Biribil irten da, jotzen duten pilota bezain biribil: finalik erakargarriena jokatuko dute urteko egunik handienean. Jokin Altunak eta Unai Lasok buruz buruko txapela izango dute jokoan gaur Bilboko Bizkaia frontoian (17:00, ETB1). Bata zein bestea da haren enpresako izarra: Altuna III.a, Asperena; Laso, berriz, Baikorena. Amezketakoak (Gipuzkoa) hirugarren txapela nahi du buruz buru. Bizkarreta-Gerendiaingoak (Nafarroa), berriz, bigarrena.
Pilotazale askoren ustea bete da. Baita Iker Irribarriarena ere (Arama, Gipuzkoa, 1996). «Txapelketa hasi aurretik espero genuen finala da. Ez nau harritu», esan du pilotari ohiak. Baina berehala zehaztu du Iñaki Artolak «gutxigatik» ez dituela irauli aurreikuspenak. «Azken partidan ez ezik, Iñaki aritu da ondoen. Hark, Zabalak edo Dariok finala jokatzeak xarma polita emango lioke. Hala ere, Jokin eta Unai euren enpresetako izar nagusiak dira, eta horrek ere zirrara berezia ematen dio finalari; derbi kutsua du».
«Ez nuen espero Unai txapelaren bueltan ibiltzea, baina ez nau harritu. Berriro erakutsi du pilotari bikaina dela».
IKER IRRIBARRIA Pilotari ohia
Ezustean hartu du Lasok egindakoak; batez ere, ez zelako nabarmendu buruz burukoa hasi aurretik. «Asko» hobetu duela igarri dio. «Zail ikusten nuen, beti baita zaila lesio baten ostean berriro jokatzea. Hala, binakakoan ez zen nahi bezala aritu. Baina txapeldun handia da, eta sekulako dohainak ditu buruz buru jokatzeko. Ez nuen espero txapelaren bueltan ibiltzea, baina ez nau harritu. Banekien aurten ez bazen datorren urtean izango zela. Aurten izan da, eta berriro erakutsi du pilotari bikaina dela».
Lasok buruz buru jokatzeko «sekulako dohainak» dituela nabarmendu du. Zeintzuk dira dohain horiek? Banan bana aletu ditu. «Harrigarria da zein abiadura handia ematen dion pilotari postura guztietatik: ezkerrarekin besagain, bi eskuekin sotamanoz... Oso ausarta ere bada: partida bakar batean ez du atzera egiten, eta halakoetan beti ematen du aurrerapausoa. Hori da haren dohainik handiena».
«Harritu egin ninduen Jokin burumakur ikusteak, baina banekien dena atera behar zuela eta gora egingo zuela».
IKER IRRIBARRIA Pilotari ohia
Gainera, hobekuntza antzeman dio. «Lehen, erraz iristen zen zabaleko pilotetara, baina, orain, askoz koordinatuago iristen da, eta, horri esker, askoz eraginkorrago ari da. Ez badiozu jokaldia perfektu egiten, oso erraz iristen da, eta pilota berriro seiko paretan jartzen dizu. Hori egundoko dohaina da buruz buru aritzeko: presio handia sartzen dio aurkariari segituan bukatzeko, badakielako bukatzen ez badu opari polita duela bueltan».
Gakoak: sakea eta frontoia
Altuna III.az hitz egiten hasi, eta berehala alderatu du Lasorekin. «Unaik oso txapelketa ona egin du, gorabeherarik gabekoa. Jokinek, ordea, goraka egin du nabarmen». Bi pilotariok final-laurdenetako ligaxkan elkarren aurka jokatutako lehen partidari erreparatu dio: 22-7 irabazi zuen Lasok Bilbon. «Eskas ikusi nuen Jokin. Ezin izan zuen bere jokoa egin, eta Lasok erraz irabazi zion. Gaizki ikusi nuen Jokin, triste, burumakur, eta jarrera horrek harritu egin ninduen. Baina banekien dena atera behar zuela, kontuan hartuta zer-nolako lau eta erdikoa egin zuen, eta noraino iritsi zen binakakoan. Normala da partida txar bat egitea; are gehiago, normalena bat baino gehiago egitea da, baina harrigarria da Jokinena. Zalantza nuen ea finala jokatuko zuen, baina banekien ez zuela halako beste partida bat egingo eta gora egingo zuela». Pentsatu, eta gertatu. «Ondo aritu da une erabakigarrietan. Beraz, nire ustez, ondo ariko da finalean».
«Oso ondo moldatzen naiz biekin; berdin dit nork irabazten duen. Ez nuke diru asko jokatuko, baina Jokinen alde jokatuko nuke».
IKER IRRIBARRIAPilotari ohia
Bi gako aipatu ditu finalerako. Nagusia: sakea. «Ondoen sakatzen duenak partidaren zati handi bat egina izango du. Lasok oso ondo atera du sakea orain arte. Jokinek, berriz, Artolaren aurka atera zuen sakea ondoen. Bien indargunea da, baina ikusteko dago zeinek asmatzen duen gehien, sakearena boladaka joaten baita». Frontoiari ere erreparatu dio. «Bilbokoa egokiagoa da Unairentzat: altuera du, eta ez da hain azkarra. Pilotek zerikusia izango dute, baina Unaik sotamanoarekin asmatzen badu, min handia egingo dio Jokini. Aldiz, Jokinek min handia egingo dio ezkerreko besagainekin ondo aritzen bada. Final gogorra izango da».
Ahal badu, telebistan ikusiko du. Ez du nahiago batek edo besteak irabaztea. «Oso ondo moldatzen naiz biekin, baina urte asko egin ditut Jokinekin, eta oso harreman ona dugu. Berdin dit nork irabazten duen, baina badakit zer den final bat jokatzea, eta nahi dudana da biek partida ona egitea, eta ez batek, ez besteak ez sufritzea partida txarra egiteagatik». Eta apustua noren alde? «Ez nuke diru asko jokatuko, baina Jokinen alde jokatuko nuke».