Tourrean gehien parte hartu duten euskal txirrindularietako bat da Imanol Erbiti (Hiriberri, Nafarroa, 1983). Hamahiru aldiz aritu da, jarraian, 2010etik 2022ra bitarte. Aurten, ordea, etxean geratu behar izan du, arazo fisikoak direla eta. Aitortu du «arraroa» dela lasterketa telebistaz ikustea, baina «gozatzen» ari da faboritoen borrokarekin eta taldekideak ihesean ikusiz. Txirrindulariek atseden eguna izan zuten atzo, eta etapa gorabeheratsua jokatuko dute gaur, Vulcania eta Issoire artean: bigarren mailako mendate bat eta hirugarren mailako lau igoko dituzte. Igandean irabaztear izan ondoren, distira egiteko beste aukera on bat izango dute Erbitiren taldekideak.
Gertu izan zuen garaipena Jorgensonek Puy de Domen, baina ezinean gelditu zen azken kilometroan. Pena handia hartuko zenuten taldean.
Lastima izan zen. Nik irabazletzat jotzen nuen jada! Oso arriskutsua zen horren urrundik eraso egitea [47 kilometroren faltan abiatu zen], baina egin beharreko apustua zen, eta aurkariak mugara eraman zituen. Sekulako etapa egin zuen. Taldearentzat gauza handia izango zen lehen garaipena zakuratzea; behin irabazita, bestelako patxadaz eta konfiantzaz aritzen zara. Ez zen posible izan, ordea.
Enric Mas erori egin zen lehen etapan, eta ezin izan zuen jarraitu. Nola eragin dio taldeari liderra galdu izanak?
Halako galera batek, halabeharrez, baldintzatu egiten du taldearen jarduna. Taldeak lider baten inguruan egituratzen dira, eta egoera asko aldatzen da hasi eta berehala taldeburua etxera badoa. Hasieran, iparra galduta bezala gelditzen dira txirrindulariak. Helburuak azkar aldatu behar dira, eta polita ere bada, denentzat sortzen baitira aukerak ihesaldietan saiatzeko. Uste dut taldea ondo ari dela erantzuten, eta horren erakusgarri da igandeko etapa.
Pogacar eta Vingegaarden arteko borroka estuaren ondorioz, ihesaldi gehiagok izan dezakete arrakasta datozen etapetan?
Hala uste dut nik. Tourra haien artean ari dira jokatzen. Aldeak oso handiak dira, eta, haien artean zaintza handia izango denez, ohi baino ihesaldi gehiago irits daitezke helmugaraino. Egun horietan aurrean egon behar dugu, eta distira egin.
Ibilbide aldetik ere, etapa aproposak datoz ihesaldientzat. Zein taldekideri ikusten diozu irabazteko aukera handiena?
Igandean ikusi zenez, Matteo [Jorgenson] indartsu eta motibatuta dago, eta izango du beste aukeraren bat. Alexekin [Aranburu] ere, kontuz: ondo moldatzen da ibilbide gorabeheratsuetan, eta errematatzaile ona da. [Ruben] Guerreirok berak ere lan txukuna egin dezake. Bizi ibili beharra dago ihesaldietan, eta eskarmentua erabili. Inspirazioa ere beharrezkoa da. Ni baikor nago. Liderrik ez dutenez, indarrak gordetzeko aukera izan dute taldekideek, eta horrek ihesaldietan distira egiten lagun diezaieke.
Azken hamahiru Tourretan tropelean izan zara, baina zortzikotetik kanpo geratu zara aurten. Arraroa izango da lasterketa telebistaz ikustea, ezta?
Bai, eta pena ematen dit Euskal Herriko irteera galdu izanak, oso noizean behin gertatzen den zerbait baita. Baina, tira, normal hartu dut egoera, eta oso gustura ari naiz ikusten lasterketa. Oso interesgarri dago. Urte hauetan guztietan, ezin izan dut zuzenean ikusi onenen arteko borroka, eta gozatzen ari naiz. Pogacar eta Vingegaard ikaragarri paretsu ikusten ditut, bai igoeretan, bai erlojuaren aurka. Uste dut oso lehia estua izango dutela bukaerara arte.
Min hartuta egon zinen martxotik maiatzera. Etenaldi luzeegia izan da Tourra behar bezala prestatzeko?
Itzuli handiei errespetu handia izan behar zaie. Berdin dio zenbat aldiz parte hartu duzun. Ez bazara ondo iristen, oso lasterketa krudelak izan daitezke. Eta ni, egia esanda, ez nengoen guztiz prest Tourrerako.
Zer moduzkoak iruditu zaizkizu Euskal Herriko etapak?
Oso ikuskizun polita izan da. Irudi ikusgarriak zabaldu dira mundu zabalean. Eta txirrindularientzat ere, esan didatenez, sekulako esperientzia izan da. Etapa bizi eta bortitzak izan dira, eta zer esan errepide bazterreko giroaz... Luzaro oroituko den irteera bat izan du Tourrak.
1985az geroztik aurrenekoz, ez dabil txirrindulari nafarrik Tourrean. Zer arrazoi dago horren atzean?
Aro kontua da. Denboraldi bakoitza eta Tour bakoitza ezberdina da, eta, gainera, egoerak oso aldakorrak dira kirolean. Ea datorren urtetik aurrera nafarrek gure tokia berreskuratzen dugun. Taldea bera ere aldaketa garai batean ikusten dut.
Ia bi hamarkada daramatzazu profesional gisa, eta 40 urte beteko dituzu aurten. Erretiroa ate joka daukazu?
Geroz eta gertuago dago, bai. Baina oso lasai nago alde horretatik. Ume baten ilusioz egin dut bidea txirrindularitzan, eta, orain, patxadaz hartu nahi ditut erabakiak. Agur esateko momentua laster badator, ez dut inolako arazorik izango, oso ibilbide luzea osatu dut eta. Eta apur batez jarraitzeko aukera badut ere, pozik izango naiz. Orain, sasoiaren bigarren zatira maila onean iristea da helburua. Ez dakit Vueltara joango naizen, baina prest egon nahi dut gutxienez. Gero, gauza guztiak balantzan jartzeko momentua iritsiko da.
Ezaugarri aldetik, zure ondorengoa izan daiteke Oier Lazkano?
Duen gaitasunarekin, edozer gauza egin dezake klasikoetan eta itzulietan, baina bere bide propioa jorratu behar du. Nik ere hala egin nuen bere garaian. Bakoitzak nortasun eta ezaugarri jakin batzuk dauzka, eta Oierrek ez du inoren ordezkoa izan behar. Oso etorkizun oparoa du, bistakoa den bezala.
Frantziako Tourra. Imanol Erbiti. Movistarreko txirrindularia
«Pena ematen dit Euskal Herriko irteera galdu izanak»
Aspaldiko partez Tourretik kanpo gelditu da Erbiti; noiz, eta lasterketa Euskal Herrian hasi den urtean. Arantza gelditu zaio, eta orain, urrunetik bada ere, bultza egiten ari zaie taldekideei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu