Ez dut nahi konfiantza handiegirik». Baina ahotsean ere nabari zaio Mikel Idoateri (Iruñea, 1989) kantxetara itzultzeko gero eta gutxiago falta zaiola. «Ondo nago, baina erritmoa falta zait. Denbora behar dut oraindik». Asteartean egin zuen lehen entrenamendua binaka, eta atzo bigarrena, Tolosako Beotibarren. «Eskuak ondo erantzun zuen, eta albiste ona da hori. Baina pausoz pauso joan beharra daukat». Bederatzi hilabeteko ezina jasan behar izan duelako iruindarrak. Buruz buruko ona jokatu eta hirugarren postuan amaitu berritan, joan den urteko San Fermin torneoan hartu zuen min. «Pilota bat sartu zitzaidan ezker eskuan, eta...». Kostata, baina egin zioten diagnosia: ezker eskuko fibrosia. «Nahiz eta nire ustez beste zerbait ere badaukadan».
Min hartuta egon den denbora «oso azkar» igaro zaiola argitu du nafarrak. «Baina ezinegon handia sortu zidan zehazki zer neukan eta zer egin nezakeen ez jakite horrek». Irailean egin zioten ebakuntza, eta, denbora askoren ondoren, badirudi asmatu dutela. «Nahiz eta ardura puntu hori badaukadan oraindik, behar baino pixka bat gehiago behartu dudanetan mina sentitu izan dudalako eskuan». Horri eman dio lehentasuna nafarrak. «Bizpahiru astez pilota gogorra astindu eta minik ez edukitzeari. Ez diet gehiegi begiratzen eskuaren koloreari eta gainerako gauzei. Minik ez sentitzea da kontua».
Burua lanean hasten da egunerokoak bihurguneak hartzen dituenean. «Baina nahikoa ondo aurre egin diot lesioari». Bi hilabete atzera hasi zen «eskuak egiten», eta duela hilabete pilota gogorra pixkanaka astintzen. «Gainerakoan, ia egunero eskuak berotu eta entrenatu, izotza jarri, masajea eman, bibradore batekin beste masaje bat eman, gauean eskuetan krema eman... Ahal dudan guztia egiten ari naiz eskuak ondo zaintzeko».
Pilotariaren egunerokotik pixka bat aldenduta, tarte honetan begiradari beste ate bat ireki dio Idoatek. «Eta hori aberasgarria dela uste dut. Pilotaz haratago beste mundu bat badagoela ikusi dut, eta familia eta lagunak beti ondoan daudela ere bai. Lasaitasuna ematen du horrek». Pilotaren egunerokoari «beste aldetik» begiratzeko aukera izan du. «Eta oso derberdina da».
Buruz burukorako, baikor
Dagoeneko gainean dago buruz buruko txapelketa. «Eta baikor nago». Baina errespetu handia dio gorengo mailari. «Ebakuntza egin zidatenetik epe guztiak bete ditut, eta saiatuko naiz jokatzen». Baina ez du behartuko. «Eskua ondo edukitzea da lehen pausoa, eta lehiatzea eta nire jokoa berreskuratzea bigarrena». Joan den urtean finalerdietaraino iritsita, final-laurdenetan sartuko litzateke lehian Idoate. «Hiru aste gehiago edukiko ditut entrenamendu onak egiteko eta erritmoa berreskuratzeko, eta garrantzitsua izango da epe hori».
Apirilaren 28an dira txapelketa aurkeztekoak. «Eta aurretik jakingo dut jokatzeko moduan egongo naizen edo ez». Egunotan amaituko zaio Asegarcerekin daukan kontratua. «Baina hizketan aritu gara, eta ez dut uste luzatzeko arazorik egongo denik».
Pilota bezain gogorra
Ezker eskuko fibrosiaren eraginez, Mikel Idoatek bederatzi hilabete daramatza kantxetatik kanpo, baina gero eta gertuago dauka itzulera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu