Piezak ahal bezala ipini ditu

UCIk World Tourreko egutegi berria ezagutarazi du. Emakumeek Paris-Roubaix jokatuko dute

Tropelaren irudia iazko Italiako Giroan. Aurten urriaren 3tik 25era jokatuko da. ALESSANDRO DI MEO / EFE.
enaut agirrebengoa
2020ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Puzzle zaila osatu behar izan du Nazioarteko Txirrindularitza Batasunak (UCI) 2020ko egutegia moldatzeko. Paris-Niza martxoaren 15ean bukatu zen, eta ez da lasterketarik izan geroztik, koronabirusaren pandemiaren ondorioz. Bada, jokatzeko gelditzen diren World Tourreko probak hiru hilabete eskasean lehiatuko dira, abuztutik azaro hasierara bitarte. Asko aldi berean jokatu beharko dira; esaterako, hala gertatuko da Italiako Giroko eta Espainiako Vueltako sei etaparekin. Giroa urriaren 3tik 25era jokatuko da; Vuelta, berriz, urriaren 20an hasiko da, Irunen (Gipuzkoa), eta azaroaren 8an bukatu. Frantziako Tourra da puzzleko pieza nagusia, eta onbidean, abuztuaren 29tik irailaren 20ra bitarte lehiatuko da.

Tourra prestatzeko denboraldi-aurre moduko bat izango da abuztua, zenbait klasiko eta astebeteko itzulirekin. World Tourreko egutegia abuztuaren 1ean abiatuko da berriz, Strade Bianchen, eta astebete geroago jokatuko da denboraldiko lehen monumentua: Milan-Sanremo. Klasikozaleek hotz-hotzean lehiatu beharko dute, normalean martxo amaierarako izaten duten sasoirik gabe. Tourra irabazteko faboritoek, berriz, Poloniako Tourra eta Dauphine Kriteriuma baliatu ahalko dituzte pedal kolpea sendotzeko. Ohiko lasterketen bertsio laburtuak izango dira.

Tourra ezinbesteko plaza da talde nagusientzat, eta UCIk lehentasunezko tokia egin dio egutegian. Ia beretzat soilik izango ditu 21 egun, foku guztiak begira dituela. Soilik Tirreno-Adriatikoak ken diezaioke arreta apur bat. Era berean, Tourra bukatzen den egunean bertan hasiko da Munduko Txapelketa. Egun horretan bertan jokatzekoa da gizonezkoen erlojupekoa; aintzat hartu beharko dute espezialistek. Gizonezkoen errepideko proba 27an lehiatuko da, eta hilabetea Fleche Wallonnen amaituko da.

Urrian sekulako nahas-masa izango da. Izan ere, bi itzuli handi eta lau monumentu jokatuko dira. Katramilak Giroari egingo dio kalte, aldi berean Lieja-Bastogne-Lieja, Amstel Gold Race, Flandriako Tourra eta Paris-Roubaix jokatuko baitira. Ardenetako Klasikoak harbideetakoen aurretik lehiatuko dira, ohiko ordena irauliz. Halaber, aipatzekoa da egun berean jokatuko direla Giroko amaierako erlojupekoa, Paris-Roubaix eta Vueltako Tourmaleteko etapa, urriaren 25ean. Lombardiako Giroa izango da azken klasikoa, eta denboraldia azaroaren 8an bukatuko da, Vueltan. Espainiako probak 18 lasterketa egun izango ditu, bertan behera gelditu baitira Herbehereetan jokatzekoak ziren lehen hiruak. Hartara, Irun eta Arrate arteko etaparekin hasiko da.

Emakumezkoetan, hemezortzi proba izango dira egutegi berrian: hamahiru klasiko, eta bost itzuli. Giroa da lasterketa nagusia, eta irailaren 11tik 19ra jokatuko da. Berritasun nagusia, berriz, Paris-Roubaix izango da. Emakumezkoek aurrenekoz lehiatuko dute harbideetako klasiko entzutetsua. Gainontzeko klasiko handiak bezala, gizonezkoen egun berean lehiatuko da.

Emakumezkoen probetan, talde bakoitzeko ziklista kopurua bostera murrizteko aukera egongo da, talde gehiagok parte har dezaten. Gizonezkoetan, berriz, ez da gonbidapen gehiagorik izango itzuli handietan: zortzi ziklistako 22 talde lehiatuko dira.

UCIk, halere, zuhurtziaz jokatu nahi du, eta atea irekita utzi die aldaketa posibleei. Egutegi berria zientzia fikzioa da oraingoz, osasun larrialdiaren aurrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.