Pilota. Lau eta erdiko finala.

Pilotak elkartu du bizitzak banandu zuena

Txikitako lagunak dira Peio Etxeberria eta Andoni Gaskue. Harremana galdu zuten garai batean, baina pilotak elkartu ditu berriro. Peio Etxeberriaren enpresakide, entrenamendukide eta botilero da Gaskue.

Andoni Gaskue eta Peio Etxeberria. IDOIA ZABALETA / FOKU
Andoni Gaskue eta Peio Etxeberria, besarkatuta, irribarretsu, Ukore prestaketa gunean entrenamendua hasi aurretik. IDOIA ZABALETA / FOKU
Julen Etxeberria.
2024ko azaroaren 20a
05:00
Entzun

«Andoni oso garrantzitsua da niretzat». Andoni Gaskueri (Larraintzar, Nafarroa, 1999) buruz ari da Peio Etxeberria. Enpresakide, entrenamendukide, botilero eta lagun mina du. Etxekoak kenduta, harekin eta Joseba Ezkurdiarekin pasatzen du denbora gehien egunerokoan.

«Harro» entzuten ditu halakoak Gaskuek. «Aspaldiko lagunak gara, eta oso harreman estua dugu. Horregatik, oso zoriontsu nago berriro final bat jokatuko duelako eta botilero lanetan hori lortzen lagundu ahal izan diodalako».

Aspaldiko lagunak dira, baina bitxia bada ere, abeltzaintza giroan ezagutu zuten elkar, eta ez frontoian. «Gure aitak abeltzainak ziren, eta aspaldiko lagunak. Horrela ezagutu genuen elkar. Nik 3 urte nituen, eta Peiok 4».

Gertutasunak gehiago elkartu zituen: «Larraintzarkoa naiz ni, eta Zenozkoa bera. Hiru kilometro besterik ez dago batetik bestera. Gainera, Ultzama txikia da, eta adin ezberdinetako haurrak elkarrekin ibiltzen ginen eskolan eta kalean». Zerbaitetan ibiltzen baziren, pilotan ibiltzen ziren. «Edozein momentu aprobetxatzen genuen pilotan jokatzeko. Txikitatik izan dugu afizio handia».

Hala, aukera izan bezain pronto eman zuten izena Larraintzarko pilota eskolan, 6-7 urterekin. Berehala nabarmendu ziren, eta batera jarri zituzten. «Ni aurrelari aritzen nintzen, eta Peio, atzelari. Nork esango liguke hori orain. Ondo moldatzen ginen. Harekin irabazi nuen nire lehen txapela», gogoratu du. «Oroitzapen politak» ditu. «Bi familiak elkarrekin ibiltzen ginen batera eta bestera. Garai polita izan zen».

«Gaztetan, ni aritzen nintzen aurrelari bikotean, eta Peio atzelari; harekin irabazi nuen nire lehen txapela»

ANDONI GASKUEAspeko pilotaria

Zorigaitzak eten zuen dena: Peio Etxeberriaren aita hil zen. 15 urte baino ez zituen Peio Etxeberriak. Une oso gogorra izan zen, ezinegon handikoa. «Hark hartu zion erreleboa aitari abeltzain lanetan, eta hark eta haren amak egin zuten aurrera. Lan handia zen. Huartera joan zen pilotan jokatzera; ni, berriz, Elizondora, eta gero, Doneztebera. Horren ondorioz, banandu egin ginen. Zorionez, pilotak elkartu gaitu berriro. Aspen ari gara biok. Ahalegin handia egin dugu hona iristeko».

Bi urte daramatza haren botilero. Txantxa batekin hasi zen dena. «Araudi aldaketa zela, eta haren prestatzaileen aitatasun baimena zela, botilerorik gabe geratu zen. ‘Erne, agian nire botilero izan beharko duzu!’, esan zidan txantxetan. Esan, eta gertatu. «Zorionez, oso ondo joan zaigu: lehen aldian finalerdietara iritsi zen, eta azken bietan, finalera. Ea halakoak bizitzen jarraitzen dugun».

Bi Peio: alaia eta serioa

«Bi Peio» daudela dio: bata, kantxatik kanpokoa, eta bestea, kantxa barrukoa. «Kantxatik kanpo oso irekia, alaia eta txantxak egin zalea da. Kantxan, ordea, kontrakoa da: oso serioa da, maniatikoa, eta une oro dago kontzentratuta». Adibidez, tanto batetik bestera begiak itxita, pauso geldian, eta arnasa lasai hartuz ibiltzeko joera du. Erik Jakaren aurkako finalerdian hori egiteagatik zigortu zuten epaileek. Atseden bat kontatu zioten, baina, haserretu beharrean, keinu bakar bat bera ere ez zuen egin, eta berean jarraitu zuen. «Oso garrantzitsua izan zen kontzentrazioa ez galtzea. Ezin hobeto jokatu zuen. Ni bai haserretu nintzen, eta epailearekin eztabaidatu nuen. Horretarako nago ni. Peio defenditzea da nire egitekoa».

«Denbora darama onenekin nor baino nor gehiago, eta haien pare ikusten du bere burua. Azken emaitzak lortuta, kolpea eman du»

ANDONI GASKUEAspeko pilotaria

Haren ustez, garrantzitsua da botileroak jokoaz eta teknikaz jakitea, eta partidak nola jokatu behar diren ere bai, baina garrantzitsuena «pilotaria ezagutzea» da. «Ez baduzu ezagutzen, gerta liteke ez asmatzea gauzak esaterakoan, eta esandakoak ez balio izatea ezertarako. Peiori gustatzen zaio nik gutxi, lasai eta argi hitz egitea. Ondo moldatzen gara, eta uste dut esaten diodana ondo hartzen duela, eta mesede egiten diola. Aste barruan lantzen dugu hori: zer esan eta nola esan, mezua baikorra izan dadin. Garrantzitsua da hori».

Biak euskal hiztunak izan arren, gaztelaniaz mintzatzen dira elkarrekin. Askotan leporatu diete hori egitea. «Arrazoia sinplea da: tentsiopean, azkar eta zehatz hitz egin nahi dugu, eta une horretan askoz hobeto moldatzen gara gaztelaniaz euskaraz baino. Momentuz, horrela jarraituko dugu, eta aurrerago, ikusiko dugu».

Peio Etxeberriaren arabera, «buruz» hobetu du gehien. Ados dago Gaskue. «Harekin hasi nintzenean, zenbait partidatan, Peio aurkaria baino gehiago zen jokoz, baina opariak egiten hasi, lehiatik irten, eta pikutara botatzen zuen dena. Jauzia egin du horretan. Orain, hobeto jokatzen ditu partidak, berezkoa duen oldarkortasunez, baina patxada handiagoz. Badaki noiz estutu behar duen, eta noiz lasaitu». «Konfiantza handiagoa» ere badu. «Denbora darama onenekin nor baino nor gehiago, eta haien pare ikusten du bere burua. Azken emaitzak lortuta, kolpea eman du».

«Peiok hobeto sakatu behar du. Askotan esan diot txapeldun izan nahi baldin badu ondo sakatu behar duela»

ANDONI GASKUEAspeko pilotaria

Beste bat eman nahi du igandean, Unai Lasori lau eta erdiko finala irabazita. «Partida ona eta gogorra» izango delakoan dago Gaskue. «Ligaxkan Labriten jokatu zutena ez zen izan bete-betea, presio handia baitzegoen». Laso jo du faboritotzat, Jokin Altunari irabazi diolako, eta uste du faborito ez izateak «mesede» egin diezaiokeela Peio Etxeberriari, «lasaiago» egoteko.

«Funtsezkotzat» jo du ondo sakatzea. «Peiok hobeto sakatu behar du. Askotan esan diot txapeldun izan nahi badu ondo sakatu behar duela. Laso, aldiz, oso ondo sakatzen ari da. Beraz, sake errematea oso garrantzitsua izango da. Biok egin nahiko dute gauza bera: kantxaren erdian jarri, erritmo bizia ezarri, eta aurkaria mugiarazi, hura ito arte». Zein abiadura bizian jokatzen ari diren kontuan hartuta, «normaltzat» jo du hutsen bat egitea. «Orduan eutsi beharko dio kontzentrazioari Peiok. Oso ondo ari da horretan. Ea igandean horri eusten dion eta Lasori berriro irabazten dion».

mARTXEL IZTUETA LEHEN ALDIZ ARIKO DA BINAKAKO NAGUSIAN

Martxel Iztuetak aurreneko aldiz jokatuko du Lehen Mailako Binakako Txapelketa. Baiko enpresak atzo eman zuen binakako nagusian ariko diren lau atzelarien berri, eta tolosarra da horietako bat. Jon Ander Albisu, Ander Imaz eta Jon Mariezkurrena dira beste hirurak. Iztuetak Aitor Arangurenen tokia hartuko du; azken horrek ez du jokatuko txapelketa azken lau urteetan titular aritu eta gero. 

Iztuetak 20 urte besterik ez du, eta bi urte daramatza profesionaletan. Jauzia egin du azken urtebetean. Adibidez, Bigarren Mailako azken binakakoa irabazi zuen Asier Agirrerekin. Txapel horrek bi sari izan zituen: lehena, Mastersa jokatzea, hau da, udako txapelketarik luzeenean aritzea; bestea, berriz, beste hiru urterako berritzea, 2027ra arte. 

Atzelariak lan ona eginez eskertu zuen Baikok erakutsitako konfiantza. Hala, Mastersaren txapeldunorde izan zen Jokin Altunarekin. Jaialdiko partidetan ere ondo aritu da, eta horren ordaina jaso du: binakako nagusia jokatzea. 

Hilaren 29an hasiko da txapelketa, Beasainen (Gipuzkoa). Datorren astean aurkeztuko dute, eta orduan jakingo dira xehetasun guztiak; garrantzitsuena, zein zortzi bikotek jokatuko duten. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.