Zurrunbilo batean sartuta dago Eukene Larrarte (Tolosa, Gipuzkoa, 1998). Aurreko astean zilarrezko domina kolkoratu zuen pistako Europako Txapelketetan, eta, etxean egonaldi labur bat egin ondoren, Valentziako Itzulian lehiatzen ari da egunotan. Hortik Indonesiara joango da zuzenean, Nazioen Kopan parte hartzera. «Gorputzak eutsiko dio; burua, ordea, nekatuta sumatzen dut».
Zure izena bolo-bolo ibili da. Nola bizi izan duzu Europako Txapelketaren ondorena?
Arretaren erdigunean egotea ez zait askorik gustatzen, onartu beharra daukat, baina hori ere kudeatzen ikasi behar da. Halako emaitza bategatik baldin bada, gainera... Denetariko emozioak izan ditut: apur bat urduri egon naiz, eta harrituta ere bai.
Domina «oldarkor» aritzearen ondorio izan zela azaldu zenuen hura irabazi zenuen egunean bertan. Nola oroitzen duzu lasterketa?
Maria Martins portugaldarrarekin egin nuen aurrera. Munduko txapeldunorde da omniumean; txirrindulari handi batez ari gara. Scratch proban, beste faborito batzuk zeuden esprinterako, baina ni beti saiatzen naiz halako lasterketak apurtzen. Martins eta biok ondo ezagutzen dugu elkar, eta aukera ikusita, ez genuen bitan pentsatu. Azkenean, helmugaraino iritsi ginen.
Txapelketa biribila izan zen zuretzat: Espainiako marka berria ezarri zenuten taldekako jazarpen proban, eta txukun aritu zinen omniumean eta madisonean [11. eta 10. postuan sailkatu zen, hurrenez hurren]. Gustura izango zara, ezta?
Taldekakoan, garapen handia izan dugu. Tarte handia kendu diogu iazko denborari. Oso pozik gaude emaitzarekin. Omniumean eta madisonean, berriz, atzean utzi ditugu aurkari zuzen gehienak. Lehen pausoa eman dugu Olinpiar Jokoetarako bidean; aukera erreal gisa ikusten dugu.
Txirrindulari gisa, Olinpiar Jokoak dira zure jomuga nagusia?
Gauza handia da, baina ez naiz itsutzen. Europako Txapelketa eta Munduko Txapelketa irabaztea ere helburu gorenak dira niretzat. Iruditzen zait errepidean beste martxa bat daramadala, esperientzia txikiagoa dudalako, baina lasterketaren bat irabaztea ere gustatuko litzaidake.
Zer diagnosi egiten duzu pistako ziklismoak Euskal Herrian duen egoeraz?
Urtero, neguko challengea antolatzen da Anoetako belodromoan, eta izugarria da ikustea zenbat txirrindulari biltzen diren. Halere, pixka bat galtzen gara gazte mailatik elitera bidean. Hor belodromoen egoera aipa daiteke: iruditzen zait euskal txirrindularitzari asko lagunduko liokeela egurrezko belodromo bat edo beste baldintza batzuetan dagoen belodromo bat edukitzeak. Anoetakoari estimu handia diot, baina kanpora irten behar dugu benetan entrenatu nahi dugunean.
Pista eta errepidea uztartzen dituzu. Nola moldatzen zara?
Lan gogorra da biak uztartzea, bietan maila gorenean nabilelako. Exijentzia oso handia da, baina erakutsi nahi dut posible dela bi modalitateetan aritzea. Egia da pistan hobe pasatzen dudala errepidean baino, eta, oraintxe bietako bat aukeratu beharko banu, pista aukeratuko nuke. Niretzat, badu zerbait berezia.
Iazkoa zure lehen sasoia izan zen Bizkaia-Durangorekin. Zer ondorio atera zenuen?
Asko dudala ikasteko. Ikusi nuen apur bat falta zaidala zenbait eremutan: igoera luzeetan, klasikoetan... Ikasketa prozesu handi bat izan nuen iaz, eta alde handia nabaritu nuen urte hasieratik bukaerara. Pauso horiek finkatzen hasi nahiko nuke aurten, eta beste jauzi bat egin. Polita izan daiteke nazioarteko proba garrantzitsuren batean lehen hamar onenen artean sartzen saiatzea.
Bi itzuli handitan lehiatu zinen: Giroan eta Vueltan. Zer-nolako esperientzia izan zen?
Taldean barre egiten dugu Giroa oroitzean. Mugarri izan zen: hamar egunez horren etapa gogorrak egin ondoren, beldurra galtzen diozu edozein erronkari. Esan daiteke Giroak eta Vueltak benetan gogortu nindutela txirrindulari gisa.
Talde gisa, zer ikuspegi duzue denboraldi honi dagokionez?
Aldaketa batzuk izan dira, baina eutsi egin zaio bizkarrezurrari. Talde xumea gara, baina nazioartean jokatzen ditugun lasterketa guztietan geure buruaren berri eman nahi dugu. Garaipen bat lortzea ez da pentsaezina; adibidez, 2021ean etapa bat irabazi zuen Valentziako Itzulian. Zaila da, baina ezinezkoa ere ez.
Sopela taldeko Estela Dominguez kamioi batek harrapatuta hil zen, aurreko ostegunean. Tragediak nola eragin dizue?
Oso-oso gogorra da. Afaltzen ari ginela jaso genuen albistea, eta oso gorputzaldi txarra utzi zigun. Ezaguna nuen, harekin lehiatu bainintzen iaz. Min handia eragiten dizu halako albiste batek, eta beldurra. Egunero irteten gara errepidera, eta edozeini gerta dakioke halako ezbehar bat. Susto asko izaten dugu.
Zergatik gertatzen dira halako istripuak, eta zer konponbide eman dakioke egoerari?
Orokorrean, gidariei heziketa falta zaie txirrindulariekin. Askotan, amorruz jokatzen dute, aintzat hartu gabe gu ere errepideen erabiltzaileak garela. Duela hilabete, liskarra izan nuen gidari batekin, eta geldiarazi egin nuen, azaltzeko hortik ondo nindoala. Konturatzen zara arauak ez dakizkitela. Gero, ziklista gisa, aitortu behar dut guk ere egiten ditugula okerrak. Elkarbizitza eta errespetu kontua da.
Eukene Larrarte. Bizkaia-Durangoko txirrindularia
«Pistan hobeto pasatzen dut errepidean baino»
Larrarte Europako txapeldunorde izan berri da pistan, eta errepideko sasoia ere hasia du jada. «Min handia eta beldurra» eragin dizkio Estela Dominguezen heriotzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu