TXIRRINDULARITZA

Pietersek Vollering garaitu du Tourreko laugarren etapan

Puck Pietersek gurpil erdiko aldearekin irabazi du Frantziako Tourreko laugarren etapa, Liejan (Belgika). Demi Vollering liderra izan da bigarren, eta Katarzyna Niewiadoma hirugarren. Roche-aux-Fauconseko igoeran nabarmendu dira hirurak.

Pieterseren —ezkerrean— eta Volleringen  —eskuinean— arteko esprint estua, Liejako helmugan. Pieterse nagusitu da alde oso txikiarekin. FRANTZIAKO TOURRA
Pieterseren —ezkerrean— eta Volleringen —eskuinean— arteko esprint estua, Liejako helmugan. Pieterse nagusitu da, alde oso txikiarekin. FRANTZIAKO TOURRA
Aitor Garmendia Etxeberria.
2024ko abuztuaren 14a
16:51
Entzun

Errepideko txirrindularitzan ez da izen entzutetsua Puck Pieterserena (Fenix), baina mendian eta lokatzetan ondo ezagutzen dute. Europako txapelduna da mendiko bizikletan, eta ziklo-krosean podiumean amaitu du azken bi Munduko Txapelketetan. Gaur, lehen aldiz, garaipen handi bat lortu du errepideko txirrindularitzan. Frantziako Tourreko laugarren etapa irabazi du Demi Vollering (Sd Worx) buruz buruko lehian garaituta. Bi herbeheretarrak eta Katarzyna Niewiadoma (Canyon) poloniarra nabarmendu dira eguneko azken igoeran, eta Fenix taldeko gaztea nagusitu da esprintean, gurpil erdi baten aldearekin. Volleringek aldea handitu du sailkapen nagusian, eta orain 22 segundo ateratzen dizkio bigarrenari, Pieterseri berari.

Fenix taldea lehiakor aritu da etapa guztian. Igoeretan erritmo bizia jarri dute, eta mendiko sailkapenerako puntuak biltzen jardun dute. Azkenean, baina, ahaleginak merezi izan du, eta, mendiko maillotaz gainera, etapa garaipena erdietsi dute. Eguneko azken igoeran, Roche-aux-Fauconsen erabat hautsi du lasterketa maillot horiak jarritako erritmo bortitzak. Lau geratu dira buruan:  Vollering, Niewiadoma eta Fenix taldeko bi, Pieterse eta Pauliena Rooijakkers. Talde bereko bi egoteak, ordea, iheslarien arteko elkarlana zailtzen zuen. Volleringek beste estutu bat eman eta atzean utzi du Rooijakkers. Hiru taldetako hiru txirrindulari geratu dira buruan. Orduan, bai. Ongi egin dute lan hiruren artean, eta esprintean erabaki da etapako garailea.

Amstel Gold Race klasikoaren lurretan egin dituzte eguneko lehen kilometroak, eta Lieja-Bastogne-Liejan zeharkatzen dituzten errepideetan ibili dira etaparen bigarren zatian. Laboral Kutxa taldeak mendiko lidergoa galdu du gaur. Cristina Tonettik ez du punturik bildu, eta etapa garaileak berak, Pietersek, jantzi du elastiko bereizgarria. Halere, Tourrean ari diren Euskal Herriko bi taldeak nabarmendu dira eguneko ihesaldietan. Movistar taldeko Sara Martin espainiarra izan da pelotoiarekiko alde esanguratsua lortu duen lehen ziklista. Bakarrik egin du ihes, eta harengana iristen saiatu da Laboral Kutxako Laura Tomasi italiarra. Zenbait kilometrotan pelotoiaren eta Martinen artean joan da, baina ez du lortu lasterketa burura iristea.

Movistarrekoak igaro du lehen postuan tarteko helmuga. Bertan, Tourreko bi esprinter onenen arteko lehia izan da, eta berriz ere Charlotte Kool (DSM) nagusitu zaio Lorena Wiebesi (Sd Worx). Trenbide pasagune batean gelditu egin dute proba, eta gelditik hasi behar izan dute ziklistek Mont-Theux muinoa. Sd Worx eta Fenix taldeen lanari esker, pelotoiak azkar egin du igoera, eta gainera iristerako harrapatu dute Movistarreko txirrindularia.

Batez ere Fenix taldeak bizitu du erritmoa igoeretan. La Redoute muino ezagunera iritsi direnean, talde horretako hiru ziklista jarri dira pelotoi buruan, eta asko murriztu dute talde nagusia. Hurrengo muinoan, Forgesen, beste talde batzuek hartu diete erreleboa. Sd Worxeko Mischa Bredewoldek, aurtengo itzulian bi etapa irabazi dituenak, sekulako lana egin du bai mendatea hasi aurreko ordekan, bai igoeran bertan. Mavi Garcia (Jayco) saiatu da aurrena, eta Justine Ghekiere (Soudal) gero. Soudaleko flandriarrak tartetxoa ireki du, eta buruan eutsi dio azken igoerara arte.

Roche-aux-Fauconseko igoerak 1,3 kilometro ditu, baina batez besteko pendiza %11koa du. Bertan, Sd Worx taldea jarri da pelotoi buruan. Berriz ere Bredewold. Itzulian bi etapa irabazi eta bigarren amaitu zuenak sekulako lana egin du gaur Volleringen mesedetan. Talde bereko Kata Blanca Vasek hartu dio erreleboa, eta azken estutua Niam Fisher-Blackek eman du. Jarraian, gainerako 600 metroren faltan, maillot horia bera jarri da talde buruan. Bere ohiko ibilkeran, zutitu ere egin gabe, luze-luze egin du talde nagusia. Liderraren erritmo indartsuari soilik Niewiadomak, Pietersek eta Rooijakkersek eutsi ahal izan diote. Rooijakkers atzean utzita, hirukoa ondo moldatu da; ez, ordea, atzeko pelotoia. Helmugara ia minutu erdiren aldearekin iritsi da hirukotea; atzetik, talde nagusiko esprintean, Kim Le Court (Soudal) gailendu da.

Esprinterren azken aukera

Biharko etapa izango da esprinterrentzako azken aukera aurtengo Tourrean. Bastogne eta Amneville artean, 150 kilometro baino gehiagoko ibilbidea osatuko dute. Belgikatik irtengo dira ziklistak, eta 65. kilometroan sartuko dira Frantzian. Zenbait muino igaroko dituzte, azkena helmugarako 15 kilometroren faltan. Halere, seguruenik, txirrindulari azkarrenen taldeek kontrolpean eramango dute lasterketa, esprinterrek azken aukera baliatu ahal izateko. Izan ere, etziko etapa oso gorabeheratsua da, eta asteburuko biak mendateetan amaituko dira. Biharko etapa irabazteko hautagai nagusiak dira Charlotte Kool  —lehen bi etapetako garailea— eta Lorena Wiebes.

Tourra-emakumeak,5. etapa

 

Sailkapenak

LAUGARREN ETAPA

1. Puck Pieterse (Fenix) 3.12.18

2. Demi Vollering (Sd Worx) d.b.

3. Katarzyna Niewiadoma (Canyon) d.b.

4. Kim Le Court (Soudal) 29ra

5. Noemi Ruegg (Education First) d.b.

6. Thalita de Jong (Lotto) d.b.

7. Evita Muzic (FDJ) d.b.

8. Shirin van Anrooij (Lidl) d.b.

9. Niam Fisher-Black (Sd Worx) d.b.

10. Mareille Meijering (Movistar) d.b.

40. AneSantesteban (LaboralKutxa) 3.09ra

50. UsoaOstolaza (LaboralKutxa) 7.47ra

NAGUSIA

1. Demi Vollering (Sd Worx) 7.40.10

2. Puck Pieterse (Fenix) 22ra

3. Katarzyna Niewiadoma (Canyon) 34ra

4. Kristen Faulkner (Education First) 47ra

5. Juliette Labous (FDJ) 56ra

6. Pauliena Rooijakkers (Fenix) 1.03ra

7. Kim Le Court (Soudal) d.b.

8. Thalita de Jong (Lotto) 1.04ra

9. Cedrine Kerbaol (Ceratizit) d.b.

10. Shirin van Anrooij (Lidl) 1.07ra

41. AneSantesteban (Laboral Kutxa) 4.12ra

49. Usoa Ostolaza (Laboral Kutxa) 8.38ra

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.