Bidezidor gutxi dago futbolean. Zaila da elitera iristea, eta are zailagoa bertan egonkortzea. Itzulingurua egin behar izaten da maiz, eta horretan dihardu orain Alex Petxarromanek (Donostia, 1997). Andorran ari da jokatzen, Athleticen tokirik gabe gelditu ondotik. Aurrez, ezin izan zuen Realaren harrobitik lehen taldera jauzi egin. «Futbola oso zaila da». Dena den, ez du galdu noizbait Bilbora itzultzeko itxaropena. «Atea ez dut guztiz itxita ikusten».
Zer moduz bizi zara Andorran?
Lasai. Goizetan entrenamenduak edukitzen ditugu, eta arratsaldean, txakurrarekin paseoan ateratzea gustatzen zait. Mendi eta baso asko dugu inguruan, eta batez ere txakurrak eskertzen du. Andorrak zera du txarra, bakartu samar dagoela.
Nolakoa da Andorra talde bezala?
Iaz iritsi zen mundu profesionalera, eta geroz eta indar handiagoa ari da hartzen. Instalazio onak dauzka, eta ez zaigu ezer falta. Jokalariok ondo zainduta gaude. Kluba asko hazi da inbertsore berriak iritsi zirenetik, eta aurreko sasoia zazpigarren postuan bukatu genuen. Gauzak zailago jarri zaizkigu orain, baina lasai egon behar dugu, talde gaztea garelako.
Gerard Pique da jabea, eta Eder Sarabia entrenatzailea. Alde horretatik, burrunba mediatiko handia nabaritzen duzue?
Jokalarioi apenas iristen zaigun halakorik. Egia da Pique datorrenean zarata gehiago entzuten dela. Urduritasuna nabaritzen da. Hala ere, nahi baino gutxiagotan agertzen da hemendik. Asteburuetan lanpetuta ibiltzen da Kings League delako horrekin. Puyol ere pixkanaka egituran sartzen ari da, eta biak jokalariekin hitz egiten eta aholkuak ematen saiatzen dira. Maisu onak dira.
Eta nolako entrenatzailea da Eder Sarabia?
Oso gustura nago. Bere gauzak ditu, entrenatzaile guztiek bezala, baina ni oso eskertua natzaio. Izan ere, konfiantza handia eman zidan Andorrara iritsi nintzenetik. Lesio asko izan nuen aurreko denboraldian, eta, hala ere, hemen gera nedin nahi izan du hasieratik. Taktikoki asko eskatzen duen entrenatzaile bat da. Baloi jabetzari garrantzi handia ematen dio, baina haren estiloa ez zait arrotza; Realean ere, txikitatik izan genuen baloia gure egiteko ohitura.
Bigarren sasoia duzu han, eta finko bihurtu zara hamaikakoan. Pozik zaude?
Bai. Iaz ezinezkoa izan zen nire bertsiorik onena ematea, lesioen erruz. Sasoi gogorra izan zen niretzat. Orain, ordea, asko ari naiz jokatzen, eta poz handia ematen dit horrek. Orain jada Andorraren jokalaria naiz, iragan denboraldian Athletic utzita aritu ostean. Alde horretatik, pena dut: Athleticen bidea egin nahiko nuen. Talde berezia da niretzat: bertan egin nuen debuta Lehen Mailan, eta jendea oso gertukoa da. Hala ere, nork daki hemendik urte batzuetara zer gertatuko den. Atea ez dut guztiz itxita ikusten.
Zer falta izan zaizu Realean eta Athleticen tokia egiteko?
Galdera ona da. Ez dakit esaten. Realean, belauna txikitu nuen lehen taldera jauzi egiteko aukera izan nezakeenean. Uste dut maila baneukala, baina gauzak ez ziren behar bezala atera. Athleticen, berriz, behetik gora egin nuen lehen denboraldian, eta Marcelinoren konfiantza irabazi. Baina gero Marcelinok alde egin behar izan zuen, eta nik lesio dezente pilatu nuen. Futbola oso zaila da. Dena den, gauzak zerbaitegatik gertatzen dira, eta Andorran asko ari naiz hobetzen.
Realaren harrobian Oiartzabal, Zubeldia eta Aihen izan zenituen taldekide, besteren artean. Gaur egun nola dabiltzan ikustean, zer sentitzen duzu?
Asko pozten naiz. Betidanik harreman ona izan dut beraiekin, eta oso pozgarria da onenen artean bikain dabiltzala ikustea. Halere, amorru pixka bat ere ematen dit ni maila horretara iritsi ez izanak. Baina zer egingo zaio. Batzuei aukera apur bat errazago eman zaie, eta beste batzuoi gehiago kosta zaigu. Baina pozik nago haiengatik. Asko jarraitzen ditut. Harrituta nago talde guztia bikain ari delako.
Xabi Alonso izan zenuen teknikari Realaren bigarren taldean, eta hura ere aparretan dabil, Bayer Leverkusenen.
Entrenatzaile aparta da, eta hari zor diot profesional bihurtu izana. Kapitaina izan nintzen, eta gauza pila ikasi nuen hari esker. Lehiatzeko modu berezia du. Asko miresten dut. Merezia du lortzen ari den guztia. Oso goiz banandu behar izan genuen, eta lastima da.
Zer aipatuko zenuke Athleticen gorakadaren inguruan?
Azken urteetan zortea falta izan zaie ate aurrean, baina oso eraginkor dabiltza orain. Bereziki Iñaki Williamsen bolada onak pozten nau, beti jopuntuan egon baita. Talde oso indartsua da Athletic, eta jarrai dezala horrela. Noizbehinka Guruzeta eta Dani Garciarekin hitz egiten dut; gustura daudela esaten didate.
Andorra, ordea, jaitsiera saihesteko borrokan sartuta dago. Arnasa hartuko zenukete bihar Ipuruan irabazita.
Jokalari berri asko dugu, eta zaila da teknikari honen kontzeptuetara egokitzea. Denbora behar dugu. Pixkanaka hobera ari gara egiten, eta, ondo bidean, ez dugu arazo handirik izango mailari eusteko. Handia litzateke gaur irabaztea, baina partida gogorra izango da, seguru. Goian egoteko lehia oso berdinduta dago, eta irabazteko premia du Eibarrek. Gauzak zail jarriko dizkigu Ipuruan.
bost euskal taldek jokatuko dute gaur
Egun bete-betea izango da gaurkoa, bost euskal taldek jokatuko baitute. Emakumezkoen Espainiako Lehen Mailan, Realak azken garaipenari segida eman nahi dio, Sporting Huelvaren zelaian irabazita (14:00, Dazn). Eibarrek, berriz, ezinezkoa egin nahi du: Bartzelona ahaltsuaren zelaian punturen bat lortu (16:30, Dazn).
Gizonezkoetan, Lehen Mailan, Alavesek beste pauso bat eman nahi du mailari eusteko bidean, Mendizorrotzan Las Palmasi nagusituta (14:00, Dazn). Realak, berriz, goian eutsi nahi dio, Vila-realen zelaian punturen bat lortuta (18:30, Dazn). Oiartzabal ez da ariko, aita izan baitzen atzo. Bigarren Mailan, berriz, Amorebietak neurketa zaila du: Valladolidi egingo dio bisita, hirugarren sailkatuari (16:15, Movistar La Liga).