Peña II.a-Albisu 22-12 Laso-Aranguren

Peña II.ak eta Albisuk arnasa hartu dute

Nagusitasunez gailendu dira Lasoren eta Arangurenen kontra, eta lau garaipen dituzte jada. Galtzaileek bi puntu baino ez dituzte, eta asko zaildu zaie txapelketan segitzea.

(ID_13517793) (Marisol Ramírez/@FOKU) 2024-01-20, Durango. Binakako Txapelketako partida jokatu dute Laso-Arangurenek eta Peña-Al...
Peña II.a pilotari jotzen. Erremate ikusgarriak egin ditu Tolosako aurrelariak. MARISOL RAMIREZ / FOKU
ainara arratibel gascon
2024ko urtarrilaren 20a
21:20
Entzun

Aurrera doa Binakako Txapelketa, eta partida bakoitzak gero eta garrantzia handiagoa du. Azken bi postuei izkin egiteko lehiari begira, balio handiko puntua zegoen gaur jokoan Durangoko Ezkurdi pilotalekuan. Puntu hori Peña II.arentzat eta Albisurentzat izan da, 22-12 hartu baitituzte mendean Laso eta Aranguren. Gaurko garaipena kontuan hartuta, lau dituzte irabazleek, eta arnasa apur bat hartu dute sailkapenean. Laso eta Arangurenek, berriz, bi dituzte oraindik, eta azken postuan daude. Erabakigarria izan da Peña II.ak eta Albisuk partidako lehen zatian ateratako aldea. Ondo kudeatu dute, eta, beste batzuetan ez bezala, ez dute aparteko gorabeherarik izan neurketan. Serio jardun dute. Laso eta Aranguren, saiatu bai, baina kontrakarrean aritu dira. Tantoen aldea ere galdu dute, eta asko zaildu zaie txapelketan segitzea.

Tentsioa nabari zitzaien lau pilotariei. Baina hasieran jada bost tantoren aldea lortu dute Peña II.ak eta Albisuk: 6-1. Horrek patxada eman die. Neurketa osoan izan dira aurretik. Laso eta Aranguren lotuta aritu dira. Bizkarreta-Gerendiaingo aurrelaria sukarrarekin egon da aste honetan, eta txinparta falta antzeman zaio hasieran. Usurbilgo atzelaria gozatu ezinik aritu da, pilota atzeratu ezinik.

Tanto alde hori ikusita, partidako lehen atsedenaldia eskatu dute Lasok eta Arangurenek. Bueltan haiek egin dute tantoa: 6-2. Hortzak ondo estutu dituzte, aurkariek partida ez hausteko. Pare bat tanto segidan egin, eta helburutzat hartu dute Peña II.ak eta Albisuk zalantza egitea. Partida gogortuz eta patxada gehiagorekin jokatuz, lortu dute. Lehiako tarterik zailena izan da Peña II.a eta Albisurentzat, baina eutsi egin diote aldeari: 9-5. Peña II.ak egin du bikotearen bederatzigarren tantoa, gantxo bikain batekin. Tantaka, tanto politak utzi ditu.

Aurreko jardunaldian jokatu ezinik egon ostean, ikusi egin behar zen nola moldatzen zen Albisu eskuin eskuarekin. Baina ondo aritu da, eta, gainera, Peña II.a ere dezente sartu da jokoan hari pilota kentzeko. Ordu arteko abantaila handienarekin iritsi dira lehen atsedenaldi luzera: 12 eta 6. Dena den, segidan bi tanto egin eta gero, Laso eta Arangurenek aukera izan dute partidan sartzeko. Baina abagune horrek ere ihes egin die, huts pare batengatik. 15-8koarekin tanto bat errepikatu behar izan dute, Albisuk nahi gabe pilotarekin jo baitu Laso bizkarrean. Tanto hori azkenean garaileentzat izan da, eta, 16-8koarekin, neurketa hautsita zegoen. Laso eta Aranguren ahalegindu dira joera aldatzen, baina ezin izan dute irauli neurketa. Amaieran, gustura zegoen Albisu: «Partida erdian hutsen bat egin dugu, baina partida serioa jokatu dugu, eta gustura gaude garaipenarekin».

Artola eta Imaz garaile

Gaur jokatutako beste partidan, Artolak eta Imazek 22-18 hartu dituzte mendean Jaka eta Mariezkurrena II.a, Iruñeko Labrit pilotalekuan. Galtzaileak lehen postuan daude, baina ez dira ondo aritu, Jaka bereziki. Partida irabazita, Artolak eta Imazek bolada onari eutsi diote, eta, orain, garaipen bakarraren aldea dute bigarren postukoekin. 

Jardunaldiko azken neurketa bihar jokatu da, Eibarko Astelena frontoian (18:00, ETB 1). Azken bi postuei izkin egiteko partida garrantzitsua da. Ezkurdiak eta Tolosak jokatuko dute, Altuna III.aren eta Martijaren kontra. Ezkurdia eta Tolosa sailkatze postuetatik kanpo daude, azken-aurreko baitira, hiru garaipenekin. Baina Altuna III.ak eta Martijak ezin dute lo hartu, lau baitituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.