Bere markarik onena hobetu zuen Iñaxio Perurenak iragan larunbatean. 305 kiloko harritzarra berdindu zuen sorbaldan, eta Amazabal Leitzako pilotalekuan txaloak trumoi bilakatu ziren. Perurena pozik zen, baina ez zen sekulako euforiarik ageri haren aurpegian. Bera ere jabetu zen. «Lagunek-eta esan zidaten, nolabait, ez nintzela erotu. Baina zergatia azaltzen erraza da: ez nintzen erabat gustura gelditu. Altxatu, ondo altxatu nuen, baina harriak pare bat aldiz egin zidan balantza, eta nik altxaldi perfektua nahi nuen. Agian, hori aldatu behar dut neure buruan: marka ahaleginetan altxatzea dela garrantzitsuena eta ez hainbeste perfekzioa».
Aldartea berehala aldatu zitzaion, baina; Maialen alabaren musuak eta jendeak emandako zorionek gauzak beste modu batera ikusarazi zizkioten. Bi egun geroago, baina, berriz ere begi klinikoa itzuli da haren hitzetara. «Agian, aurrerantzean hori izan behar dut buruan. Mentalizatuta nago plazan ez dudala nire onena emango; etxea da altxaldi perfektua emateko tokia, eta plaza harria biltzekoa. Plazan lortu behar dena da altxatzea eta homologatzea. Agian, mentalitate horrekin lasaiago joango naiz».
Pragmatismoa da ondorio hori laburbiltzen duen hitza. Bizitzak, plazak eta aitari ikusitakoek irakatsi diote plazan altxaldi perfektua oso gutxitan lortzen dela. Larunbatean, halere, eman zizkion bueltak, eta, harria bota bezain laster, bere laguntzailearekin, Iñaki kuadrillako lagunarekin, horrixe buruz aritu zen. «Entrenamenduetan egiten dugun bezala», gogoratu du, hori nahi baitzuen Perurenak, altxaldiak entrenamendu itxura izatea.
Urteen poderioz, Perurenak bere burua ezagutu du, eta badaki plazan ikusmina handia bada kosta egiten zaiola bere onena ematea. Presioa da, eta horregatik nahi izan zuen saiakerak oihartzun oso handirik ez izatea. «Kartel batzuk jarri nituen, elkarrizketaren bat herriko irratian, sarrera borondatezkoa jarri, gastuei erantzuteko, eta jende gehiegik ere ez zezala jakin. Eta ez nuen lortu; pilotalekura irten nintzenean, 400 pertsona zeuden. Horrek ere pixka bat eragin zidan».
Bere buruari asko exijitzen dioPerurenak; hura entzutean agerikoa da. Izan ere, 303 kilokoarekin hiru saiakera ustel egin eta gero, eta 300ekoarekin eginiko altxaldiak sortu zuen eztabaidaren ondoren, 305ekoa ondo jaso izanak liberazioa beharko luke harentzat, baina ez. «Jendeak asko hitz egiten du. Kontua da jendeak ez duela sinesten etxean altxaldi perfektua egin duzunik. Plaza oso berezia da. Arautegiak dio sorbaldan harriak lurrarekiko paralelo egon behar duela, ez duzu mantendu behar, eta, gero, harria kontrolpean duzula askatzea».
Apirilean, beste bat?
305eko harria 303ko bera zen, moldatuta. Berria egiteak 1.000 euro inguru balio du, eta, agian, orain berriz zamatuko du. Izan ere, «baliteke» Perurenak astunago batekin beste saiakera bat egitea, apiril bukaeran. «Larunbateko altxaldia hobea izan balitz, garbiago izango nuke; ez dut konfiantza askorik hartu», aitortu du. Horretarako, aurretik «bizpahiru entrenamendu oso on» egin beharko lituzke, eta hori, Perurenarentzat, hilabete da. Izan ere, astean behin ukitzen du harria. Astelehenetik asteazkenera, karga handiak altxatzen ditu, zango eta besoekin. Ostegun eta ostiralean, lan horren asimilazioa egiten du, luzaketa asko eta ariketa arinagoak eginda. Eta harria larunbatean ukitzen du, Iñaki bere lagunaren begiradapean.
Marka hobeak begiz jota edukitzea logikoa da, 32 urterekin oraindik goraka baitoa. «Pisuetan, iaz baino gehiago altxatzen dut orain; badago bilakaera bat, eta azken urtean hiruzpalau kilo on hartu ditut gorputzean». Bilakaera horretan, lana gako handia da, eta bestea, lesioen tratamendua. 2009an, ia urte osoa egon zen geldirik, gerriko minez, eta gaitza bezatzen ikasi du. «Hernia txiki bat da; askotariko larritasunak daude, eta nirea protusioa da. Min handia ematen zidan. Tratatzen ikasi dut: luzaketak, masajea, gerria beti epelean edukitzea...». Harria biltzen zuen unean nabaritzen zuen ziztada, eta, nabaritzen ez zuenean, etorriko zelako beldurra. Baina, dioenez, «gainditu» du, zorionez, eta hausnarketa borobila utzi du solasaldiaren amaierarako: «300 kilo eta beldurra hitzak ezin dira esaldi berean joan».
Inaxio Perurena
Perfekzioa amesten
305 kiloko harria jasota, bere markarik onena egin berri du, baina ez du guztiz ase, plazan «ametsetako altxaldia» egitea eskatzen baitio bere buruari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu