Erraz nagusitu zaio Altuna III.a Jakari: 22-9

Partidaren kontrol osoa eduki du amezketarrak Gasteizko Ogeta pilotalekuan.

(ID_14381137) (Jaizki Fontaneda/@FOKU) 2024-10-27, Gasteiz. Pilota
Altuna III.a, gaurko partidan. Jaizki Fontaneda / Foku
Edu Lartzanguren.
2024ko urriaren 27a
19:26
Entzun

Jokin Altunak egin du lehenengo sakea Gasteizko Ogeta pilotalekuan, lau eta erdiko txapelketako partidan, eta ez du aukera galdu. Txokoan engainatu du Erik Jaka lehenengo tantoan. Hurrengoan saiatu da Jaka mendekua hartzen, baina pilotak kanpoko marra zapaldu du. Berriz egin du huts Jakak leku berean, eta hirugarren puntua egin du Altunak.

5-0 jarri da Altuna, eta Jakaren jokoak baino, berak eginiko hutsak moztu dio bolada.

Edonola ere, Jakak ez du lortu sakeari esker jokoa bere alde jartzea, eta Altunak berehala berreskuratu du partidaren kontrola.

7-2ko markagailuan sartu da Jaka lehenengo atsedenaldian.

Jakak aukeraturiko pilota batekin ekin diote berriz partidari, baina ezin izan da horretaz baliatu. Tantoa egin du gero, baina, aurrekoan bezala, bakarrik Altunak huts egin duenean.

Deseroso ibili da Jaka une oro, eta erraztasun handiz Altuna. 12-3 jarri da, berriz zokora bidalitako pilotakada batekin.

Pilotakada bikain batekin, txapa gainetik motz utzi du pilota bat Altunak, eta 11 tantoren aldea kendu dio Jakari (15-4).

Bere seigarren tantoan lortu du, azkenean, Jakak sakearen abantailaz profitatzea. Baina Altunak ez du inoiz galdu jokoaren kontrola. Behin eta berriz baliatu da txokoaz Jaka lekuz kanpo uzteko. Edonola ere, horma biko bikain bat sartu dio lizartzarrak amezketarrari (17-7).

Hurrengo tantoan mendekua hartu du Jakak, Altuna txokoan ezustean harrapatuta. Pareta biko eder batekin ere lortu du Altuna lekuz kanpo uztea, baina ordurako ez zegoen buelta ematerik abantailari.

Azkenean, 22-9 utzi du Altunak Jaka, eta emaitzak ondo islatzen du partidan zer joko egon den.

«Ez dago erlaxatzerik, oraindik ez nagoelako sailkatuta», adierazi du Altunak partidaren amaieran. Finalerdira pasatzeko matematikoki sailkatuta dago Altuna, baina bada huts egiteko aukera txiki bat. Zubizarretaren kontra alde handiarekin galdu beharko luke ez sailkatzeko.

Larunbatean jakin zen nor izango zen lau eta erdiko pilota txapelketako finalerdietako faseko lehen protagonista: Peio Etxeberria. Unai Lasoren aurka aritu zen Zenozko (Nafarroa) pilotaria Iruñean, ligaxkako bigarren jardunaldian. Etxeberria 22-19 nagusitu zen, eta finalerdietarako aukera ere ziurtatu zuen. Lasok, ordea, hirugarren jardunaldira arte itxaron beharko du jakiteko hurrengo fasean egongo den.

Talde bereko beste partida jokatu zuten aldi berean Bilbon. Horretan, Aitor Elordi nagusitu egin zitzaion Jon Ander Peñari, 22-21. Beraz, Peña II.a txapelketatik kanpo geratu da lehen bi partidak galdu dituelako. Finalerdietarako sailkatzeko saioa Elordiren eta Lasoren artean jokatuko dute.

Ostiralean, lehen taldean, Iraitz Zubizarreta 22-18 nagusitu zitzaion Iñaki Artolari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.