Peña II.a-Albisuk eta Peio Etxeberria-Martijak irabazi ezinda segitzen dute

Lehenengoek 22-17 galdu dute Altuna III.aren eta Arangurenen aurka; bigarrengoek, berriz, 22-18 Lasoren eta Iztuetaren aurka.

Peña II.a sake bat egiten gaurko partidan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Peña II.a sake bat egiten, gaurko partidan. ARITZ LOIOLA / FOKU
ainara arratibel gascon
2024ko abenduaren 26a
21:28
Entzun

Binakako Txapelketako lehen itzulia amaitzeko bi jardunaldi falta dira, eta bi dira oraindik punturik batzea lortu ez duten bikoteak: Peña II.a-Albisu eta Peio Etxeberria-Martija. Ustez bikote sendoak ziren biak ala biak. Baina gozakaitz ari dira txapelketan, eta gaurkoan ere ezin izan dute egoera iraultzen hasi. Peña II.a-Albisuk 22-17 galdu dute Altuna III.aren eta Arangurenen kontra; Peio Etxeberriak eta Martijak, berriz, 22-18 Lasoren eta Iztuetaren aurka. Larunbatean bietako batek lehen puntua lortuko du, elkarren aurka arituko baitira.

Altuna III.arentzat eta Arangurenentzat kolpea izan zen igandean Artolaren eta Mariezkurrena II.aren kontra galtzea. Eskura zuten partida, baina 18-2ko partzial batek punturik gabe utzi zituen. Bada, gaur gauzak bestelakoak izan dira Tolosako Beotibarren. Izan ere 22-17 hartu dituzte mendean Peña II.a eta Albisu. Hala, bigarren garaipena lortu dute txapelketan, eta arnasa apur bat hartu dute sailkapenean. Peña II.ak eta Albisuk, berriz, jokatu dituzten bost partidak galdu dituzte, eta egoera zailean geratu dira.

8-6 atzetik egon arren, Altuna III.a eta Aranguren bi tantoren aldearekin iritsi dira lehen atsedenaldi luzera: 12-10. Eta partidaren bigarren zatian alde hori handituz joan dira. 18-14koarekin ondo bideratua zuten neurketa, eta azkenerako lana biribildu ahal izan dute.

Barañainen, Laso eta Iztueta 6-1 aurreratu diren arren, partida orekatuz joan da, eta, 8nako berdinketaren ostean, Peio Etxeberria eta Martija 12-10 aurreratu dira. Lehen puntua lortzeko eguna izan zitekeela zirudien. Baina Lasok eta Iztuetak ondo erantzun dute, eta lau tanto egin dituzte erreskadan: 14-12. Inork ez zuen lortzen partidaren aginte makila: irekita zegoen. Baina Lasok eta Iztuetak bikote sendoagoa osatzen dutela erakutsi dute azken txanpan, eta azkenerako alde erabakigarria lortu dute.

Lau garaipenekin, Lasok eta Iztuetak puntu batera dute lehen postua, eta Elordirekin eta Zabaletarekin berdinduta daude. Peio Etxeberriak eta Martijak, berriz, behar handia dutela jokatuko dituzte lehen itzuliko azken bi partidak. Izan ere, punturik batzen ez badute, bigarren itzuli biribila egin beharko dute txapelketan jarraitzeko.

Bihar hasiko da seigarren jardunaldia. Lodosan (Nafarroa) izango da, eta bertan Ezkurdiak eta Rezustak Jakaren eta Imazen aurka neurtuko dituzte indarrak. Ezkurdiak eta Rezustak atzo jokatu zuten txapelketako partida, eta denbora gutxi izango dute atseden hartzeko. Baina hauspotuta jokatuko dute. Izan ere, orain arteko partida guztiak irabazi dituzte, eta sendo daude lehen postuan. Jaka eta Imaz, berriz, hirugarren puntua batzen ahaleginduko dira, atzetik datozenak gerturatu ez daitezen. Larunbatean beste bi neurketa jokatuko dira. Bilboko Bizkaia frontoian, Artolak eta Mariezkurrena II.ak Elordiren eta Zabalaren aurka neurtuko dituzte indarrak. Iruñeko Labriten, berriz, txapelketako azken bi sailkatuak arituko dira nor baino nor gehiago, Peña II.a eta Albisu Peio Etxeberriaren eta Martijaren kontra (18:00, ETB1). Igandean jokatuko da jardunaldiko azken norgehiagoka, Gasteizko Ogetan. Altuna III.ak eta Arangurenek Lasoren eta Iztuetaren aurka jokatuko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.