Zornotza (Bizkaia) eta Baiona arteko ibilbidea kontuan hartuta, etapa aproposa zen esprintean amaitzeko, eta halaxe izan da. Jasper Philipsen flandriarra (Alpecin) izan da azkarrena Lapurdiko hiriburuan, Frantziako Tourreko hirugarren etapan. Philipsenek Phil Bauhausi (Bahrain) eta Caleb Ewani (Lotto) hartu die aurrea azken zuzengunean. Hirugarren garaipena du Tourrean; iaz lortu zituen aurreneko biak. Flandriarrak Tyler Hamiltoni hartu dio lekukoa. Estatubatuarra izan zen Baionan irabazi zuen azkena, duela hogei urte.
Sailkapen nagusian ez da egon aldaketa aipagarririk. Bigarren etapan ez bezala, Tourra irabazteko faboritoek ez dute gainsaririk eskuratu, ez Debako tarteko esprintean (Gipuzkoa), ezta Baionako helmugan ere. Hala, aldeak ez dira aldatu lehen sailkatuen artean. Adam Yatesek (UAE) eutsi egin dio maillot horiari. Ingelesak sei segundo ateratzen dizkio Tadej Pogacar taldekideari eta Simon anaia bikiari (Jayco).
Lehen bi etapa gogorren ostean, tropelak lasai antzean hartu du gaurko egitekoa. Gainera, Zornotzatik abiatu eta berehala osatu da eguneko ihesaldia. Bi txirrindularik egin dute aurrera: Neilson Powless estatubatuarrak (Education First) eta Laurent Pichon bretainiarrak (Arkea). Powless ihesean ibili zen bezperan ere. Gaur, helburu argia zuen: mendiko maillotari eustea. Lau mendate igoko zituzten Zornotza eta Baiona artean, eta ahalik eta puntu gehiena bildu nahi zituen lidergoa sendotzeko. Pichonek, berriz, Arkearen maillota luzitu nahi zuen. Tropelak ez zuen inolako asmorik indarrak azkar xahutzeko, eta joaten utzi die. Baina kontrolpean izan ditu une oro, hiru minutu eta erdira gehienez.
Donostira iritsi bezain laster, Powlessek amore eman du. Helburua betea zuen, lehena izan baita mendate guztietan. Pichon geratu da bakarrik aurrean. Bi minutura zuen tropela. Talde nagusian, hainbat txirrindulariri gurpilak zulatu zaizkie, eta berehala jakin da arrazoia: bezperan bezala, ezezagunek txintxetak bota dituzte errepidera. Penagarria da halako portaera makurrek euskal zaleak ematen ari diren irudi ederra zikintzea.
Pichon bakarrik sartu da Ipar Euskal Herrira, baina esprinterrak dituzten taldeak lanean serio hasi bezain laster hasi da haren aldea jaisten. Ibilbideak ere mesede egin die lan horretan, zailtasun handirik gabekoa baitzen. Hala, helmugarako 37 kilometro falta zirela harrapatu dute bretainiarra. Tropelak elkarrekin egin du helmuga arteko ibilbide gorabeheratsua. Bezperan ez bezala, ez da egon azken orduko ezustekorik, eta esprintean erabaki da etapako garailea, eta Philipsen izan da azkarrena.
Euskal Herrian hiru etapa jokatu eta gero, Euskal Herritik kanpo jokatuko da laugarrena, Okzitanian. Akizen hasiko da, eta Nogaron amaituko da. Txirrindulariek 182 kilometro egin beharko dituzte, guztiak ia lauak. Laugarren Mailako Demu mendatea bakarrik igoko dute: bi kilometro luze da, eta, batez beste, %3,5eko pendiza du. Gailurretik helmugara ia 30 kilometro daude. Itxuraz, etapa aproposa da berriro esprintean amaitzeko, baina ziur norbait saiatuko dela ihesean iristen.