Ez da ezustekorik izan, baina ustekabeko partida jokatu dute Peñak eta Albisuk eta Zabalak eta Eskuzak Eibarko Astelenan (Gipuzkoa). Lehenak ziren faboritoak gaur irabazi eta Binakako Txapelketako finalerdiak jokatzeko, baina Aspeko pilotariek estu hartu dituzte, eta gogotik egin behar izan dute lan 22. tantora iristeko. Elordi eta Zabaleta ordezkatuz jokatu dute Zabalak eta Eskuzak, eta nekez izan zitekeen ordezko hoberik. Zabalak eta Eskuzak ez dute ezer oparitu, eta partida oso ona jokatu dute. Azkenean, baina, Peña eta Albisuk irabazi dute, 22-18, eta finalerdietan izango dira Ezkurdia-Rezusta, Laso-Iztueta eta Artola-Mariezkurrena bikoteekin batera. Aspaldiko partez, Baikokoak izango dira lautik hiru bikote.
Ordezkoek hasiera-hasieratik aurre egin diete faboritoei. Eskuzak erakutsi du boleaz bikain defenditzen duela, ez duela beldurrik aurrera joateko, eta Zabala, berriz, lotsagabe aritu da aurreko koadroetan, indartsu eta presiorik gabe. Peña eta Albisu 5-4 aurreratu dira lehen aldiz, baina inork uste bazuen aurkariek amore emango zutela, oker zegoen. Partida osoan eutsi diote erritmoari; are eta gehiago, minutuak aurrera joan ahala, hobeto jokatu dute. Sinistu egin dute partida irabaz zezaketela, eta Peñak eta Albisuk gorriak ikusi dituzte 22 tantoak egiteko.
Markagailuan zortzina berdindu dute. Eskuzak hartu behar izan du gorrien pilotakaden zama, eta, atzean tanto batzuk galdu baditu ere, gustura egoteko moduan da. Zabalak bere dohainak erakutsi ditu, eta nor baino nor gehiago aritu da Peñaren aurka, aurrean. Fin aritu da, bai gantxoak egitean baita alde batera botatzeko keinua egin eta pilota beste aldean uztean. Esan daiteke Zabala eta Eskuza partez garaile izan direla partidaren lehen herenean, eta aurkariei zalantzak eragin dizkietela.
Partidaren ostean Albisuk aitortu du bazekitela gogor lan egin beharko zutela. Eta hala izan da. Bigarren zatian 18-13 aurreratu dira, eta bazirudien bideratuta zeukatela partida, baina ez da hala izan. Albisuk huts pare bat egin du atzean, eta Zabalak arriskatu eta asmatu egin du aurrean. Eskuzak primeran jarraitu du aireko defentsarekin, eta 19-17ra jarri dira Elordi eta Zabaletaren ordezkoak. Partidak aurrera egin ahala, presioa handiagoa zen faboritoentzat, baina horiek ere ez dute amore eman, eta, pixkanaka izanda ere, tantoak batuz joan dira.
Urdinek lortu dute berriro partidan sartzea, eta gorriek azken tantora bitarte egin behar izan dute borroka. 21-18koarekin, Eskuzari txapapera joan zaio pilota, eta Peñaren eta Albisuren besarkadak argi adierazi du partidan zenbateko lana izan duten eta zenbat sufritu duten.