Ondo bideratua zuen garaipena, baina azkenean puntu bakarrarekin konformatu behar izan du Osasunak. Korner batean, 90. minutuan, lekua hartzeko borrokan zebiltzan Thierno Barry Vila-Realeko aurrelaria eta Lucas Torro, eta, Osasunakoaren heldualdia gehiegizkoa izan dela ebatzita, penaltia adierazi du epaileak. Horrela sartu du Gerard Morenok berdinketaren gola 93. minutuan.
Aurretik, lan ederra egin dute etxekoek. Vila-Real hobeto zelairatu da, baina Budimirrek, buruz, gola sartu du 8. minutuan. Bikain baliatu du Ruben Garciaren erdiraketa. 20. minutuan, berriz, bigarrena egin du kroaziarrak, berari egindako penalti bat sareetara bidalita. Atsedenaldira tarte nabarmenarekin heldu dira gorritxoak.
Bigarren zatian gol gehiago sartzeko aukerak izan dituzte, eta atzean ere sendo ibili dira. Hala ere, 66. minutuan tartea murriztu du Alex Baenak. Sufritzea tokatzen zen. Trabatuak izan dira azken minutuak, eta, ezer ez zela pasatuko zirudienean, epaileak merezi baino zigor gogorragoa ezarri dio Osasunari. Puntu garratza nafarrentzat.
Sailkapen nagusian, behin-behinean, bosgarren dira 22 puntu lortuta.