Etxera itzulita, Gernikako Grand Slama irabaztea du begiz joa Diego Beaskoetxea zestalariak (Miami, AEBak, 1981). Hamasei urte egin ditu AEBetan jokatzen, eta kezkaz ikusten du Euskal Herrian zesta-puntak duen egoera. Laguntza gehiago eskatu ditu bere kirolarentzat.
Gernikako Grand Slameko lehenengo partida irabazi zenuten larunbatean. Pozik?
Lehenengo neurketa jokatzen dugunean, pixka bat urduri egon ohi gara, txapelketa irabazteko gogo handiarekin egoten baikara. Ez genuen gaizki jokatu, eta azkenean irabazi egin genuen; beraz, pozik gaude.
Hurrengo partida ostiralean duzue, Hondarribian, Goikoetxearen eta Aldazabalen aurka. Nola ikusten duzu?
Txapeldunak dira, eta, egia esan, oso ongi jokatu beharko dugu irabazteko. Frontoi horretan, gainera, bikote handia dira.
Udarako zer helburu dauzkazu?
Lau Grand Slam jokatzeko asmoa dut: bi hemen [Hegoaldean], eta bi Iparraldean. Horietako baten bat irabaziz gero, pozik nengoke.
38 urte bete dituzu aurten. Luzerako ikusten duzu zeure burua zestan jokatzen?
Ez dut neure burua gaizki ikusten, baina orain ez ditut 27 urte. Esan bezala, aurten lau torneo handi jokatuko ditut, eta nola nabilen ikusiko dut. Gero pentsatuko dut beste urtebete jokatu ala ez. Hurrengo udan erabakiko dut jarraitu egingo dudan edo geratu.
Orain itzuli zara Miamitik Euskal Herrira. Zergatik?
Bueno, hamasei urte egin ditut profesionaletan egunero jokatzen, eta apur bat nekatu naiz jada, egunero frontoira joan beharragatik. Erlaxatuago joaten hasten zara; denborarekin ez da gauza bera. Eta kantxatik kanpo ere, familia dut, bi mutil. Han bakarrik egotea ez da erraza hemen familia izanda. Gainera, hemen laguntza askoz gehiago dugu. Azkenean, bi arrazoi horiengatik hartu dut erabakia. Kantxa barruan ez nuen gose bera neure burua mugara eramateko; eta kantxatik kanpo ere, uste dut hemen hobeto gaudela.
Zein da AEBetan bizitzeak duen alderik onena? Eta txarrena?
Pilotari moduan, gauez joaten zara pilotalekura, eta ordu arte egun osoa libre duzu. Eguraldi ona egiten du beti, eta bizimodu oso erraza eta polita da. Beti lagunartean zaude. Uste dut pilotarientzat oso bizitza ederra dagoela han. Alde txarra, berriz, hauxe da: familia ez duzula zurekin, ezta lagunak ere. Baina dena ezin da eduki.
AEBetako esperientziatik, zer da gehien oroitzen duzuna?
Profesionalki asko ikasi dut. Pentsatzen nuen pilotari ona nintzela, baina, egunero jokatzen hasten zarenean, orduan ohartzen zara zenbat duzun ikasteko. Kantxatik kanpo, gizondu egin naiz. 22 urterekin joan, eta 38rekin etorri naiz. Lagun handiak egin ditut, eta bizimodu ederra izan dut. Ez dut aitzakiarik hango bizitzaz. Oso pozik bizi izan naiz han. Pena pixka batekin ere etorri naiz.
Gomendatuko al zenioke gaur egun zestalari gazte bati AEBetara joatea?
Bai, noski. Ni hamasei urtez oso pozik bizi naiz han. Bada jendea ez dena egokitzen. Baina probatzera joatearekin uste dut ez dela ezer galtzen.
Ezagutu dituzun frontoi guztietatik bat aukeratu beharko bazenu, zein izango litzateke?
Gernikakoa. Politena dela uste dut. Ez hori bakarrik: jokatzeko zailena ere badela uste dut. Efektu gehienak bertan ikusten dira, eta pilotari onenak ere bai. Pilotaleku handiena da, beste dimentsio batzuk ditu. Hemen ikusten da nork jokatzen duen eta nork ez.
Aita pilotaria izan zen, eta zu eta anaia ere bai. Gustatuko allitzaizuke zure semeek tradizioarekin jarraitzea?
Gustatu bai, baina oraindik gazteak dira. Partidak ikusten dituzte, baina lasai. Beraiek nahi badute, ordea, noski; ziur.
Nola ikusten duzu zesta-puntaren gaur egungo egoera Euskal Herrian?
Nabari dut jende berria doalazesta ikustera, jaialdietan frontoiak beteta egoten baitira. Baina laguntza gehiago egongo balira, askoz hobeto egotea lortuko genuke; aireratze bat behar dugu, hegazkinek egiten dutenen modukoa. Ez dugu behar, bakarrik, jendea frontoira etortzea, baizik baita bestelako laguntza batzuk ere. Telebistan agertzea, adibidez.Izan ere, zesta-puntak laguntza txikiak jasotzen ditu,eta ez dira nahikoa. Beste kirolekin alderatzen hasiko bagina, laguntzak barregarriak direla ikusiko genuke.
Frontoiak lehen bezala edo gehiago betetzen dira. Pilotarien maila ere ona da, baina hori ez da laguntzetan islatzen?
Ez. Betiko frontoiak berreskuratzean dago koska. Gernikakoa, Markinakoa, Hondarribikoa... Garai batean ongi zeudenak berreskuratzen gabiltza. Hala ere, beti egon da afizioa herri horietan, baina beste leku batzuetara joateko edo babesle handiak lortzeko arazoak daude. Telebistan partidak ematen ez badira, hedabideetan ez bagara agertzen, eta laguntza gehiago ez baditugu, zaila izango da aurrera egitea.
Oraintxe bertan, bizi al daiteke Euskal Herrian zestatik?
Hiru edo lau hilabete egin ditzakezu uda garaian, baina neguan ez da egoten mugimendu askorik. Urte osoa egitea zaila da. Pilotari batzuk Mexikora joaten dira bi hilabetez, Miamira beste bi, eta azkenean denboraldia egiten dute. Jokatu nahi duzunaren arabera, kanpora irten behar duzu.
Diego Beaskoetxea. Zestalaria
«Pena pixka batekin itzuli naiz Miamitik»
Ameriketako Estatu Batuetan hamasei urtez ibili ondoren, Euskal Herrira itzuli da Beaskoetxea. Bi haur izateak eta egunero zestan jokatzearen nekeak sorterrira itzultzera bultzatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu