Gotzon Enbil. Puntista eta Euskadiko Pilota Federazioko presidente izateko hautagaia

«Pilota maite badugu, guztiok onartu behar ditugu joko arauak»

Euskadiko Pilota Federazioko presidente bilakatu daiteke gaur Enbil. Garbi du kanpainan izan den zalapartak pilotari mesederik ez diola egin, baina pozik dago egunotan klubekin izandako harremanarekin.

Imanol Magro Eizmendi.
2017ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Gaur arratsaldean egingo dira Euskadiko Pilota Federaziorako hauteskundeak, Durangoko Kurutziaga hotelean. Patxi Jauregi aurreko presidentea eta Gotzon Enbil (Zumaia, Gipuzkoa, 1977) dira hautagaiak. Enbil egunotan oso lanpetuta ibili da, hauts handia harrotu baita hauteskundeen inguruan. Goizez lan egiten du, eta arratsaldean bilerak izan ditu klubekin. BERRIA aste hasieran jarri zen harekin harremanetan, eta, agendaren estutasunagatik, idatziz erantzun ditu galderak.

Zergatik aurkeztu zara? Zer eskaini dezakezu?

AEBetatik itzuli nintzenetik, pilotaleku askotan egoteko aukera izan dut. Asko mugitu naiz, eta jende askok animatu nau aurkeztera. Asko pentsatutako erabakia izan da. Bizitza osoa egin dut pilotalekuan. 11 urterekin hasi nintzen, eta datorren hilabetean 40 egingo ditut. Oso aukera ona iruditu zait pilotak eman didan guztia itzultzen saiatzeko. Zati bat bueltatzeko gai banaiz, ni pozik.

Klubekin bildu zara, zeintzuk dira euren arazo eta nahiak?

Argi daukat klubek izan behar dutela nire proiektuaren ardatz nagusia. Haiek gabe pilota ez da ezer. Honen guztiaren harrobia dira. Telebistan ikusten ditugun profesionalak klubetatik atera dira, eta, gure ustez, garrantzi handia eman behar zaie klubei. Haiekin eseri behar dugu, eta elkarrekin lan egin. Haien iritziak entzun. Klubek pilotariak behar dituzte. Gazteak pilotalekura erakarri behar ditugu. Hala neskak, nola mutilak. Hori da guztiaren gakoa, frontoiak betetzea.

Zer-nolako osasuna du pilotak?

Ez da txarra. Ezta gutxiago ere. Egia da modalitate batzuk beste batzuk baino hobeto daudela, baina, oro har, esango nuke osasuna ona dela. Egoera zailean dauden modalitateak bereziki zaindu behar ditugu, baina federazioaren betebeharra da denak begirune handiz zaintzea. Lan handia dago egiteko, baina egoera ez da txarra.

Presidente bilakatuz gero, jokatzen jarraituko duzu? Eta Zumaiako kirol zinegotzi karguan?

Egia esan, ez dut erretiroaren erabakia oraingoz hartu. Udan ditugu txapelketak, eta aurretik hartuko dut erabakia. Belaunak minduak ditut. Ez ditut 20 urte. Egunen batean hartu beharko dut erabakia, hauteskundeak irabazi ala ez. Hala ere, ez dut uste bateraezinak direnik.

Kanpaina egunak zalapartatsuak izan dira. Kirol zuzendaritzak ezarri behar izan du bozen eguna. Pilota mundua ematen ari den irudia ez da serioa.

Egun hauetan guztietan gertatutakoarekin galtzen ateratzen den bakarra pilota da, eta hori ez dajustua. Nik pilota izugarri maite dut, nire bizitza da, eta oso serioski hartzen dut. Gure eskuetan ez dauden zenbait gauza gertatu dira azken asteetan, eta pena eman dit gertaturikoak. Baina pilota maite badugu eta serioski hartu nahi badugu, guztion artean onartu ditugun joko arauak errespetatu behar ditugu. Guzti-guztiok.

Emaitza estua espero da. Zein da zure aurreikuspena?

Ikusiko dugu. Orain boz emaileek dute hitza. Guk gure programa lau haizeetara zabaldu dugu, eta jendeak gustura entzun ditu esan behar genituenak. Hiru lurraldeetan babesa jaso dugu, eta oso pozik gaude jendearen harrerarekin, baina, azkenean, bakoitzak bozkatzen duena da garrantzitsuena.

Klubetako ordezkariekin hitz eginda, maila pertsonalean, hauteskundeak politizatuak daudela diote. Zergatik uste duzu dutela iritzi hori?

Ez dut uste politizatuta daudenik. Ez, behintzat, nire aldetik. Nik ez dut zuk jasotako iritzi hori entzun, eta klub askorekin hitz egin dut. Nik nire programa daukat, eta hori defendatzen dut han eta hemen. Nire programan dago, nire ustez, pilotak behar duena, eta, irabaztekotan, hor hartutako konpromisoak betetzen saiatuko naiz.

Kanpaina aztoratu duten auzietako bat Arabako bozek balioko duten ala ez izan da.

Argi dut legeak zerbaitetarako daudela, eta errespetatu behar ditugula. Gutxieneko batzuk ez errespetatzeak esan nahi du pilota ez dugula serioski hartzen. Nik ez dut erabaki nork ematen duen botoa eta nork ez. Ez da nire lana. Beste batzuei dagokie hori. Baina argi dut legea errespetatu behar dela. Denon artean onartutako joko arauak errespetatu behar dira. Nire nahia da, eta horretan ez izan zalantzarik, denek botoa ematea. Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak. Denek. Baina ez edozein modutan. Batzarreko kide guztiek errespetatu behar dituzte joko arauak. Are gehiago, Arabako batzarreko zenbait kidek babesa eskaini didate alde horretatik. Ez dut inor bazterrean utzi nahi. Baztertuta geratzen da denon artean onartutako legeak betetzen ez dituenak.

Arabako jendeak bozkatzen badu, helegitea jarriko zenuke?

Arabako jendeak bozkatuko du, horixe gertatuko da. Eta horixe esaten du, gainera, araudiak. Hiru lurraldeek botoa eman behar dutela, alegia.

Patxi Jauregi beste hautagaiak «enpresen hautagaia» zarela esan du, eta «bulegoetan» irabazi nahi duzula. Harritu al zaitu tonu gogor horrek?

Beste hautagaiak esaten duenaren gainean ez dut iritzirik emango. Ez dut uste egokia denik. Eta, gainera, pilotak ez du ezer irabazten.

Ze iritzi duzu haren agintaldiaz?

Gauza eta toki guztietan bezala, badira ongi eta gaizki egindako gauzak.

Pilota munduan erreferentzia nagusiak enpresak dira. Zer-nolako harremana duzu haiekin?

Harreman ona dut pilota munduan dauden agente guztiekin. Hala izan behar duela uste dut. Denek dugu helburu bera: pilota sustatzea. Beraz, eta nire programan diodan bezala, denekin eseri nahi dut eta elkarlan zintzoa izan.

Enpresek pilotarien prestakuntza eskubideengatik ordaindu beharko lukete?

Enpresekin elkartu gara, eta gai hau eta beste asko jarri ditugu mahai gainean. Horretan inplikatu behar ditugu. Aurreakordio bat dugu pala, zesta-punta eta eskuzko enpresekin, eta, irabaziz gero, lortuko dugu enpresa horiek pilotarien formakuntzan inplikatzea.

Euskal selekzioa bultzatzearen aldeko agertu zara. Zein asmo duzu? Hautatua izanez gero, zein harreman mantenduko zenuke Espainiako eta nazioarteko federazioekin?

Esan dudan bezala, ezinbestekoa da euskal pilotaren inguruan dauden agente guztiekin harreman ona edukitzea. Euskal selekzioaren ofizialtasuna lortu nahi dugu eta baita euskal selekzioak nazioarteko txapelketetan modu ofizialean parte hartzea ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.