Philipsenek laugarrenez irabazi du Tourrean

2023ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
TXIRRINDULARITZA. Jasper Philipsenek (Alpecin) berriro erakutsi zuen atzo hura dela esprinterrik azkarrena aurtengo Frantziako Tourrean. Flandriarrak laugarrenez irabazi zuen. Hura izan zen bizkorrena 11. etapako esprintean, Moulinsen. Dylan Groenewegen (Jayco) eta Phil Bauhaus (Bahrain) sailkatu ziren haren atzetik.

Sailkapen nagusian, ez zen egon aldaketa aipagarririk. Jonas Vingegaard (Jumbo), Tadej Pogacar (UAE) eta Jai Hindley (Bora) dira lehen hirurak. Pello Bilbao (Bahrain), berriz, bosgarren da, liderrarengandik 4.34ra. Gernikarrak herenegungo garaipen handiaren saria jaso zuen atzo, 2026ra arte berritu baitzuen Bahrainekin. Laugarren sasoia du taldean.

Etapak ezer gutxirako eman zuen: Andrei Amadorrek (Education First), Matis Louvelek (Arkea) eta Daniel Ossek (Total Energie) ihes egin zuten irten eta berehala, eta kilometro asko egin zituzten buruan, baina tropelak banan-banan harrapatu zituen; Oss izan zen etsi zuen azkena, helmugarako hamahiru kilometroren faltan.

Bihar, etapa gorabeheratsua jokatuko dute Roanne eta Belleville-en-Beaujolais artean: 168,8 kilometro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.