Ibai Zabalak gaur jokatuko du bere ibilbide profesionaleko azken partida, Zornotzan (Bizkaia). Hamahiru urtean une «gaziak eta gozoak» izan ditu, baina esperientziak ondo zailduta utziko du gorengo maila: «Ibilbide luzeko kirolariak denetik bizi du. Hori kudeatzen jakin behar da».
Gaur jokatuko duzu zure ibilbide profesionaleko azken partida. Nolako sentipenak dituzu neurketaren atarian?
Denetik pixka bat. Pena, batez ere kideengatik, aldagelako giro horrengatik eta han uzten ditudan lagunengatik. Bestalde, egun polita izango da; badakit zerbait prestatu dutela, nahiz zer den jakin ez. Gertukoak elkartuko gara, eta gozatzeko eguna izango da.
Gozatzeko egun bat da, beraz?
Horretan saiatuko naiz. Azken batean, urte asko daramatzat mundu honetan, eta badakit gauzak nola izaten diren. Beti gogoratzen dut debuteko eguna: gozatzeko eguna da, baina, gaztea izanda, beste ideia batzuekin egoten zara, eta ez da horrenbeste disfrutatzen. Orain, esperientzia izanik, saiatuko naiz hasi eta buka gozatzen.
Sare sozialetan, partidako afixa iragartzerakoan, «zuekin eta zuentzat» esaldia gehitu duzu. Horrek laburbiltzen al du zer izan den pilota zuretzat?
Bai. Hori da: zuekin eta zuentzat. Jende askok lagundu nau urte hauetan guztietan. Argazkitik kanpo geratzen den jendea da, baina kirolarien bizitzan ezinbestekoa dena. Zuekin eta zuentzat: nire inguruko horientzat, eta ez ingurukoentzat soilik. Nire pertsonaren eta nire pilotari izatearen parte izan direnentzat, eta nire ibilbidea gustuko izan dutenentzat.
Hamahiru urteko ibilbidea egin duzu. Zer-nolako balorazioa egiten duzu?
Balorazio positiboa. Pilotak gauza asko eman dizkit, eta gutxi kendu. Denbora librea, akaso: asteburuak, eta udako opor giroa. Beste gauzaasko eman dizkit, ordea. Bai maila pertsonalean, baita lan aldetik ere. Balorazio positiboa egiten dut; denetik probatu dut, gazitik eta gozotik. Momentu gaziak albora utzi, eta gozoak gorde behar dira norbere kolkorako.
Zein izan da urteetan irauteko sekretua?
Lana eta lana. Pilotari langilea izan naizela uste dut. Beti esan dut niri ez didatela kontrakorik egotziko. Ebakuntzak eta lesio larriak izan ditut, asko, eta eduki dudan zoriona izan da ondo osatu izan naizela, eta egoera horiei buelta ematen jakin dudala. Gero, izan ditut Lehen Mailako txapelketak, udako torneoak... Politak izan dira. Beste batzuk gaziagoak. Ibilbide luzeko kirolariak denetik bizi du. Hori kudeatzen jakin behar da, eta esperientziak lagundu egiten du.
Lehen esan duzu debuteko egunean akaso ez zenuela nahi adina gozatu. Zer oroitzapen dituzu?
Egun oso polita izan zen, norberarendako, eta inguruarendako. Profesionaletara igarotzea beti da gauza ederra. Agian, partida bera ez nuen behar beste gozatu, mundu berri batean sartzen zarelako. Urduritasunak kudeatzea ez da erraza izaten. Hamahiru urtean gauza asko ikasten dira, eta agurrekoa gehiago gozatuko dut.
21 urte zenituen orduan, 34 orain. Orduko Ibai Zabala eta oraingoa berbera al da?
Ez. Urte erabakigarriak izaten dira norbere izatearen eta pertsonaren bilakaeran. Ez naiz gehiegi aldatu, baina garatu egin naiz, eta ezberdina naiz. Heldutasunak ematen duen puntuarekin, eta gaztetasunaren puntu bizi edo zororik gabe orain, baina Ibai Zabala pertsona bera da: alor batzuetan landu da, eta beste batzuetan galdu du.
Eta pilota zertan aldatu da aldi horretan?
Uste dut aldaketa hori sakonagoa izan dela Ibai Zabalarena baino. Pilotarien koadroan, adibidez: debuta egin nuenean, 34 ginen enpresan; orain, 22-23. Hor aldaketa handia egin da. Jokatzeko era ere oldarkorragoa da orain: airez-eta gehiago sartzen da gaur egun, eta, garai hartan, partidak luzeagoak izaten ziren. Gaur egun, 600 pilotakadako partida luzetzat hartzen da, eta lehen gauza normala zen.Beteranoen figura ere desagertu egin da: ni banoa, eta laster joango dira Aimar [Olaizola II.a] eta Oinatz [Bengoetxea VI.a]. Pentsa hurrengo beteranoena nor izango den. Pilota, batez ere, ikusleak eskatzen duen horretara aldatu da. Gauza batzuetan ados nago, besteetan ez horrenbeste, baina ez da ahaztu behar pilota profesionala negozio bat dela.
Debuta egin eta gutxira jokatu zenuen sasoi bateko partida gehien: 55. Garai gozoa izan al zen?
Bai. Hasieran, ikasten eta hasiberrien ilusioarekin aritzen zara. Debuta egin, eta mundu berri batean murgiltzen zara. Nire lehen binakako txapelketetan bi final jokatu nituen: bat galdu egin nuen, eta bestea, irabazi. Goranzko bidean jarrita, hasierako urteak berritasuna izan ziren, eta horrek gozotasuna eman zien.
2010ean irabazi zenuen Promozio Mailako binakako txapela. Nola oroitzen duzu?
Momentu polita izan zen. Gainera, 2009ko finala galdu izanaren arantza atera nuen. Horrez gain, 2010eko txapelketa hori jokatzen ari nintzela, Lehen Mailako ordezkapenak egin nituen. Ondo jokatzen ari nintzen, eta finalaren ospakizunak ere ederrak izan ziren.
2013ko binakakoan Aimar Olaizolarekin aritu zinen, maila nagusian, eta finalaurrekoetara heldu zineten. Garairik mediatikoena izan al zen?
Hura, bai, eta 2014an ere oso uda ona egin nuen: partida asko irabazi nituen, Zarauzko [Gipuzkoa] txapelketa ere bai, Bilbon eta Donostian finala jokatu nuen... Urte politak izan ziren emaitzen aldetik. Halakoetan lortzen duzu izen mediatiko hori. 2013ko binakakoa Aimarrekin jokatzeak ere eman zidan, nahiz eta presioa ere bazuen horrek, izar handienetako batekin jokatzeak beti izaten baitu.
Lesioak ekarri dituzu hizpidera. Zure ibilbidea baldintzatu dute?
Beti baldintzatzen dute. Profesionaletan, eskuko lau ebakuntza egin dizkidate, hankako hezurra bi aldiz hautsi dut, eta, horrez gain, betiko lesio txikiak daude: zuntz hausturak, eskuko minak... Betiko lesioei larriagoak gehitzeak denbora bat kantxetatik kanpogeratzera behartzen zaitu, eta, loraldian bazaude, eten egiten du. Jarraitutasuna noraino erakutsi ahalko nuen ez jakitearen pena dut. Bestalde, lesio asko izan eta beti osatu izanaren poza badut. Eta lesioak ikasgai ere badira, erakusten baitute jausi arren gai garela berriz jaikitzeko.
Txapelketen giroa edo udako jaialdiena nahiago?
Bakoitzak berea du, baina nik uste dut pilotari guztiek bat egingo dugula udako garaia oso polita dela, pandemiaren aurretik behintzat: herriko jaiak, eguraldia, jendea... Gero, ez dago txapelketa ofizialetako presiorik, nahiz eta kirolarientzat haiek ere baduten beren alde ona. Denak du A aldea eta B aldea, eta bien arteko balantzan aritu behar da.
Abuztuaren 2an amaituko zaizu kontratua. Hura luzatzea nahi al zenuen?
Enpresaren erabakia jakin aurretik, nire barne hausnarketa egin nuen, neure buruarekin eta ingurukoekin. Balantza batean jarri nuen pilotak zer eman eta zer kentzen duen. Ikusita irakaskuntzaren bidean ere hasia nengoela, eta hor segitu nahi nuela, zalantza nuen zer egin. Nik erabaki bat hartu aurretik, enpresak berea hartu zuen, eta erabaki hori erraztu zidan. Jada ez zegoen erabakirik hartu beharrik, eta aurrera.
Uste duzu greban izan duzun jarrera aktiboak eragina izan duela kontratua ez luzatzean?
Aspaldian askok egin didate galdera hori, eta erantzun batera jo dut: hori enpresak esan behar du. Norberak esatea horrek baldintzatu duela, hori egoa puztea da. Gero, zer uste dudan? Baldintzatu duela. Zenbateraino? Ez dakit. Baldintzatu duela ukatzea errealitate bat ukatzea litzateke. Baina bere garaian esan nuen greban rol hori jokatzeak albo kalte batzuk izango zituela, eta haiek onartzeko prest nengoela, eta kito.
Zerk bultzatu zintuen jarrera hori hartzera?
Gauza asko batu ziren. Batetik, nire izaera: injustizien aurrean ez naiz izkina batean geratzekoa, oro har, bizitzan. Buruak hori eskatzen dit, eta garai hartan gauza nahiko gogorrak gertatu ziren, lau pilotariren kaleratzeekin-eta; gainera, haiek itzuli direnean, frogatu dute bidegabea izan zela. Horrez gain, esan izan dut: beterano izateak aurrerapauso bat ematea eskatzen du, eta hobe da albo kalteak hark jasatea, gazte batek baino. Gero, prozesu hartan egon ziren kideek pentsatu zuten ni nintzela egokiena rol hori jokatzeko, eta onartu egin nuen.
Kanpotik, itxura du zaleek abegi ona egin dizutela beti. Hala sentitu izan al duzu?
Pilotazaleen aldetik oso maitatua sentitu izan naiz beti. Bai azken garaietan, eta baita hamahiru urteetan ere. Normala da kritikak jasotzea; norbere lana txarto egitean, onartu egin behar dira. Hori da kirolariak beregan duen zama. Ez naiz mailarengatik pasatuko pilotarien historiara; ez naiz izar handi bat izan, baina horrenbeste urtean hor egoteko bertutea izan dut. Uste dut kantxan beti erakutsi diedala errespetua pilotariei eta zaleei, eta dena eman dut. Uste dut zaleek baloratu egiten dutela hori.
Iritziak natural-natural eman ohidituzu. Errespetua lortzen lagundu al dizu horrek?
Baliteke. Iritziak beti dira iritzi, eta norberearen aldekoak eta kontrakoak daude. Askorengan iritzi positiboa sortuko nuen, eta beste zenbaitengan, kontrakoa. Maila politikoan edo sozialean plazaratzean, horretara jartzen da bat. Kritika positiboak izan ditut, baina bestelakoak ere izango dira. Halakoak ere onartzen ditut, eta nire mahaira gonbidatuta daude.
Arazorik sortu al dizu?
Zuzenean ez; sortu izan badu, ez naiz konturatu. Esaten da kirolariek iritziak ezkutatzeko ohitura dutela, ez dakit zergatik. Pentsatzen dut hedabide hegemoniko batzuen ildo editorialari jarraitzen ez badiozu kaltetuta irten zaitezkeela, eta badago kirolarien beldur hori. Baina uste dut beldurrez bizitzea baino gauza okerragorik ez dagoela bizitza honetan, eta hala jokatzen dut.
Euskara irakaslea zara, eta hizkuntzarekiko engaiamendu handia duzu. Zein da frontoietako egoera?
Kalean gertatzen den hori gertatzen da. Nik debutatu nuenean, pilotari askok ez zekiten euskaraz, eremu ez-euskaldunetan edo erdi euskaldunetan bizi zirelako. Gaur egun, errioxarrak kenduta, denek hitz egiten dute. Ezagutzari dagokionez, hori; baina erabileran atzera goaz. Eguneroko hizkuntza bat izateari dagokionez, atzera goaz. Euskarak espazioa galdu du; eremu ez-euskaldunetan irabazten hasi da, baina eremu euskaldunetan dezente galdu du. Frontoia gizartearen isla da: ez gara bazterreko zerbait. Hori da garai honetan dugun zoritxarra.
Ibai Zabala. Baikoko pilotaria
«Pilotazaleen aldetik oso maitatua sentitu izan naiz beti»
Agurraren atarian, Ibai Zabalak esan du «lana eta lana» izan dela maila nagusian hamahiru urtez aritzeko sekretua. Azken partidan «gertukoekin gozatzeko» prest agertu da berriztarra. Bere ibilbide luzeak arlo pertsonalean izandako eragina ere aletu du: «Ez naiz gehiegi aldatu, baina garatu egin naiz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu