Pozez ezin kabiturik oheratu ziren bart zale gorritxoak. Ez da harritzekoa: Osasuna Espainiako Kopako final-laurdenetarako sailkatu da, Betis mendean harturik. Partida zinez zirraragarria jokatu zen Benito Villamarinen, eta penaltietan lortu zuen garaipena Osasunak. Tarte horretan, protagonista argi bat izan zen: Sergio Herrera. Atezainak ederki gelditu zuen Sergio Canalesen jaurtiketa. Inork pentsa lezake zorte kontua ere badirela horrelakoak, baina neurketaren ondotik zabaldutako irudi batek guztiz baztertu du aukera hori: Sergio Herrerak paper bat zuen itsatsia ur botilan. Paperean, ohar bat. Oharrean, penaltiak botatzeko aurkarien ohiko estiloak.
Ikusi gehiago: Osasunak penaltietan lortu du final-laurdenetarako sailkatzea
Irudia Osasunaren Twitter kontuak zabaldu zuen, mezu batek lagunduta: «Penaltiak ez dira zorte kontua. Entrenamendua eta ikastea dira».
Oharrean, marrazkiak ikus daitezke, jokalari bakoitzaren izenaren ondoan. Idazki batzuk ere bai: «Ezker», «eskuin», «gogor, oinbularraz»... Betiseko jokalari batzuen izenak marratuak ageri dira, adierazteko jokalari horiek jadanik ez zirela jokatzen ari, eta, beraz, horiek ez zutela botako penaltirik. Agerian da: behaketa lan sakona zen egina partidaren aurretik. Atezainak kontatu duenez, atezainen entrenatzaile Richard Sanzolekin batera egiten dute aurretiko lan hori.
Orain arteko emaitzak ikusirik, bistakoa da atzeko lan hori eraginkorra dela. Penaltien %52 gelditu ditu.
Aurreikuspenak eta gertatuak
Normalean, txuletak ez dira izaten guztiz fidatzekoak, eta hala ondorioztatu daiteke atzokoa ikusirik ere. Atezain gorritxoak erdizka asmatu zuen iragarpenetan. Borja Iglesiasek jaurti zuen Betisen lehenbizikoa: ezkerreko angelura bota zuen. Txuletaren arabera, aurreikusia zegoen atearen goiko aldera botako zuela; asmatua, beraz. Betisen bigarrena Lorenek bota zuen, ezkerra. Baina honela zioen Herreraren txuletak: eskuinera, altu, eta oinbularraz; kale, beraz. Hirugarrena Sergio Canalesek bota zuen, ezker angelura, eta orduan bai, Osasunako atezainari zinez balio izan zioten hari eginiko behaketek, eta gelditu zuen baloia.
Betisen azken jaurtiketa Guidok bota zuen. Baloia ez zen sartu atean, baina, kasu horretan, jokalari horren hutsa izan zen erruduna. Betisekoa labaindu egin zen, eta baloia zuzenean joan zen kanpora.