Patxi Jauregi. Euskadiko Pilota Federazioko lehendakaria

«Pilotaren egoera oso txarra da, eta oso baliabide gutxi dauzkagu»

Donostia
2013ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Patxi Jauregik (Alegia, Gipuzkoa, 1956) bi aste eskas daramatza Euskadiko Euskal Pilota Federazioko presidente karguan, iragan ekainaren 28an egin ziren hauteskundeetan Fernando Azkarateriirabazi zionetik. 86 bozka lortu zituen, aurkariak baino 23 gehiago. «Asko poztu ninduen emaitzak. Kontuan hartu behar da kanpainan bete-betean sartu zirela Azkarateren hautagaitzarekin Arabako eta Bizkaiko federazioetako presidenteak eta Munduko Kontseiluko lehendakariak. Hala ere, eta hori kontuan hartuta, jendeak bozka guri ematea oso esanguratsua da, pilotazaleek aldaketa sakona nahi dutela esan nahi du». Jauregik ere «astindu bat» eman nahi dio federazioari.

Nolakoak izan dira lehen egunak?

Lehen asteburua lasaia izan zen, baina azkar hasi zen sutan sakelakoa. Aurreko astean hasi ginen lanean, egoera orokorra aztertzen, egoera ekonomikoa nolakoa den, kirol aldetik zer konpromiso dauden... pausoak ematen hasteko.

Eta nolakoa da egoera?

Txarra. Oso baliabide gutxi dauzkagu. Egoera ekonomikoa oso txarra da. Daukaguna ahalik eta hoberena inbertitu behar dugu. Oinarrizko pilotan lana egin nahi dugu buru-belarri, umeekin.

Zer izan beharko luke, zuretzat, Euskadiko Pilota Federazioak?

Pilotarekin zerikusia duen ororen motorra, klubekin harreman estua duena. Elkartasuna eta sendotasuna izan behar du, adostasunaren bidetik lana eginez.

Ez da izan orain arte?

Hartu-emanak ez dira oso onak izan azken urteotan Euskadiko eta lurraldeetako federazioen artean, eta klubekin, zer esanik ez. Oso urrutiko erakunde bat bezala ikusten zen Euskadiko Federazioa, eta ezinezkoa da pilota mundua hain txikia izanik horrelako distantzia egotea.

Zein dira erronka nagusiak?

Lurraldeetako federazioekin eta klubekin hartu-emanak sendotzea eta gertukoak izatea. Denon artean egin behar dugu lan, lehentasunak mahai gainean jarri eta adostasunaren bidetik neurriak hartu.

Zein dira lehentasun horiek?

Kluben egoera oso txarra da. Urte askoan arduradun moduan lanean aritu denak ez du erreleborik. Pentsatzen dugu jende gaztea prestatu behar dugula lan hori egiteko. Txapelketen egutegiari ere begirada bat eman behar diogu, asko pilatu egiten baitira. Enpresa profesionalekin ere hitz egin behar dugu.

Zertaz?

Elkarlan bat sortu nahi dugu. Material aldetik lagundu dezakete, esaterako. Profesionalak ere, haurrentzat erakargarriak direla jakitun, bere aletxoa jar dezakete. Pentsatzen dut eta espero dugu enpresek asko egin dezaketela.

Ba al dago harrobirik?

Badago, eta gehiago egon daiteke lana ongi eginez gero. Gozokiak jarri behar dizkiegu umeei pilotan jokatzera etor daitezen. Eta baita gaztetxoei ere, 13-14 urterekin ez dezaten pilota beste kirol batengatik utzi. Denon esku dago pilota erakargarri egitea.

Nolakoa da palaren egoera?

Oso larria da egoera. Palako enpresa indartu nahian ari da, baina bakoitza bere bidetik joanda indarrak banatzen dira, eta eraginkortasuna galtzen da.

Zestarena?

Jende gehiago dabil. Indar pixka bat duten eskolak daude. Baina ongi egotetik urrun.

Erremontearena?

Enpresa bat dabil lanean Galarretan, eta Nafarroan fundazio bat. Baina oso egoera larrian daude.

Esku pilotarena?

Esku pilota egoera hobean dagoelako ustea telebistak ematen du, baina ez da errealitate bat. Pilota ez da Irujo eta Aimar, edo txapelketetako finalerdi eta finala. Lehen urte guztian egiten ziren jaialdiak.

Eta emakumezkoen pilotarena?

Baikorra naiz arlo honetan. Azken urteetan emakumeen proiektu bat hasi genuen Gipuzkoan, eta neska mordoxka dabiltza, ondo, gainera.Gure lantaldean hiru emakume daude.

Zein da irtenbidea?

Formularik egokiena gaztetxoei jokatzeko erraztasunak ematea da. Arropa, pilotak, erremintak... erraztu behar zaizkie, gozokia jarri behar zaie. Txikitatik, hezkuntzaren bidez grina sortu eta erraztasuna ematea beharrezkoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.