Ez dago esprintean Jasper Philipseni (Alpecin) aurre egingo dionik. Flandriarrak berriro erakutsi du gaur hura dela txirrindularirik azkarrena aurtengo Frantziako Tourrean. Laugarrenez irabazi du. Hura izan da bizkorrena 11. etapako esprintean, Moulinsen. Dylan Groenewegen (Jayco) eta Phil Bauhaus (Bahrain) sailkatu dira haren atzetik. Philipsenek laguntzarik gabe moldatu behar izan du azken metroetan, baina, hala ere, gai izan da irabazteko. Sekulako aldea dago haren eta beste esprinterren artean.
Sailkapen nagusian, ez da egon aldaketa aipagarririk. Jonas Vingegaard (Jumbo), Tadej Pogacar (UAE) eta Jai Hindley (Bora) dira lehen hirurak. Pello Bilbao (Bahrain), berriz, bosgarren da, liderrarengandik 4.34ra. Gernikarrak atzoko garaipen handiaren saria jaso du gaur, 2026ra arte berritu baitu Bahrainekin. Laugarren urtea du taldean, eta oso gustura dago, baita arduradunak harekin ere. Ez da gutxiagorako.
Etapak ezer gutxirako eman du: Andrei Amadorrek (Education First), Matis Louvelek (Arkea) eta Daniel Ossek (Total Energie) ihes egin dute irten eta berehala, eta kilometro asko egin dituzte buruan, baina tropelak banan bana harrapatu ditu; Oss izan da azkena amore ematen, helmugarako hamahiru kilometro falta zirela. Gero, esprinterren taldeek ez dute inor joaten utzi.
Bihar, etapa gorabeheratsua jokatuko dute Roanne eta Belleville-en-Beaujolais artean: 168,8 kilometro ditu hamabigarren saioak. Txirrindulariek bost mendate igoko dituzte: aurreneko hirurak, Hirugarren Mailakoak, eta azkeneko biak, Bigarren Mailakoak. Etapa aproposa dirudi ihesaldi batek arrakasta izan dezan.