Phelpsen ordezko izateko hautagaiak

Budapesten jokatuko da 2017ko Munduko Igeriketa Txapelketa, gaur hasi eta hilaren 30era bitarte. Punta-puntako igerilariak egongo dira han, eta hainbat izango dira urrezko domina bat baino gehiago irabazteko asmotan lehiatuko direnak. Ikuskizunik ez da faltako.

ESTEBAN BIBA / EFE.
Gorka Intxausti Aranguren.
2017ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Munduko igerilaririk onenek Budapesten dute hitzordua. Gaur hasita, hamazazpi egunez jokatuko da Munduko Igeriketa Txapelketa. Michael Phelpsen agurraren ondorengo lehenak izango dira, baina ez da hautagairik faltako hark hutsik utzitako tronuan jartzeko. Bost modalitatetako norgehiagokak jokatuko dira: igeriketa, jauziak, igeriketa sinkronizatua, waterpoloa eta ur-irekietako igeriketa. Ia hiru mila parte hartzaile egongo dira, eta 228 domina izango dituzte lehian. Badira izen guztien artean nabarmentzen diren batzuk; munduko izarrak, alegia. Hungariako hiriburuan urrezko dominarenbat (edo gehiago) lortzeko helburua dute.

KATIE LEDECKY

Txapeldun gaztea



20 urte besterik ez dituen arren, txapeldun handia da jada Katie Ledecky (Washington Hiria, 1997). Bost urrezko domina irabazi ditu Olinpiar Jokoetan horietatik lau iaz, Rion eta bederatzi aldiz izan da munduko txapeldun. Denetara moldatzen da igerilari estatubatuarra, eta oso ondo aritzen da hainbat probatan. Budapesten, igeriketa libreko bost probatan arituko da: 200m, 400m, 800m, 1500m eta 4x100m. Bostak irabazteko gai da.

SUN YANG

Meteorito txinatarra



Igerilari polemikoa da, berez, Sun Yang (Hangzhou, Txina, 1991).Kiroletik kanpo, igerilekuan bezain ezaguna da bere herrialdean: telebistako reality batean parte hartu zuen, gidabaimenik gabe gidatzen harrapatu zuten, dopin kontrol batean positibo eman zuen, beste igerilariekin liskarrak izan ditu entrenamenduetan... Igerilari ibilbide izugarria darama, hala ere: hiru urrezko olinpiar domina ditu, eta zazpi aldiz izan da munduko txapeldun. Munduko txapelketa honetan, lau probatan parte hartuko du, den-denak estilo librean: 200m, 400m, 800m eta 1.500m.

CHAD LE CLOS

Phelps gabe, lasai



Chad Le Clos (Durban, Hegoafrika, 1992) izango da kontuan hartu beharreko beste igerilarietakobat. Azken urteotan, Michael Phelpsen itzalean gelditu izan da betitximeleta estiloan eta estilo librean. Budapesten izango du aukera oraindik zeresana baduela erakusteko. Tximeleta estiloko 200 metroko urrea irabaztea da bere helburu nagusia, eta 100 metrotan ere lehiatuko da.

KATINKA HOSSZU

Etxean eta lanez lepo



Olinpiar Jokoetako hiru urrezko domina ditu, eta bost aldiz izan da munduko txapeldun. Etxean jokatuko du Hosszuk (Pecs, Hungaria, 1989), eta faboritoa da igeriketako ia proba guztietan. Guztira, hamabi probatan hartuko du parte, eta inor ez dadila harritudomina andana eskuratzen badu.

KOSUKE HAGINO

Phelps asiarra



Askotan alderatu izan dituzte Kosuke Hagino (Oyama, Japonia, 1994) eta Michael Phelps, biek hainbat probatan maila onena emateko duten gaitasunagatik. Askotan aitortu izan du, gainera, hura izan dela bere erreferente nagusia. Estiloetako 400 metroetako proba irabazi zuen Rioko Olinpiar Jokoetan, eta bigarren izan zen 200 metroetakoan. Bi proba horietan hartuko du parte Budapesten.

SARAH SJOSTROM

Abiaduraren erregina



Sarah Sjostrom (Salem, Suedia, 1993) da faborito nagusia abiadura probak irabazteko, eta lau urrezko domina eskuratzen saiatuko da munduko txapelketan. Sari zerrenda izugarriaren jabe ez ezik, lau munduko markaren jabe ere bada igerilari suediarra, bi igerileku luzean: tximeleta estiloko 50 metrokoa eta 100 metrokoa; eta beste bi igerileku laburrean: estilo libreko 200 metrokoa eta tximeleta estiloko 100 metrokoa. Budapesten, 50 eta 100 metroko probetan parte hartuko du, nola tximeleta estiloan, hala estilo librean.

IGERIKETA SINKRONIZATUKO ERRUSIAKO TALDEA

Betidanik irabazle



Igeriketa sinkronizatuan historikoki domina gehien irabazi dituen taldea da Errusia, Japonia eta Espainiaren aurretik. Sinkronizatuan, bederatzi txapelketa ezberdin jokatuko dira Budapesten: emakumezkoen zazpi eta bi misto. Errusia emakumezkoenetara bakarrik aurkeztuko da, eta guztietan da irabazteko hautagai nagusia. Eskura duen helburua da, 2015eko munduko txapelketan zazpiak irabazi zituen eta.

GREGORIO PALTRINIERI

Irteera txarrak, eta irabazle



Rion 1.500 metrotako urrezko domina eskuratuta iritsiko da Gregorio Paltrinieri (Carpi, Italia, 1994) Munduko Txapelketara. Igerilari nahiko baldarra izatearen ospea dauka, baita irteeretan eta biraketetan nahiko motela izatearena ere. Dena den, lan luzeetan oso ondo moldatzen dela erakutsi izan du bere ibilbidean. Olinpiar jokoetako urrezko dominaz gain, munduko txapeldun izan zen 1.500 metroetan duela bi urte. Sun Yangekin lehia estua izango du.

JULIJA EFIMOVA ETA LILLY KING

Urrea estu izango da



Munduko txapelketako lehia estuenetakoa izatea espero da. Julija Efimova (Grozny, Errusia, 1992) eta Lilly Kingek (Evansville, Ameriketako Estatu Batuak, 1997) bular estiloko 100 metroetan egingo dute topo. 2016ko Olinpiar Jokoetako finalean bi hamarren baino gutxiagoko aldea izan zen King txapeldunaren eta Efimova zilarrezko dominaren artean. Orduz geroztik, igeriketazale guztiak bien arteko lehia berriz ikusteko irrikan daude, eta ikusteko dago zer gertatuko den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.