Pilotari onenen erakusleihoa

Larunbatean hasiko da Ados klubak antolatutako Plazaz Plaza txapelketaren hirugarren ekitaldia, eta igandean, Emakume Master Cupeko Udako Masterraren bigarren aldia

Emakume Master Cupeko Udako Masterrean ariko diren pilotari batzuk, atzo, Larrabetzun, Eneko Atxaren Azurmendi jatetxean. EMAKUME MASTER CUP.
Julen Etxeberria.
2023ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Uda da pilotaren sasoirik oparoena. Frontoi bat duen Euskal Herriko edozein hirik, herrik edo auzok antolatzen du pilota jaialdiren bat. Ohi baino eskaera askoz handiagoa dago, eta enpresak eta klubak mimoz saiatzen dira hura asebetzen. Hori lortzeko, euren pilotaririk onenak eskaintzen dituzte.

Horixe egingo dute berriz Ados Pilota klubak eta Emakume Master Cupek. Biek antolatu dituzte berriz ere euren udako txapelketa nagusiak: Adosek, Plazaz Plazaren hirugarren ekitaldia; Emakume Master Cupek, berriz, Laboral Kutxa Udako Masterraren bigarren aldia. Bietan ariko dira euren pilotaririk onenak. Asteburuan hasiko dira biak: Plazaz Plaza, larunbatean, Iturenen (Nafarroa); eta Masterra, igandean, Barakaldon (Bizkaia).

Plazaz Plazak iazko egitura bera izango du. Hamasei pilotarik jokatuko dute ligaxka, eta jardunaldi bakoitzean bikote ezberdinak osatuko dituzte; pilotari bakoitzak lau partida jokatuko ditu.

Hauek dira hamasei pilotariak: A multzoan, Arrieta, Etxekolonea, Ibarrola, Iturriaga, Mendiburu, Olatz Ruiz de Larramendi, Orbegozo eta Oskoz ariko dira; eta B multzoan, Aldaregia, Barrocal, Ruiz de Infante, Zabaleta, Agirre, Etxebeste, Mujika eta Zabala.

Pilotari bakoitzak jasoko ditu puntuak; bat garaipen bakoitzeko. Multzo bakoitzeko bi aurrelari eta atzelari onenak finalerdietan ariko dira: multzo bakoitzeko aurrelari eta atzelari onenek elkarrekin jokatuko dute. Beste horrenbeste egingo dute multzo bakoitzeko bigarren aurrelari eta atzelari onenek.

Hamasei partida jokatuko dituzte ligaxkan, hamabost tokitan. Hau izango da jaialdien hurrenkera: Ituren (larunbatean), Otxandio (uztailak 20), Gares (uztailak 25), Etxarri Aranatz (uztailak 30), Aranguren (abuztuak 6), Berastegi (abuztuak 10), Bastida (abuztuak 12), Agoitz (abuztuak 13), Areso (abuztuak 15), Eltziego (abuztuak 16), Moreda (abuztuak 20), Ribabellosa (abuztuak 26), Tirapu (irailak 9), Eltziego (irailak 3), Azkoien (irailak 6) eta Bernedo (irailak 9). Finalerdiak, berriz, Getarian (irailak 16) eta Etxaurin izango dira (irailak 23). Finala, azkenik, Azkoitian izango da, irailaren 30ean.

«Oso pozik gaude, txapelketa ederra osatu dugulako. Pilotariok aukera izango dugu bi hilabete erdiz asteburuero Euskal Herriko plazetan jokatzeko. Hasteko irrikaz gaude», azaldu du Iera Agirre Adoseko pilotari eta ordezkariak.

Iazko egiturari eutsi diote, Agirreren esanetan «arrakastatsua» izan zelako. «Horrekin batera, helburua gazteei aukera ematea denez, hiru pilotarik lehen aldiz jokatuko dute txapelketa hau: Zabaletak, Ibarrolak eta Oskozek».

Barakaldotik Hondarribira

Plazaz Plaza baino egun bat geroago hasiko da Udako Masterra. Bederatzi jardunalditan jokatuko dute, zortzi tokitan: Barakaldon (igandean), Gasteizen (uztailak 25 eta abuztuak 6), Zarautzen (abuztuak 18), Donostian (abuztuak 19), Bakion (abuztuak 30), Lezon (irailak 4), Galdakaon (irailak 13) eta Hondarribian (irailak 29). Galdakaon jokatuko dituzte finalerdiak, eta, finala, Hondarribian.

Bost bikote ariko dira, iaz baino bat gehiago: Arraiza eta Mendizabal; Aldai eta Oses; Etxegarai eta Gaminde; Arrizabalaga eta Leire Galeano; eta Garai eta Capellan. Ligaxka jokatuko dute lehenbizi, eta lehen lau sailkatuek finalerdiak jokatuko dituzte; irabazleak, berriz, finalean ariko dira.

Aldairen ustez, Emakume Master Cupena da esku pilotako zirkuiturik onena. «Hemen ari gara pilotari onenak. Gero eta gehiago kostatzen da irabaztea». Gaminde, berriz, pozik dago bolada ederrean dagoelako. «Urtea oso ona izaten ari da. Jokatu ditudan hiru txapelketak irabazi ditut: binakakoa, Nafarroako Komunitatearen torneoa eta sanferminetakoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.