Frantziako Tourra

Philipsen, hirugarrenez nagusi

Flandriarrak esprintean irabazi du Tourreko zazpigarren etapa. Ezustean harrapatu nahi izan du Cavendishek, baina luze egin zaio bukaera. Vingegaardek arazorik gabe defendatu du maillot horia

Jasper Philipsen garaipena ospatzen. MARTIN DIVISEK / EFE
enaut agirrebengoa
2023ko uztailaren 7a
18:34
Entzun

Azkarren artean azkarrena dela berretsi du gaur Jasper Philipsenek (Alpecin). Tour honetako hirugarren esprinta jokatu da Bordelen (Okzitania), eta hirugarrenez gailendu da flandriarra. Iaz bi etapa zakuratu zituen, baina aurten, are nagusitasun handiagoa ari da erakusten esprinterren arteko borrokan. Mark Cavendishek (Astana) eskuinetik aurreratu nahi izan du, esprinta lehenago hasita, baina gurpila aise hartu dio Philipsenek, eta tximista bezala egin ditu azken metroak. Hala, markarik gabe gelditu da Cavendish. Garaipen bakarra falta zaio Tourrean inoiz izan den ziklistarik irabazleena bilakatzeko, baina gaur, bigarren postuarekin konformatu behar izan du. Hirugarren Biniam Girmay (Intermarche) izan da.

Mendiko bi etapa nekagarriren ondoren, atseden hartzeko hautua egin dute ziklistarik gehienek. Beroak ere lehiarako grina apaldu die, tenperatura aurreko etapetan baino dezentez altuagoa izan baita; 30 gradu ingurukoa. Horiek hala, apenas izan da lehiarik ihesaldia osatzeko, eta lau txirrindulari oldartu dira bakarrik: Simon Guglielmi (Arkea), Nelson Oliveira (Movistar), Jonas Abrahamsen (Uno-X) eta Mathieu Burgaudeau (Total). Begira-begira gelditu zaizkie tropeleko kideak, nagi. Iheslariek ere elkarri begiratu diote, eta halako batean, hanka altxatu dute Oliveirak, Abrahamsenek eta Burgaudeauk. Hasi orduko eman dute amore. Guglielmik, berriz, eutsi egin dio abenturarako gogoari. Txirrindularia bere bakardadean.

Frantziarrak dezenteko tartea zabaldu du hasierako kilometroetan, atzean aho zabalka zeudela baliatuz. 6.30eko errenta hartzen utzi diote iheslari bakartiari. Haatik, azkarrenen taldeek azkar batean zapuztu diote ilusioa, tiraka hasi arau. Aldeak behera egin du kilometroen joanean, eta 45 segundo eskasera murriztu da tarteko helmugan, esprinterren arteko zalapartaren ondorioz. Biniam Girmayk (Intermarche) aurrea hartu die Philipseni eta Mads Pederseni (Lidl). Sailera itzuli dira puntuak bildu ondotik; ekinari lotu zaizkio, aldiz, Nans Peters (Ag2r) eta Pierre Latour (Total). Helmugatik 78 kilometrora irten dira tropeletik, eta berehala egin dute bat Guglielmirekin.

Bakarlari saiatuak elkarlanean aritu da bi ehiztari sonatuekin; harik eta eguneko mendate bakarrean atzean gelditu den arren. Kilometro bakarreko koska leun bat zen, baina erregaia agortu zaio Guglielmiri. Petersek ere nahikoa zela esan du sei kilometroren faltan. Latourren erreleboek gogotik sufriarazi dute, eta, gainera, tropela gainean zuten ordurako. Beste hiru kilometroan eutsi dio Latourrek. Esprinterren txanda iritsi da amaieran, eta Mathieu van der Poelek (Alpecin) berriz ere bideratzaile lanak egin dizkio Philipseni. Flandriarra, hasiera batean, aurkariei begira gelditu da, eta abiada galdu du. Halere, garaiz ibili da martxa berriro azkartu, eta garaipena lortzeko. Jolas hutsa izan da harentzat.

Biharko etapa ere nahiko laua da, baina bukaera bihurria izango du, azken kilometroetan laugarren mailako bi igoera edukiko baitituzte. Libourne eta Limoges artean lehiatuko dira ziklistak, eta 200 kilometroko lana osatuko dute. Horiz jantzita iritsiko da Jonas Vingegaard (Jumbo).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.