frantziako Tourra

Pierrick Fedrigorentzat garaipena, Lance Armstrong ihesaldian sartu den etapan

Tourmalet eta Aubisque gainditu behar izan dituzte 16. etapan, baina ez da diferentziarik izan faboritoen artean. 6.44ra helmugaratu da faboritoen taldea.

2010eko uztailaren 20a
17:42
Entzun
Pierrick Fedrigo Bbox Bouygues Telecom taldeko txirrindulariak irabazi du Frantziako Tourreko 16. etapa. Lance Armstrong (RadioShack) ere ihesaldian sartu da eta lehendabizi helmugaratu den taldetxoarekin batera heldu da. Pirinioetako mendiko etapa bat zen gaurkoa eta Tourmalet eta Aubisque pasatu behar izan badituzte ere, ez da diferentziarik izan sailkapen nagusian faboritoen artean. Faboritoen taldea 6 minutu eta 44 segundora heldu da helmugara.

Azken kilometroak Carlos Barredok ihesean egin ditu, baina azken kilometroan harrapatu egin du atzetik segika zuen taldetxoak eta esprintean erabaki da etapa garaipena. Frantziako Tourrean lortzen duen hirugarren etapa garaipena da hau Fedrigorentzat.



Maila bereziko Aubisque izeneko azken mendatean Christophe Moreau pasatu da lehendabizi, Tourmaleten bezala. Bigarren Pierrick Fedrigo igaro da eta hirugarren Chris Horner. Hiru txirrindulari horiekin batera beste sei lagun pasatu dira. Atzerapen handiarekin igaro da faboritoen taldea: 9.33ra.

Tourmalet gain mitikoa igotzen hamar txirrindulari izan dira lehenengoak, Moreau buru zutela. Harekin batera pasatu dira Armstrong, Horner, Carlos Barredo, Jurgen Van de Walle, Ruben Plaza, Sandy Casar, Pierrick Fedrigo, Damiano Cunego eta Ignatas Konovalovas. Faborito denak elkarrekin igaro dira Tourmalet gainetik, 3.42ra.

Ohi bezala, Tourmaleten euskal jarraitzaile ugari zegoen igoeran; batik bat, ikurrinekin eta euskal presoen eskubideen aldeko banderekin.

Sailkapen nagusian, Alberto Contador (Astana) dago lider. Bigarren Andy Schleck, zortzi segundora. Hirugarren Samuel Sanchez, bi minutura.

Bihar atsedena, etzi mendia berriro

Bihar atseden eguna izango da Tourrean, eta ostegunean berriz ere mendia edukiko dute -Tourmaleten izango du amaiera -. Larunbatean erlojuaren aurka 52 kilometro egin beharko dituzte. Igandean bukatuko da Frantziako Tourra.

Orain arteko etapak

- Aitzin-etapa: Rotterdam-Rotterdam. Irabazlea: Fabian Cancellara. Liderra: Fabian Cancellara.

- 1. etapa: Rotterdam-Brusela. Irabazlea: Alessandro Petacchi. Liderra: Fabian Cancellara.

- 2. etapa: Brusela-Spa. Irabazlea: Sylvain Chavanel. Liderra: Sylvain Chavanel.

- 3. etapa: Wanze-Porte du Hainaut. Irabazlea: Thor Hushovd. Liderra: Fabian Cancellara.

- 4. etapa: Cambrai-Reims. Irabazlea: Alessandro Petacchi. Liderra: Fabian Cancellara.

- 5. etapa: Epernay-Montargis. Irabazlea: Mark Cavendish. Liderra: Fabian Cancellara.

- 6. etapa: Montargis-Gueugnon. Irabazlea: Mark Cavendish. Liderra: Fabian Cancellara.

- 7. etapa: Tournus-Rousses. Irabazlea: Sylvaine Chavanel. Liderra: Sylvaine Chavanel.

- 8. etapa: Rousses-Morzine Avoriaz. Irabazlea: Andy Schleck. Liderra: Cadel Evans.

- 9. etapa: Morzine Avoriaz-S. Jean de Maurienne. Irabazlea: Sandy Casar. Liderra: Andy Schleck.

- 10. etapa: Chambery-Gap. Irabazlea: Sergio Paulinho. Liderra: Andy Schleck.

- 11. etapa: Sisteron-Bourg les Valence. Irabazlea: Mark Cavendish. Liderra: Andy Schleck.

- 12. etapa: Bourg de Peage-Mende. Irabazlea: Joaquim Rodriguez. Liderra: Andy Schleck.

- 13. etapa: Rodez-Revel. Irabazlea: Aleksandr Vinokurov. Liderra: Andy Schleck.

- 14. etapa: Revel-Ax 3 Domaines. Irabazlea: Christoph Riblon. Liderra: Andy Schleck.

- 15. etapa: Pamiers-Bagneres de Luchon. Irabazlea: Thomas Voeckler. Liderra: Alberto Contador.

- 16. etapa: Bagneres de Luchon-Paue. Irabazlea: Pierrick Fedrigo. Liderra: Alberto Contador.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.