Pilotalekuan dago azalpena

Erik Jakak azken urteetan izan duen gorakada aztertu du Jon Apezetxea Aspeko teknikariak. Bi arlo nabarmendu ditu: defentsako laneko hobekuntza, eta partida handietan trebatu dela.

Imanol Magro Eizmendi.
Iruñea
2019ko urriaren 31
00:00
Entzun
Jon Apezetxeak (Goizueta, Nafarroa, 1988) begi klinikoa du pilotarentzat. Xehetasun txikiak detektatu eta aztertzeko berezko erraztasuna du. Agian begi horregatik errekrutatu zuen Aspek pilotari ibilbidea bukatu baino lehenago. Intendente eta teknikari jarduna uztartzen ditu, eta makina bat ordu igarotzen du pilotariekin. Bakoitzaren egun gaziak eta gozoak ezagutzen ditu, eta, horregatik, ezin du ezkutatu poztu egiten dela Erik Jakaren bolada onarengatik. Saiatzen direnekin enpatizatzea oso gizatiarra delako. «Bere buruari asko eskatzen dio, eta ondo daki non dituen bere gabeziak. Teknikari hasi nintzenetik pilotalekuan ordu gehien sartu duen pilotaria izango da, Joseba Ezkurdiarekin batera».

Jakak 25 urterekin igaro du lehen aldiz final-laurdenetako langa Lehen Mailako txapelketa batean. Aspeko aurrelarien arteko lehiakortasunak binakakoaren ateak itxi izan dizkio, eta buruz burukoetan ez du zorterik izan lesioekin. Osasuna lagun izan duen tarteetan, baina, oso ondo aritu da, emaitza bolada bikainak kateatuz. «Irabazteak konfiantza eman dio», nabarmendu du Apezetxeak. «Gero eta partida zailagoak jarri, eta irabazten jarraitu. Bere maila erregularki ematen ikasi du, baita presio handiko norgehiagoketan ere. Hori nabarmendu nahiko nuke: presio handiko partidak hobeto jokatzen ditu orain. Egoera okertzen bada, ez da irteten». Urrunago joan gabe, iragan igandean ez zuen ondo jokatu Peio Etxeberriaren aurka, baina bere alde atera zuen.

Horiek, baina, argudio subjektiboak dira. Jokoa aztertzen hasita, zerk azaltzen du Jakaren gorakada? «Defentsak. Ordu asko sartu ditu, eta Jokin Etxanizen esku magikoa hor dago». Defentsa lana hobetzea zaila dela nabarmendu du, gainera: «Jarrerak aldatu behar dira, ohiturak... eta horretarako lan handia egin behar da pilotalekuan».Apezetxeak, baina, garbi ikusten du fruitua Jakaren jokoan. «Lehen, zabaletik, pilota gehiago galtzen zituen. Paretari itsatsitako pilotak ere hobeto eramaten diru orain». Horretarako, baina, hauspoa eta abiadura ere behar dira.«Ondo dakit prestatzaile fisikoa gainean duela. Gorputza aldatu eta guzti egin zaio: orain atletikoagoa du».

Eta erasoan? Teknikariak gehiago pentsatu behar izan du. «Jaka punta-puntako pilotaria da erasoan. Pilota ezkutatu egiten du, bizi atera... Agian, pilotak hobeto aukeratzen ikasi du, noiz sartu eta noiz ez erabakitzen». Aireko jokoan egiten du min, espezialista da; horregatik, uste dubotean duela hobetzeko tartea. «Uste dut gehiago joka dezakeela. Atzerago jo, frontisa hobeto baliatu, zabalean luze moztu... Eta ari da. Iragan astean duela lau urte [2013an egin zuen debuta]jokaturiko partida bat ikusi nuen, eta orduan askoz gehiago kostatzen zitzaion pilota mugitzea».

Lau eta erdian ari da orain, baina gero binakako txapelketa dator. Partida nagusietan ari da, eta udan torneo bat jokatu zuen. «Ate joka ari da», erantzun du Apezetxeak galdera egin aurretik. «Badu hasieratik aritzeko gaia, baina Aspen lehia handia dago, eta hori ona da. Baina ez dakit jokatzeko aukera emango dioten; hori ez dago nire esku».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.