«Pilota mundua maite dudalako nago hemen». Martin Alustiza (Segura, Gipuzkoa, 1961) ezagutzen duenak badaki gutxik maite dutela pilota hark adina. Hitzordua, esaterako, Usurbilgo pilotalekuan egin du, han bizi baita. Lau eta erdiko txapelketan hasi da pilota hautatzaile lanetan, eta igandekoa du lehen finala.
Zergatik onartu duzu enpresen ligako hautatzaile izatea? Ez da esker oneko zeregina.
Zalantzak izan nituen eskaini zidatenean, eta egun pare batez pentsatu nuen. Onartu nuen pilota mundua oso gustuko dudalako. Badakit zein lan hartzen dudan, eta aldagai guztiak mahai gainean jarrita gustura hartu nuen.
Aurretik enpresa bateko intendente izateak —enpresetan intendenteak arduratzen dira pilotak jartzeaz— mesede edo kalte egiten du?
Mesede. Nik badakit zein lan duen intendenteak. Ni, bere garaian, Juan Mari Juaristi pilota hautatzaile ohiarekin pilota aukeraketa askotara joan nintzen, kilometro asko egin genituen elkarrekin, eta asko ikasi nuen.
Pilota aukeraketa, nolabait, hautatzailearen eta intendentearen arteko borroka bat da
Bai, bai. Intendenteak bere pilotaria mimatu behar du, eta hautatzaileak ez dio horri begiratu behar. Hark pilotalekuari begiratu behar dio, eta pilota ez dadila izan gehiegizkoa. Hautatzaileak ez dio begiratu behar pilotariari, baina intendenteak bai; hori horrela da. Hala ez balitz, ez litzateke hautatzailerik beharko.
Juan Mari Juaristik zioen kargua hartzean familiarekin hitz egin zuela. Kritikak entzungo zituztelako. Badakizu pilota munduko gaiztoa zarela orain?
Bai, badakit non sartzen naizen. Juan Mari eta biok pilota aukeraketa askotatik elkarrekin itzuli ginen, eta, behin baino gehiagotan, biok isil-isilik. Arazoak zeudenean gogorra zen, tristea... Askotan gaizki pasatzen duzu. Hark gaizki pasatu zuen, eta nik ere izango ditut nire bolada txarrak. Baina pilota mundu honek pisu handiagoa du gugan bolada txar horiek baino. Pilota estandarra balego, agian ez, baina, egun pilota dagoen moduan, beti beharko da hautatzaile bat, eta ni edo beste bat izanda, beti egongo da iskanbilaren bat.
Juaristirekin hitz egin al duzu?
Bai, eta animatu egin ninduen. «Zuk badakizu zer den hau, baina kontuz», esan zidan. Bizi guztia daramat hemen, baina kezka hor egongo da.
Kritiken beldur al zara?
Kritikak onartu egin behar dira, eta, pilotariak arrazoia badu, kasu egin. Edozeinek sar dezake hanka, eta pilota probatzen duzun egunetik partidara pilotaren ezaugarriak alda daitezke. Baina normalean ez dira aldatzen. Askotan, asteazkeneko kritikak asteburuan desagertu egiten dira, batez ere partida ona bada.
Lau eta erdikoa, zure lehen txapelketa karguan, lasaia izan da Victorren kexa batzuk kenduta.
Bai, hala da. Harritu ninduen Victorrek, batez ere Ezkarain, bere herrian, Elezkanori irabazi ondoren esandakoak. Partida oso ona egin zuten, irabazi egin zuen, eta kexatzea Ezkaraikoa nolako pilotalekua den kontuan hartuta. Lurra porlanezkoa da, pilota azkar ibiltzen da. Han, pilota normala jarri, eta bizi ibiltzen da. Zeudenak oso politak ziren, eta ni oso lasai nengoen. Pilotak egokiak ziren. Beste egun batzuetan gerta daiteke pilota bizia nahi izatea eta ez egotea; Victorrek bizia nahi du. Nik onartzen ditut bere kexak, baina nik nire lana egin behar dut, eta nire irizpideari eutsi. Pilotariari kasu egin behar zaio, baina gehiegi ere ez. Norberak bere bidea egin behar du. Pilotari batek egun batean pilota bizia eska diezazuke, eta, hurrengoan, motela, daukan aurkariaren arabera.
Sistema berriarekin lasaiago zaude? Orain, pilotariak ezagutu gabe egiten da lehen galbahea.
Bai. Pauso garrantzitsua da. Eliteko kirola da hau, eta pilotariak zeintzuk diren jakin gabe jarri behar dira pilotak. Sistema oso garbia da. Seriotasun handiagoa ematen dio txapelketari.
Zein litzateke sistema perfektua? Hautatzaileak harreman zuzena izatea pilotagilearekin?
Oso zaila da. Ez dakit... Horretarako txapelketa aurkeztean pilotaleku guztiak zeintzuk izango diren jakin beharko litzateke. [Pilotagile-hautatzaile] Harreman zuzenarena enpresek ez lukete onartuko; intendenteak garrantzi handia du pilotan. Enpresak eta intendenteak euren pilotariak babesteko daude.
Ezaugarri jakin batzuetako pilota egin al daiteke?
Saiatzen dira, baina ez dut uste egin daitekeenik. Zerbait biziagoak edo motelagoak bai, baina neurri-neurrira ez. Ia-ia ezinezkoa da. Pilota asko eskatu, eta mota askotakoak jasoko dituzu. Intendente batek pilota mota asko behar ditu. Oso biziak direnak, adibidez, udan pilotaleku oso latzen bat egokitzen bazaizu erabiliko dituzu, edo inaugurazio batean, lurra gastatzeke dagoenean. Baina, txapelketarako, beste indar bat izan dezatela behar da. Txapelketako pilotek helduentzako pilotak izan behar dute: indarrekoak, abiadura handikoak...
Gaur egun zein tankerako pilotak egiten dira?
Nik uste dut pilota nahiko fuertea erabiltzen dela. Lehen Mailan, egun pilota motelik ez dago. Lurretik asko ibiltzen diren pilotak dira. Biziak baino gehiago, azpitik asko ibiltzen dira, indarra hartzen dute, eta boteak metro asko egiten ditu. Gure garaian bote handiagoa izan zezaketen, baina bote hori lasaiagoa zen. Cipriren pilota pixka bat gehiago irteten zen, bote handiagoa zuen, boteak beste angelu bat zuen. Baina ez zen hain azkar ibiltzen. Duela hamabost urteko partida bat ikusten duzu, eta badirudi auskalo noizkoa den. Biziegia? Botera jokatu genuenok esaten dugu biziegiak direla, baina ohitu gara horretara, gu, zalea... Eta pilota horiekin partida ona irteten denean, ikuskizun hutsa da.
Egungo jokoa gustatzen zaizu?
Gure garaikoa baino ikuskizun hobea da. Jokatzeko era aldatu da, askoz azkarrago jokatzen da. Edozein kiroletan gertatzen da: zenbat eta biziago jokatu, gero eta ikusgarriagoa da. Gure partidak gogorragoak izango ziren, mila pilotakadakoak, baina ezin da egungoekin alderatu.
Intendente batek etxean zenbat pilota izan ditzake?
Enpresa batek astero-astero 30 pilota hartzen ditu, 50 aste urtean... Pilota horiek behar dira, erabili egiten dira. Askotan, jaialdia antolatu, eta pilotak herriko klubari ematen zaizkie. Stockean ehundik gora pilota berri izaten ditu. Behar dituzu. Intendentea astero egoten da pilotagilearekin, txapelketaren araberako pilotei buruz hitz egiteko. Etengabeko harremana da. Orain, Punpa da pilota egile bakarra da, eta ni hasi nintzenean Cipri ere bazegoen.
Lehen ez al zeuden eztabaida gehiago? Agian pilotariak baretu dira...
Nik uste dut baietz, lehen gehiago egoten zirela. Orain, ez dakit zergatik, nahiko lasai egoten da giroa, baina gutxien espero duzunean egiten du eztanda.
Hori ona edo txarra al da?
Tira, nik nahiago ez egotea, baina txar-txarra ere ez da. Polemika pixka batek, neurri batean,pilotari bat kexatzen denean, partida ikusteko gogoa areagotzen du. Hor gaudenontzat, gero eta gutxiago hitz egin, hobeto, eta ez daitezela egon. Baina kazetariok, askotan, desiratzen egoten zarete, eguneko kronika horrela eginda daukazue! Beti egongo da.
Gaizki pasatu izan al duzu intendente lanetan?
Bai, egon ziren bolada txarrak. Intendente nintzenean, jaialdia bukatu arte gelditzen nintzen. Hirugarren partida bukatu arte ez nintzen lasaitzen. Askotan, txapelketetan, bi pilotariak nire enpresakoak zirenean, okerrago pasatzen nuen. Normalean, arazo handienak hor daude. Pilotariak pentsa dezake enpresa beste pilotariaren alde dabilela, eta ipuinak egiten ditu buruan: «Enpresak hau bultzatu nahi du, eta ni hemen...». Gerta daiteke, baina enpresak zer nahiago luke denak puntako pilotariak izatea baino gehiago? Intendente lana gogorra da.
Gaur urduri egongo al zara aukeraketan?
Bai. Hamar egun dira nabaritzen dudala zerbait urdailean.
Pilotari garaietan ere urduria zinen?
Honek askoz gehiago urduritzen nau. Zuriz jantzita baino urduriagoa egoten naiz orain. Finala urduri ikusiko dut. Eta intendente gisa beti tentsioan nengoen.
Martin Alustiza. EPELeko pilota hautatzailea
«Pilotariari kasu egin behar zaio, baina gehiegi ere ez»
25 urtez izan zen pilotari, zortziz intendente Aspen, eta orain pilota hautatzailea da. Piloten inguruko eztabaidaren alde guztiak ezagutu ditu, eta eskarmentu horrek ofizio berrian lagunduko diola uste du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu