Bat baino gehiago lokartuko zen Tourreko hamargarren etapa ikusten. Ulergarria da, batere emoziorik gabekoak izan baitira kilometrorik gehienak. Bada, garaipenaren zirrarak esnatu du Jasper Philipsen (Alepecin). Metaforikoa zen haren lozorroa; ohi bezala aritu ezinik zebilen Tour honetan. Iaz lau etapa irabazi zituen, baina Biniam Girmayren (Intermarche) itzalean ibili da orain arteko esprintetan. Gaur, ordea, nagusitasunez irabazi dio eritrearrari. Zorretan dago taldekideekin, eta, bereziki, Mathieu van der Poelekin: munduko txapeldunak bikain bideratu du esprinta, eta eskura eman dio garaipena Philipseni. Iazko binomio emankorra indarrean da berriro.
Bezperako atseden eguna aski ez, eta lehia beste baterako uztea erabaki dute txirrindulariek ia etapa osoan. Pedalei astiro eragin diete, eta, izerdiaren ordez, hasieran izan den euriak busti ditu. Abiatu eta tarte batera, Kobe Goossens (Intermarche) eta Harm Vanhoucke (Lotto) nabarmendu dira, baina berehala eman dute amore, hasieran zegoen tarteko esprinta igaro ostean. Tropelean Philipsenek bildu du puntu gehien, baina modu itsusian: alde batera egin du, askotan egin ohi duen bezala, eta bidea itxi dio Girmayri. Eritrearra hesien kontra talka egitear izan da.
Tropelak zabal-zabal eginda eta lasai ederrean egin du aurrera. Haizearen mehatxuak ez du artegatu. Alboz jo dio zenbait momentutan, baina ez da ufada indartsurik izan, eta, hortaz, haize babesik ere ez. Hori zen etapari gatz eta piper bat eman ziezaiokeen aldagai bakarra. Faboritoen taldeek abiadura bizkortu dute 60 kilometroren faltan, baina alarma faltsua izan da. Buruan igaro nahi zuten gune arriskutsu bat, besterik ez. Tadej Pogacar (UAE) behar bezala zaindu dute bere taldekideek. Esloveniarrak inongo arazorik gabe eutsi dio maillot horiari. Egun bat gehiago, egun bat gutxiago.
Gauzak oso bare izan dira, harik eta amaieran betiko frenesia piztu den arte. Hautagaien taldeek zintzo egin dute lan, buruzagiak segurtasun tartera onik eramateko. Gero, esprinterren taldeei pasatu diete lekukoa. Education First jarri da buruan, baina agertu bezala desagertu da. Oso desantolatuak izan dira orain arteko esprintak, ez baita egon azken kilometroan esprinta garbi bideratu duen talderik. Gaur, ordea, aginte makilari tinko heldu dio Alpecinek, eta eskuz esku ibili du. Philipseni iritsi zaio azken ahaleginean, eta ezin izan dio inork kendu. Ez du mugimendu arriskutsurik egin behar izan Girmay azpiratzeko. Hirugarren Pascal Ackermann (Israel) izan da.
Bihar ibilbide gogorragoa osatu beharko dute, Evaux Les Bains eta Le Lioran artean. 211 kilometroko saioa izango da, eta bukaeran lau mendate kateatuko dituzte: Neronne, Puy Mary –lehen mailakoa–, Pertus –gainsariak edukiko ditu gailurrean– eta Cere. Azken hori igo, eta hiru kilometro geldituko zaizkie helmugara iristeko. Faboritoen artean lehia piztu daiteke, eta, era berean, ihesaldiak arrakasta izan dezake. Gaur tropelean iraun dute denek, baina jende askok egin nahiko du alde bihar.
Fisher-Black, aldapan garaile
Lehen bukaera menditsua izan du gaur Italiako Giroak, hirugarren etapan. Toano mendatean zegoen helmuga, eta Niamh Fisher-Black (SD Worx) izan da iristen lehena. Lotte Kopecky taldekidea izan du atzetik, sei segundora; eta harekin batera helmugaratu dira Juliette Labous (DSM) eta Elisa Longo Borghini (Lidl), hirugarren eta laugarren postuan, hurrenez hurren. Lidergoari eutsi egin dio Longo Borghinik, eta orain Kopecky eta Labous daude podiumeko postuetan; hamahiru segundora bata, eta 25era bestea. Usoa Ostolaza (Laboral Kutxa) 23. sailkatu da gaur, eta 26. dago nagusian, 3.50era. Bihar Imola eta Urbino artean ariko dira, eta hiru mendate igoko dituzte etaparen azken zatian.
SAILKAPENAK
HAMARGARREN ETAPA
1. Jasper Philipsen (Alpecin) 4.20.06
2. Biniam Girmay (Intermarche) d.b.
3. Pascal Ackermann (Israel) d.b.
4. Wout van Aert (Visma) d.b.
5. Fernando Gaviria (Movistar) d.b.
6. Sam Bennett (Decathlon) d.b.
7. John Degenkolb (DSM) d.b.
8. Phil Bauhaus (Bahrain) d.b.
33. Mikel Landa (Soudal) d.b.
43. Pello Bilbao (Bahrain) d.b.
NAGUSIA
1. Tadej Pogacar (UAE) 40.02.48
2. Remco Evenepoel (Soudal) 33ra
3. Jonas Vingegaard (Visma) 1.15era
4. Primoz Roglic (Bora) 1.36ra
5. Juan Ayuso (UAE) 2.16ra
6. Joao Almeida (UAE) 2.17ra
7. Carlos Rodriguez (Ineos) 2.31era
8. Mikel Landa (Soudal) 3.35era
16. Pello Bilbao (Bahrain) 5.58ra