Gertu izan du amildegia Athleticek Logroñon (Espainia), baina, azken orduan, lortu du Kopako final-hamaseirenetarako sailkatzea, Espainiako Federazioaren bigarren mailako UD Logroñes penaltietan garaituta. Uste baino gehiago sufritu du Valverderen taldeak, neurketaren kontrola izan duen arren ezin izan baitute etxekoen horma zulatu. Azkenean, penaltietan izan bada ere, iazko txapeldunak lortu du aurrera egitea.
Hotz hasi da partida Las Gaunas futbol zelaian. Bi taldeei kosta egin zaie neurketari neurria hartzea, eta Errioxara bidaiatu duen Athleticeko zale andanak soilik berotu du partida. Valverdek hamaikakoan ohikoenak ez diren jokalariei eman die partida hasteko aukera, eta, horien artean, Alvaro Djalo ahalegindu da gehien, lehen zatian behintzat. Aurrelariak bere abiadura aprobetxatu du Kike Royoren ate ingurura iristeko, baina ez du asmatu haren aurrean.
Pixkanaka, baloia bereganatu du Athleticek, eta, hala, partidako agintea eskuratu. Hala ere, zuri-gorriak ez dira oso fin ibili baloiarekin. Logroñesek, berriz, argi zeukan partidako plana. Errioxarrak sendo aritu dira zelai erdian, eta Athletici ez diote modurik eman nahi izan trantsizio azkarrik egiteko. Sergio Sanchezek bazekien hegalak eta joko azkarra direla Athleticen indargunea, eta arlo horietan oztopoak jartzen jakin du etxeko taldeak. Hala, aukera argiegirik gabe joan dira bi taldeak atsedenaldira.
Bigarren zatiaren hasieran, lehen gola sartzear izan da Berenguer. Areaz kanpotik egindako jaurtiketan, baloia zutoinaren ondo-ondotik joan da kanpora. Jokoa, ordea, ez zen Valverderen gustukoa, eta hiru aldaketa egin ditu 60. minutuan. Iñaki eta Nico Williams eta Jauregizar zelairatu ditu.
Bigarren zatian ere, Athleticen esku egon da kontrola, erabat. Zuri-gorriek Logroñesen zelaian jokatu dute bigarren zati guztian, baina etxeko taldeak ez du amore eman. Sendo aritu dira defentsan, eta eskuzabal ahaleginari dagokionez. Hiru lerroen artean oso tarte gutxi utzi dute etxekoek, eta armiarma sare hori gainditu ezinda aritu da Athletic. Zuri-gorriak saiatu eta saiatu aritu dira, baina Guruzetak kanpora bidali du baloia bigarren zatian izan dituen bi aukeretan.
Luzapenean ere ez
Luzapenean ere deseroso aritu da Athletic. Logroñesek gero eta atzerago defendatu du, penaltietan saria lortzeko asmotan, eta baloia geldirik zela bakarrik ahalegindu da miraria gauzatzen. Athleticek, berriz, aukera bakarra izan du ordu erdian, baina oso argia. Yurik ederki aurkitu du Nico lerro artean, eta hark egin du errematea, atzelariari izkin egin eta gero. Atzelari bat gorputzean jo du baloiak, eta sareetara bidean zegoela atera du Royo atezainak atepetik. Geldiketa meritu handikoa izan da.
Zoriak hala erabakita, penaltiak Athleticen zaleak zeuden atean jaurti dira, eta etxeko taldea izan da jaurtitzen lehena. Logroñesek lehen hiru penaltietatik bi huts egin ditu. Bat Agirrezabalak gelditu du, eta besta, berriz, Sarriegik kanpora bota. Athleticen, ordea, Nicok bakarrik huts egin du berea, eta Unai Gomezek sartu du garaipenaren penaltia: 3-4.
UD Logroñes: Royo; Almandoz (Alvaro Mateo, 106. min.), Monreal, Moreno, Arnau; Moraes (Aguero, 60. min.), Garrido, Bonilla (Sarriegi, 75. min.), Facchin (Madrazo, 60. min.); Najera (Estrecha, 87. min.) eta Pau Lopez (Alex Gualda, 74. min.).
Athletic: Agirrezabala; De Marcos, Unai Nuñez (Vivian, 68. min.), Paredes, Adama (Yuri, 91. min.); Herrera (Jauregizar, 60. min.), Vesga (Unai Gomez, 80. min.); Berenguer, Nico Serrano (Iñaki Williams, 60. min.), Djalo (Nico Williams, 60. min.); eta Guruzeta