alde bakoitza bere astoari arre ari baita, egoskor. Zaila da Nazioarteko Txirrindularitza Elkargoaren aldeko edo itzuli handien antolatzaileen aldeko jarrera hartzea, baina UCIren jarrera beste aldearena baino harroputzagoa da, itxuraz. Ez aurten, aspalditik baizik.UCIk nahierara jardun du azken urteetan, bere kabuz egin eta desegin du, eta aurre egin diotenean sortu dira komeriak. UCIk bere arauak inposatu nahi ditu eta itzuli handietako antolatzaileek, indartsu, boteretsu sentitzen diren heinean, ezezko biribilarekin erantzun diote UCIri. Adibide bat. Pro-Tour Ligako 20 taldeek hiru handietan leku ziurra eduki behar dutela dio UCIk, baina antolatzaileak horren aurka daude, zeharo, ez dutelako nahi dituzten gonbidapen txartelak banatzeko aukerarik.
Dirua, iskanbilaguztien iturri
Funtsa dena den, hauxe da: dirua. UCIk txirrindularitzak sortzen duen etekin oro kudeatu nahi duela, baita itzuli handiek sortzen dituztenak ere. Eta jakina, itzuli handiak ez daude ados. Normala ere bada. Tourra da munduko proba onena, etekin handienak lortzen dituena. ASO erakunde antolatzaileak kudeatzen ditu irudi eskubideak, publizitatea eta beste, eta UCIk, kudeaketa hori beretzat eskatzen du. Arrazoia, Tourra Pro-Tour Ligako lasterketa dela.
UCIk txirrindulari taldeekin duen akordioa erabiltzen duhiru handietako antolatzaileak mehatxatzeko. Alegia, bere eskaerei men egiten ez badie, Tourrak jubenil mailako taldeak gonbidatu beharko dituela. Egoera hori gauzatuko den edo ez jakitea zaila da, baina itxuraz, harropuzkeria traza dauka mehatxu horrek. Zer jarrera hartuko du talde batek, Tourra korritu, ez korritu egoeran? UCIren agindua bete, edo Tourra korritu eta UCIri muzin egin. Normalean Tourra korritu, Tourra ez korritzeko erabakia hartuz gero, babeslea galduko lukeelako talde horrek. Eta babeslerik gabe, dirurik ez. Eta dirurik gabe, talderik ez. Tourra, Giroa eta Vuelta horren jakitun dira, eta apenas urduritu dira UCIren mehatxuarekin.Alde guztien iritziak entzute aldera, honatx azken asteetan esandakoen adibide argigarri batzuk: Johan Bruyneel Discovery Channel taldeko kirol zuzendariak hiru itzuli handien aurka egin du, Ligako beste taldeetako arduradunek bezala: «Irudi eskubide guztien jabetza osoa aldarrikatzen dute, eta ez dira jabetzen ikuskizuna txirrindulariek ematen dutela. Eskubideen portzentaje bat txirrindulari taldeentzat izan beharko luke, txirrindulariek antolatzaileek baino gehiago sufritzen dutelako. UCI hori lortzeko lanean ari da».Bestelako iritzia du Angelo Zomegnan Giroko antolakuntza buruak: «Pro-Tour Liga hautsita jaio zen jostailua da. 20 talde inposatzen dituzte eta txirrindularitzako historia egin duten probak nahi ez dituzten arauak ontzat ematera behartu. Zer egin behar du Ligan sartu ez den talde bateko babesleak, Ligan sartzeko, kirol emaitzen araberako igoerarik eta jaitsierarik ez badago? Ez da justua. Ea noizbait konturatzen diren».Eta azkena, UCIko presidente berriarena, Pat McQuaid irlandarrarena. Aurreko biak ez bezala, Mc Quaidek akordioa lortzeko deia egiten du: «Haustura dago, baina pitzadura ixteko borondatea daukagu. Negoziaketa ez da erraza izanen, baina txirrindularitzako etorkizuna dago jokoan eta denok akordioa nahi dugulako, lortuko dela uste dut».Pitzadura ireki, ireki da. Arriskutsua gainera. 2006a bi aldeen arteko dema izanen da. Nork egin gehiago atzera, nork eman amore, horixe aurtengo jokoa. Litekeena da probaz probako negoziazioen bitartez, egun Pro-Tour Ligako lasterketak ez direnak Ligako probak izatea azken orduan.
Euskal Herriko bi proba, Pro-Tour Ligan aurten ere
Herren jaio den 2006. urteko Pro-Tour Ligak bi geldialdi izanen ditu Euskal Herrian, iaz bezala. Euskal Herriko Itzulia izanen da lehen hitzordua, apiril hasieran. Aurten sei eguneko itzulia izanen da, UCIk, zentzu handi-handirik ez duen arau berria jarri baitu indarrean: itzulietako azken egunean bi sektore debekatzea. Txirrindularitzako proba erakargarrienetako bi ataria eta ondorena izanen dira: Flandesko Tourra eta Paris-Roubaix. Donostiako Klasikoa izanen da bigarrena. Abuztuaren 12an jokatuko da.
Australian eta Malaysia aldean aste pare batean hasiko dira probak. Europan urtarrileko azken egunean. Otsailean Mallorca, Andaluzia eta Valentziako itzuliek eta Mediterraneoko Tourrak hartuko dute txanda. Negua bukatu gabe dagoela hasi behar luke Pro-Tour Ligak, Paris-Niza lasterketa entzutetsuan. Eguzkiaren lasterketa ASO erakundeak antolatzen du, Tourra bezala, eta oraingoz, Paris-Niza Pro-Tour Ligatik kanpo dago. Ez horregatik ikuskizunetik kanpo.
-
EUSKAL TALDEAK
Euskaltel-Euskadi eta Kaiku, aferaren bilakaeraren zain
Euskaltel-Euskadi eta Kaiku taldeko kirol arduradunak arreta handiz jarraitzen ari dira UCI Nazioarteko Txirrindularitza Elkargoaren eta itzuli handien arteko afera. Euskaltel-Euskadiko managerrak akordioa lortu, lortuko dela esan dio berriari, «bi aldeei interesatzen zaielako. Diru asko dago jokoan eta, azkenean, adostasuna iritsiko da». Lasai dago Madariaga, «urte oso bat daukatelako akordioa lortzeko». Madariagaren ahotan, bi aldeek esan dituzte esan behar ez zirenak, «baina atzera egiteko tartea badago».
Oscar Guerrero ere adi-adi jarraitzen ari da egoera. Vuelta korritzea aferak eduki dezakeen bilakaeraren arabera dago. Itzuli handiek 20 taldeak gonbidatuko dituztela baieztatu arren, ez dute parte hartzera behartuko, UCIk bezala, eta talde horietako bakarren batek gonbidapena ezetsiko balu, Kaikuk aukera izanen luke Vuelta korritzeko. Guerrerori eta Kaikuri bi aldeek akordiorik ez lortzea komeni zaie, alegia, hiru handiek finkatzea euren arauak. UCIk erabakitzen baditu, Kaikuk jai izanen du berriz ere Vueltan.