Sortu zenetik, Bizkaia-Durango taldea emakumezkoen txirrindularitzaren oinarria izan da, bai Euskal Herrian, baita nazioartean ere. Bizkaiko taldeak txirrindulari ospetsu ugari bildu ditu; horien artean, euskal txirrindularirik handiena: Joane Somarriba (Sopela, Bizkaia, 1972). Bere azken taldea izan zen, eta lau urte eman zituen han. 2003an, Frantziako Tourra eta Munduko Erlojupeko Txapelketa irabazi zituen, besteak beste. Orain nostalgiaz gogoratzen ditu gara haiek, eta penaz, oroitzapen ederrak bildu zituen taldea desagertu egingo baita.
Ikusi gehiago
Zer izan zen zuretzat Bizkaia-Durangoren sorrera?
Etxera itzultzeko beharra sumatzen nuen, eta aukera ezin hobea izan zen Bizkaia-Durango. Banekien talde polita aterako zela. Alde emozionaletik garrantzitsua zen niretzat etxera itzultzea, kanpoan eman nituen urteak gogorrak izan baitziren. Talde garrantzitsuetan egon nintzen, munduko txirrindularirik onenekin, baina neure buruan etxera itzultzeko ideia nuen.
Nola gogoratzen dituzu urte horiek?
Lan galanta egin zen taldea ateratzeko, baina eskaerak oso desberdinak ziren, gaur egungoekin alderatuta. Babesleak ere behar ziren, eta zortea izan genuen Bizkaiak, Durangok eta Panda Softwarek lagundu zigutelako. Hiru denboraldi bikain izan ziren.
2003an jo zenuen goia taldearekin. Presente dituzu oraindik Frantziako Tourreko bizipenak?
Oso presente dauzkat oroimen horiek. Korsikan hasi zen, sekulako beroarekin. Oso gogorra izan zen, baina bikain prestatu genuen, denbora luzez. Giroan ere aritu nintzen, baina egun txar bat izan nuen, eta ez nuen garaipena lortu. Orokorrean, oso urte ona izan zen. Prestaketa fisiko eta mental bikaina egin genuen, eta Tourrean ikusi ziren emaitzak. Erraza dirudi orain gogoratuta, baina presio handia sentitu nuen momentu hartan, eta garaipena lortzea oso gogorra izan zen. Goi mailan urte luzez aritzea ez da batere erraza.
Segituan lortu zenituzten arrakastak, eta, gerora, taldeak indartsu iraun du, ezta?
Oso polita izan zen. Harreman handia egin genuen taldekide guztien artean, eta giroa bikaina izan zen. Esperientzia moduan oso polita izan zen. Taldea utzi nuenetik txirrindulari mordoa atera da, eta pena ematen dit istorio hau arrazoi ekonomikoengatik amaitzeak. Alde ona dauka, noski, baldintza berdintasuna bilatzen delako. Baina hutsune handia geratuko da 21 urtez talde erreferente bat izan ondoren. Pena da babesle garrantzitsuak agertu ez izana.
«Txirrindulari asko talde gabe geratuko dira. Gaztea izanda, etorkizuna hain ilun ikusteak pena handia ematen du»
Bizkaia-Durangoz gain, Sopela eta beste hainbat talde ere desagertuko dira. Zer uste duzu gertatuko dela txirrindulari gazteekin?
Pena handia ematen dit. Txirrindulari asko talde gabe geratuko dira. Gaztea izanda, etorkizuna hain ilun ikusteak pena handia ematen du. Hutsune handia geratuko da, eta ziur nago talde guztiak ezin direla desagertu. Beharrezkoak dira talde horiek guztiak, eta emakumezkoen txirrindularitza hazten joateko ezinbestekoak dira. Berriz diot: kontinental mailako txirrindulariak baldintza ekonomiko onak izan behar ditu, baina ez dakit orain nola geratuko den emakumezkoen txirrindularitza.
Talde hauek profesionaletarako zubi moduan erabiltzen ziren askotan. Orain hutsune handia geratuko da?
Txirrindularitza asko hobetu da orokorrean. Erreferenteak daude, ikusgaitasun handiagoa dago, eta norabide horretan jarraitu behar dugu. Orain, junior mailatik aurrera hutsune handia dago, eta jauzi handia egin behar dute txirrindulariek. Oso gazteak dira, eta formakuntza behar dute. Espero dut taldeak agertzea, eta, batzuk 2024an errepidetik kanpo izango badira ere, aurrerago itzultzea.
Begirada atzera botata, posible ikusten duzu neurri hauekin Bizkaia-Durango bezalako proiektu bat agertzea datozen urteetan?
Laboral Kutxa daukagu aukera bakar bezala orain. Apustu sendoa da, eta bilakaera ona izaten ari da. Talde polita atera da aurten, eta proiektu oso serioa da; erreferentea Euskal Herrian. Ilusioa egingo lidake horrelako talde gehiago ikusteak Euskal Herrian, eta, kontinental mailan ez bada ere, proiektu onak agertzeak beheko mailetan. Baina gauzak asko aldatu dira gure garaietatik, eta Bizkaia-Durango bezalako talde bat ez da berriro agertuko horrelako exijentziekin.